Darío Xohán Cabana (eus)

Iruditeria literatura galeoko klasikoetan

Nabaria den zerbait baieztatuz abiatuko dut hitzaldia: literaturak ez dira berdin-berdinak. Jakina, literatura –poesia- fenomeno unibertsala da, eta modu batera edo bestera, garapen maila batean edo bestean, herri guztiek eta hizkuntza guztiek poesia ezagutzen dutela badirudi, gutxienean hiru forma aristotelikoetariko batean: poesia lirikoa eta poesia epikoa, edo narrazio fantastikoa. Baina, jakina, literatura bakoitzaren moduak, berau sortzen dueneko herriaren garapen mailaren araberakoak dira. Lehenik, bi estadio erabat ezberdin bereiz daitezke – nahiz eta batera existitu daitezkeen, eta izan ere, batera existitzen diren beti neurri ezberdinean-, fenomeno literarioaren bi funtsezko estadioak: ahozkoa edo agrafoa, eta literatura idatzia. Eta bi estadio handi horien barruan ere ezberdintasunak infiniturantz bereiz daitezke, eta beharbada dibertigarria litzateke orain horien inguruan gogoetatzea, baina ez da horrela izango. Premisa modura ezartzea interesatzen zaidana, horixe da beraz, literaturak ezberdinak direla, ez bada esentzialean, bai ustekabekoan, eta alderdi ustekabeko hau, kasu nazional bakoitzari berezko zaiona, horixe da guri gehien axola zaiguna, estaturik gabeko idazleoi, maila pertsonalean eragiten digun denbora-horizontean, alarma-maila batean edo bestean, baina arriskuan diren hizkuntzen idazleak garelako. Izan ere, ez da italieraren kasu bera, teorikoki 300 edo 500 urte barru desager litekeena, galegoaren mehatxua larria da, irtenbiderik jartzen ez bazaio –eta jarri egingo diogu- Irlandako gaelikoaren antzeko egoeran egon daiteke hemendik 50 urtetara, geure seme-alaben bizitzan, edo zuetariko askoren bizitzan.

Duela zenbait urte geure artean, galegoen artean, egon zen mania xelebre bat: geure literatura “normalizatzearena”. “Normalizatzea” deitzen zitzaion, gutxi gorabehera, nobela beltza egoteari; hau da, zoriontsu izateko hemen ere idazle anglosaxoiek egiten dituzten gauza bertsuak egin behar zirela ulertu egin zen, edo gutxien-gutxienean espainolek egiten zituzten modukoak. Kontua zertxobait puzten ari naiz, baina ez gehiegi. Ni neu behintzat, horrelako homologazio-programa baten egokitasuna ukatu egiten dut, eta aurrera ateratzeko aukeraren ezintasuna ere adierazten dut, neurri batean behintzat. Literatura bakoitza sortu egiten da eta garatu egiten da egoera historiko, politiko, ekonomiko jakin eta zehatzetan, eta literatura errealitate autonomoa izanda ere, betiere egoera hauekin guztiekin harreman dialektikoan egon badago. Literatura bada autonomoa, jakina; ondo dakigu hori galegoek, literatura bat sortu baikenuen –sortu baitzuten geure arbasoek-, pertsona on, demokratiko, ilustratu eta azkarrez osaturiko talde txikitxo baten borondate ekintza huts eta bikainari esker sortu ere; geure dialektoa kondenatzen zuen historiaren haize beltzari aurre egin zion borondate horrek, haize beltz horrek kondenatu egin zuen geure dialektoa, kasik langile-klase zapalduetara murrizturik egoteraino, ia-ia ustelkeriara eta loriarik gabe desagertzera behartzeraino.

Rosalíak, Pondalek eta Currosek sorturiko literaturak literatura espainolaren, edo literatura frantsesaren, edo ondoan dugun eta ia hizkuntza berean dagoen literatura portugesaren modukoa izateko asmorik izan al daiteke? Geure literatura nazio-tresna bezala sortu zen, eta baita nazio-fabrika modura ere. Jakin badakit horixe esatea zertxobait sinplifikatzea dela; ondotxo dakigu literatura galegoa egun badela horixe baino zer edo zer gehiago, eta ondotxo dakigu Rosalía eta Pondalen aurretik ere egon zela beste ezer; baina zertxobait sinplifikatuz ezarri ohi dira egia garbi esentzialenak.

Bai, kontuan hartu behar da aurre-historia; ezin da ahanzturara eraman Francisco Añónek galegoz idatziriko obra zoragarria, obra laburra abileziaz betea; ezin da ahanzturara eraman Pintos Villarren obra itzela, A gaita galega liburu aitzindariaz gain, gure hizkuntzan idatziriko mila bertsotik gura utzi zituena, María do Carme Ríos Panisse-ek taxuz bildu eta editatu berri dituenak; ezin da ahanzturara eraman Antonio Fernández Morales jeneral progresistaren kasua, galego bercianoan sei mila bertso argitaratu baitzituen Rosalíaren Cantares galegos baino bi urte lehenago.

Baina hain justu Cantares galegos lanean abiatzen da sinbolikoki literatura galegoa, eta kasu honetan sinbolismoa oso erreala da, liburu handia delako, liburu aparta delako. Aurrekoak berriz, ez, ez dira. Ez Pintos Villar, ez Fernández Morales, ez ziren jenio literarioak; nahikoa txukun idazten zuten, abileziaz errimatzen zuten. Francisco Añónek gaitasun handiagoa zuen, baina ez zen hain goren heldu; eta ez zen jenioa ere Nicomedes Pastor Díaz, sentimentalismo hiperbolikoa gazteleraz landu aurretik eta Madrileko ministro-karrera abiatu aurretik bere jaioterriko galegoan bi poema luze idatzi zituena, 400 bat bertso estimagarriak oso erromantizismo klasizistago baten bidetik.

Baina Rosalía poeta jeniala da. Zorte onekoak izan gara, bazterrean utzi den Europako txoko pobre honetan, geure literatura modernoaren hastapenetan bi poeta jenial izan ditugulako, Rosalía eta Pondal, garai hartan Iberiar Penintsulan egon zen gauzarik modernoena izan ziren, Portugal barne. Mundu-mailako bi poeta handi, hauei lotu zitzaien hurrengo belaunaldiko promozioan –baina aldi literario berean- Manuel Curros Enríquez handia, hain berritzaile izan ez bazen ere, bere garaian Europako hiri-poesiaren gailurretariko bat izan zen, esaterako, Eugéne Pottier-ren mailan zegoena; ezin liteke, beraz, Curros baldarragoekin alderatu, –aipa dezadan adibide gisa- Núñez de Arce baten mailan jartzea, esaterako, zenbaitek egin nahi izan duten bezalaxe. Jenio handiagoa dago Currosen poema bakar batean –Nouturnion esaterako- kontrairaultza erdi-liberal on pentsalariaren poeta ofizialaren hotsandiko prosopopeia hartan baino.

Rosalía de Castroren Cantares Galegos liburu jeniala da. Poesia kostunbrista da, diotenez. Rosalía bera erraturik zegoen bere kantekin, eta uste zuen, edo hala zioen, Antonio de Trueba edo Ruiz Aguilerarenen antzekoak zirela. Ez ziren. Rosalíaren Cantares-ak epopeia nazional popularra dira, eta epopeia femeninoa. Ez da epopeia femeninoa Mistralen Mirèio izan daitekeen modura, zeinetan gizonezko batek –poeta handia gainera- maitasun istorio eder, asmatu eta tragikoa kontatzen du bere –eta gure- Proventza maitea aurkezteko aitzakia bezala. “Cante uno chato de Prouvènço/ dins lis amour de sa jouvènço,/ à travès de la Crau, vers la mar, dins li blad…”. Ederra da. Baina ez, Rosalíarena areago doa, Rosalíarena epopeia bat da –hitza botako dut gidoi eta guzti- epopeia nazional-popularra da, lehen pertsonan emakume erreal eta formaniztunak hitz egiten du, baina beti pobre, langile eta herrixkakoa, eta beti ere izpirituz libre, “neskatxa gaita-jolea” hori, mundua kantatzen duena eta bereganantz zuzentzen duena, eta halaber, Rosalíaren irudi magikoa dena, pobrea, kapare eta herrixkakoa, baina aldi berean, kultura maila altuko emakumea poeta frantses handiak bere hizkuntzan irakurtzen dituena eta hikatu daitekeena altura handiagoko bere garaikideekin. Follas novas-en prestigio mingarriak Cantares Gallegos-ena apaltzea ekarri du ia, batez ere hauen kontra egin zutenetik iragan mendeko zenbait kritikok. Ez dakit nik bi liburu horietatik zein den hobea; ziur asko, auzia bera nahikoa tontoa da, hiru liburu handi poetikoen Rosalían ezin baita hautatzen ibili: horietariko bakoitzak eta guztien osotasunak osatzen dute poesia unibertsalaren gailurrik sendoenetariko hau. Halaber, honako hau diotsuet zintzoki: galdetuko bazenidate, hiru hauetariko zein eramango nukeen uharte bakarti klasikora, nik neuk, nahiz eta beste bien galerak min eman, baina munduko hitz ederrenen konpainian joatearen pozak hartuta, Cantares galegos eramango nuke, liburu polimorfoa, jeniala, totalitarioa, non Galizia Rosalíaren beste liburuetan baino edo beste edozein liburuetan baino ederrago eta kementsuago eta herrikoiago dagoen.

Hortxe dago, Cantares galegosen, duela ia mende eta erdi herri galegoa blaitzen duen iruditeriaren zati handi bat. Izan ere, herri galegoak – hau da, guk geuk- hortxe ikusten dugu geure burua, poesia argi eta sakon-sakon horretan gugan den onena eta nobleena eta egiazkoena topatu izana begitantzen zaigu. Gizon eta emakumeak garela: zoriontsuak, hainbat eta hainbat dohakaitz izanik ere, geurea bezalako fundatzailea duen nazioa izateagatik, jada bidea egin dela adierazten duelako.

Eta fundatzailea diot, izan ere, nazio-kontzientzia, nazio bat osatzen duen herri bat izatearen eta osatzearen kontzientzia, gure artean batik bat geure buruaz irudi bat ematen digun literaturatik sortu zelako, ordura arte bakar-bakarrik modu lainotsu batean genuena, modu zehaztugabean, modu antzuan, modu ez eraginkorrean. Ispilu lausotu batean geure burua begiratu izan bagenu bezala…

Galizia nazio modura Murguíaren pentsamendu joritik sortu zen – Rosalíaren ohe-laguna, ez dezagun ahantz; Rosalíaren gogaidea, ohe- eta alderdi-laguna. Murguíaren pentsamenduak zerikusi handia du Rosalíaren eta Pondalen poesiarekin – jada independente direnak; Murguía poeta bezala ez zuen balio handiegirik edo batere ez; baina oso ondo pentsatzen zuen, eta bere pentsamenduak definitu zuen zeregina, argialdia inspiratu zuena.

Cantares Galegos-ak, eta geroxeago Follas novas-en dagoen minaren eta tragediaren zamak, geure salda nazionala egosten duen pertz magikoa eusten duen euskarri handiaren oinarrietariko bat osatzen dute, edo beharbada oinarri nagusiena. Izan badira, esango nuke, orainaldiko oinarri ere, beraz, ez dut esango. Baieztatuko dut, hori bai, Rosalía de Castroren poesian sutan dagoena eta erretzen gaituena fede demokratiko erradikala dela, eta esango dut “neskatxa gaita-jolea” forma anitzetan etengabe agertzea, eta herri-langilea osatzen duten pertsonaia ezberdinak igarotzea bertsorik ederrenetan, hoskideen diren bertsoetan, bertsorik jakintsuenetan eta munduan eratu diren bertsorik onenetan, bat-batean nazioa ageriko, zirraragarri, halabeharrezko, justu bilakatzea eragin dutela.

Eta euskarri handiaren beste oinarrietariko bat Queixumes dos pinos-eko Pondal dugu, eta geure ereserki nazional ederra egin zuen Pondal, duela ez asko Madrileko eskuin muturreko ilun eta ergel zenbait zalaparta sortu dute horren inguruan. Baina Pondalek nazio-iruditeriaren eraikuntzan eginiko lana ereserki galegoa sortu aurrekoa ere bada, hain demokratikoa eta laikoa, mendeurren ofiziala ospatuko dugularik, Queixumes dos pinos-en aurreko hori. Pondal Rosalía baino bi urte zaharragoa zen, eta jada 1856. urtean, hogeita bat urteko mutikoa zela, eta Carralen fusilaturiko askatasunaren martirien heriotzaren hamargarren urteurrena betetzera zihoala, Eduardo Pondalek –oraindik gaztelaniaz- egin zuen bere lagun Aurelio Aguirreren omenez Conxoko Oturuntzan topa ospetsua: “Decid: ¿quién hizo al hombre diferente/ de su hermano? ¿quién dio mayor nobleza/ al corazón de un déspota tirano/ que al honrado sudor del artesano?”. Conxoko oturuntza! Manuel Murguíak esan zuen “orduan miraria gertatu zen Santiago hiri mortuan, bi mutikoen ahotsen aurrean, altxatu egin zen proletalgoa”. Oturuntza honetan jauntxoek, kapareek, burgesek eta ikasleek Compostelako artisauak eta langileak zerbitzatu zituzten, iskanbila eta amorru lebitarra piztu zelarik, eta horiek horrela, oturuntza honek mitologia progresista eta demokratikoaren parte handi bat osatu zuen, eta horixe izan zen Galiziako nazio-ideia eta pentsamendu galego historikoa eratzeko hartu zen osagaietariko garrantzitsuena, alde nabarmenez. Zenbait ergelkeriek–esate baterako, Pondal poeta aristokratikoa zela zioenaren modukoak, edo Otero Pedrayo karlismoarekiko sinpatia zuen karka bat zela zioenaren modukoak- zenbait unetan ekarri izan dute –beste interes batzurekin batera- batzuek Risco gailendu izana Castelaoren ondoan. Froga argia honako hau: 1936ko otsaileko hauteskundeak eta Estatutuaren erreferenduma irabazi zituen Fronte Popularra osatu zenean, Partido Galegistak bost mila edo sei mila afiliatu zituen, eta Vicente Risco eta Filgueira Valverde, antikomunista profesionalak zirenak, Eskuin Galegista osatu nahi izan zuten eta Castelaoren eta Bóvedaren –eta Otero Pedrayoren- alderdia utzi egin zuten beste militante batzuekin batera, guzti-guztiak batuta berrogeita hamar bat lagunetara ere heldu ez zirelarik.

Baina itzul gaitezen Pondalera: 1861. urtean A Coruñako Lehen Lore Jokoen karietara argitaratu zen antologia elebidun ospetsuan, Álbum da Caridade-n, “A campana de Anllóns” bere poema disdiratsua agertu zen, jada hiru urte lehenago argitaratu zena El País deituriko Pontevedrako egunkari batean. Poema hau, jada klasiko jaio zena, mordoxka bat aldiz inprimatu zen leku prestigiotsuenetan, eta Pondalen osperako liburu baten modura funtzionatu zuen… Kontuan hartu beharra dago orduan poesia zabaltzeko ez zela liburu pertsonala bitarteko bakarra, ezta beharbada nagusiena ere. Francisco Añón-ek, bere garaian prestigio handikoa izan zenak, ez zuen liburu bat bera ere argitaratu bizi izan zen bitartean, hirurogeita bost urtez bizi izan bazen ere; eta Xoán Manuel Pintos oparoak ere, munduan zehar 15.000 bat bertso zabaldu zituenak, ez zuen bildu horien laurdena ere bere liburu bakarrean, A gaita gallega-n, gainera emanaldika agertu zena. Pondal jada bazen Pondal A campana de Anllóns-ekin, eta Rumores de pinos-ekin, bere bakardade eta sufrimendu urteen ondoren, bazen jada Bardoa. Baina Queixumes dos pinos da, osotasun kanoniko modura, iruditeria nazional galegoaren bigarren oinarri literarioa ulertzeko aipatuko duguna. Baina gutxi hitz egingo dugu, behar dena baino gutxiago, premiazkoa baino ez dugu esango, esentziatzat ditudan bi kontu zehaztuko ditut.

Lehen kontua: aipatu dudan bezala esan izan da Pondal poeta aristokratikoa dela, horrelako adierazpenarekin esan nahi izan da bera aristokrata zela eta bere poesia aristokratizatzailea zela, hitz horrek hesitzen duena hesitzen duela. Lehenik, ez da zehatza Pondal aristokrata zenik. Pondal kapare-jatorria zuen familia batekoa zen, nahikoa aberatsa zen baina ez oparoa, eta are gutxiago aristokratikoa zehatz-mehatz, eta merkataritza- eta industria-negozioak zituen. Eta gainera aitaren aldetik jatorri asturiarra zuen, komeni da gogora ekartzea, izan ere, nazio galegoaren eraikuntzan odola eta abizenak ez dira sekula garrantzitsuak izan: Pondal erdi asturiarra, Murguía erdi euskalduna, bere editore handia Martínez Salazar Astorgakoa osoki, Alvareztarren Leongo dinastia, gaur-gaurko Álvarez Cáccamoen belaunaldi bikainak odol-galegotik zortzirena baino ez du, halakorik existituko balitz… Ez daitezela zuzendu niregana arrazismo kontuekin. Eta Pondal kaparea izanda ere, ikasketaz medikua zen, nahiz eta kasik ez zen horretan jardun, zeraman mutilzahar bizimodu apalari aurre egiteko, Pontecesoko etxearen eta A Coruñako familiaren ostatuaren artean, familiako errentak nahiko zitzaizkion. Beste alde batetik, Pondal hiritar bezala demokrata zen, eta poeta bezala errotik zen demokrata, pobreen samin eta miseriez kexu den burges errukiorra baino modu sakonago eta egiazkoagoan. Pondal poeta bezala errotik zen demokratikoagoa, ez baitzen negarrez ibiltzen besteen miseriak zirela eta, baizik eta bere poemetan pobreak, langileak, nekazariak, arrantzaleak eta zerbitzariak printze, heroi, eta errege modura irudikaturik agertzen ziren: izan ere, horiek dira Bardoaren lagunak. Eta Bardoak Anllóns ibaiko bokalearen ondoko muino batean bere burua lurperaturik ikusten duenean, hauxe da etorkizunaz ondorioztatzen duena:

Zisnetik datzanean
hondakin sukartsurik
ur-bazter ilunaren berdearen gainean
eta jada ez da ulukatzen kantu armoniatsurik,
hilobira ezazue
muino hareatsu eta babesgabe hartan,
Anllóns den horretan, bertako ibaia,
(hark gehien maitatu zuena guztien artean)
haren pelegrinazio antzinakoa
eta lan luzean hartzen du atseden.

Esan dezala arrantzaleak,
Osmoko(20) seme latza,
Barratik sartzean,
begitarte iluna bihurtuz:
- Han datza beste
garai batean geure eremuaren kantore zena.

Hau da, bardoaren ofizioa begitarte iluneko itsasoko langileak justifikatu eta laudatu egiten du, eta horixe da, noski, kantatzen duen nazioaren jabea, bera baita pobreen Bardoa, berataz galdetuko dute, hil ondoren, anduriñek Afrikatik bueltatzean:

… zerbitzariek eta ilotek bardoaz
galdetuko dute.

Ados gaude: ona da burges errukiorrak samina adieraztea nekazariaren bizitza hutsala dela eta, baina ziur asko nekazaria hobeto dago Pondalen, Queixumes dos pinos abiatzen baitu honako hau esanez:

Baxu-baxu kantuan
bergantiñar ona
akuilua lepoan
eta dotore manerak,
Pontecesora darama,
ilargi argiko gau batean,
taulaz pisutsu gurdia,
beharbada aurrez jarriak;
gogo sakon eta alferrak
azaltzen ez dituen gauzengatik,
mila bakardade ilun
doaz oihartzunak libre egiten;
eta aberriaren morrontza zorrotza
gogoratzen duela dirudi.

Eta horrela segitzen du. Tonu noble serio hori gerrillari edo antzinako errege mitiko baten deskripzio epikoari dagokio; baina deskribatu duena Bergantiñoseko nekazari bat baino ez da, behi-gurdi bat gidatzen doana, eta deskripzio hori ondo dagokio nekazari horri Eduardo Pondal hiritarraren aldekoa delako, Eduardo Pondal bardoaren aldekoa delako, bere anaia eta burkidea; eta igualak direnez, Bardoak Nekazaria deskribatzen du munduaren erdian iltzaturiko gizona balitz bezala, munduaren jabea balitz bezala, beharko lukeen moduan. Eta amaitu da demostrazioa: hori da demokrazia.

Pondalen poesiak Manuel Murguíaren programa politiko eta kulturala bete egiten du Rosalíak berak baino modu argiagoan. Murguían dagoen guztia Pondalen dago: demokrazia, errepublikanismo esentziala, atlantismoa, zeltismoa… Murguíak irakurri zuen Breoganen dorrearen historia eta bere leinuak eginiko Irlandaren konkistaren historia, mitikoki geure leinu bera dena, eta Pondalek hau guztia materia poetiko bihurtu zuen; eta are gehiago, ereserki nazional: “Itzelezko lekutan/ geure ahotsak aldarrikatzen du/ Breogan nazio/ onaren luditzea”. Murguíak folklore zeltiko irlandarraren eta geurearen arteko harreman estuak atzeman zituen, hango eta hemengo mitoen artean, beharbada jada Mirandak zertxobait hitz egin du horren inguruan gaur goizean, Pondalek asmatu egin zuen Bergantiños toponimo zertxobait opaku horretan noble gerrillari zelta, edo antzinako bardoa. Edo agian emakume noble gerrillaria, “Maroñas, birjin izukaitz/ ibilera dotorea duena”, zauri izugarriek hil baino lehen “borrokaldi gogorraren ondotik/ Folgar noble zeltak/ erromatar mukerraren kontra/ egin zuena Xallaseko zoruan”, zentzuak galdu aurretik eskaera hau egiten du “Margaride, parekorik ez duen ahotseko bardo”:

- Margaride gozo eta samurra
begirada xelebrea duzuna,
zeini lantza gogorrenak ere
ez dizkion eskuak mokortu,
hagin-ote gozoa
bezain lirain eta beratza
azienda ilunean hazten dena
bere joko-denboran,
Oh Margaride, zeure harpa
entzutea gozo zait oso!

Beste zati batzuk aipa nitzake, baina hori hautatu dut oso gustuko dudalako, eta are gehiago, askotan esan izan delako Pondal matxista nazkagarria izan zela… Ondo da, neuk ez dut ukatuko; baina irakurri berri dudan horixe berak idatzi zuen, eta rol maskulino eta femeninoen ideia horretan oso zegoenik ez dirudi, horren moduko kontuak topa daitezkeelako gutxienez dozenaren bat bere obra laburrean.

Poeta jenial baten obra labur handia. Azken egun hauetan Carducci irakurtzen egon naiz, bere garaiko poeta handi bat -biak 1835. urtean jaio ziren- eta bada antzekotasunik hauen artean. Carducci oso ondo dago, oso gustuko dut nik, nahiz eta pixkatxo bat desprestigiatu izan den idatzi zuen poema txar bat zela eta, eta zoritxarrez horixe da gehien errepikatu izan dena: “T’amo, o pio bove; e mite un sentimento/ di vigore e di pace al cor m’infondi…”. Bai, Carducci oso ondo dago, baina Pondal poeta hobea da; Pondal jenioa da, miraria; irakurtzen den aldi bakoitzean, Pondal berria da, eta handitzen doa, eta erraldoi egiten… Eta bera da bigarren oinarria, fundamentu mitiko eta heroikoa, eta aldi berean, demokratiko eta herrikoia, geure nazioaren iruditeriaren pertza eusten duen euskarriaren bigarren oinarria. Breoganen semeak gara, agian ez zen existitu, baina ez du axolik; ez zen Santiago de Compostelarik egon, eta ikusi baino ez dago horren inguruan sortu den zurrunbiloa, eta zenbat diru irabazi den negozio horrekin. Breoganen semeak gara horrela esan zuelako Bardoak bertso hilezkorretan, geure ereserki diren horietan; Pondalen seme gara egiazki.

Eta euskarriaren hirugarren oinarria Curros dugu. Manuel Curros Enríquez, beste bi horiek baino askoz gazteagoa, batez ere poeta zibil, politiko eta soziala kontsideratu izan dena. Horrela da osoki, nahiz eta bere buruaz ere idatzi zuen, eta zalantzarik ez, legenda zoragarria, hain katolikoa dena, Virxe do Cristal-ena, adierazteko dohain guztien jabe den poeta dugu, Celanova jaioterriko tradizioei zien maitasunagatik kantatu zuena –eta baita saritzat jaso zituen bi mila errealengatik ere, premia bazuelako-, nahiz eta protestantea izan erlijioz. Curros poeta handia da, serioa eta sakona. Aipatu dut jada Nouturnio, poema liriko-narratibo ederra, poema honetan ahots nagusia nekazari zaharra da atez ate ibiltzera beharturik dagoena, lur jota eta bakarrik dagoena emaztea hil zuen sute baten ondorioz, zuten guztiarekin batera erre zena. Poema ikaragarria, errepublikarra eta errotik demokrata den poeta honen beste hainbeste poema bezalatsu, herri galegoak maitatu zuen poeta hau, Frantziak, esaterako, Víctor Hugo maitatu zuen bezala; edo agian gehiago, pobreagoak garelako. Ez dut gehiegi hitz egingo gizon noble honi buruz, ez dut aipatuko bere bizitza errebeldea eta gogorra, ez ditut aztertuko bere poema handiak zeinetan hainbeste hunkitzen gaituzten fede demokratikoak, zapalkuntzak eta obskurantismoak sorturiko herrak, eta herriak eta aurrerapenak sorturiko maitasunak. Poeta handia izan zen; Pondalek esan zuen, bederatzi urte gehiago bizi izan zituela nahiz eta hamasei zaharragoa izan: “Ez bada Ponte-Ceson/ lurpera nazazue A Coruñan/ Curros handiaren ondoan,/ bere musa baita neurea ere/ Breoganen mintzoa/ egin zuen noble eta sendo:/ nahi nuke nik etzan/ halako hilobi noblearen ondoan…”.

Ez dut ia Currosi buruz hitz egingo, baina gauza bat esango dut: bi lekutan, Aires da miña terra-ren poema batean eta O divino sainete-ren kantu batean, ziur asko lehen aldiz Currosek abian den, dialektikan den literatura galegoaren ideia organiko eta dirdiratsua eraiki zuen, jada ez dena lurralde-iritzi erudituan oinarrituriko ideia soila, Galizian jaio edo Galiziako auzotar eginiko idazleen zerrenda baten metatzea baino areago doan ideia baizik. Aires da miña terra-ren hirugarren edizioan “O Ciprianillo” poema ere bildu zen, “Xan de Deza, nekazari on”-ari zuzendurikoa, San Cipriano liburu apokrifoari kasu eginez lurperaturiko altxorren bila ibiltzeagatik dena galdu zuen gizona. Eta Currosek aholku ematen dio:

Begira, Xan: itotzen zaituzten
tristura horientzat, min horientzat,
badago errezetarik;
utz aztien irakurtzeak;
irakur itzazu idazle galego eta
poetak.

Ez ezazu amets egin, nekazari on,
ez egin amets urrezko mendi
ez mordoekin.
Zeure liburu onena galegoa da,
zeure altxor handia ideien
altxorra.

Kontsultatzean Murguía,
Paz , Pondal, Añón eta Lamas,
eta ahoan
Rosalíaren kantuak
beti dituzunean, hainbeste maite dituzunak,
izango zara aberats!

Eta orain ekar genezake hona O divino sainete-ren III. Kantua, bertan Pardo Bazán kondesak, Currosek adeitasunez gorrotatzen zuenak, Erromako jubileura doan Zazpi Bekatuen Trenean literatura galegoa definitzen baitu nahigabe ukatzen duen amorru bekaizti hori agertzean… Literatura berri honen ikuspegi dialektikoa are argiagoa da pasarte zoragarri honetan, baina ez dugu denborarik.

Uste dut nahikoa dela esandakoa amaierari lotzeko. Hogei bat urteko tartean, hiru poeta handiren eta maila handiko historiagile eta pentsalari baten batze zoriontsuak, nire ustez, iruditeria nazional baten funtsezko oinarria eraikitzea ahalbidetu zuen, gaur egun ere indarrean dagoena, batetik, bere aberastasun sinbolikoarengatik, eta bestetik, jenio literario zenbait elkartzeagatik eta zeregin komun bati ekiteagatik, oso gutxitan historian hain denbora gutxian bildu izan diren bezala, eta ziur asko sekula gertatu ez bezala Galizia bezain txikia den herri batean. Baina, baita beste kontu bati esker ere: amets nazional honen materia errotik demokratikoa delako. Estaturik gabeko nazioetan literaturak leku esentziala du: lehenik, nazio dinamikoa, historikoa sortzeko zeregina du, bere formulazioaren bitartez, ez formulazio teorikoa bakarrik, baita formulazio mitikoaren bitartez ere, mitoek izan dezaketen zentzu eta balio nobleenari erreparatuz. Jakin badakigu agian ez garela Breoganen semeak; baina halaber, jakin badakigu bagarela, Maroñas gerrillaria garela eta Margaride bardoa, eta atez ate doan nekazari zaharra, gau sakonean zapoa kantari entzuten duena, eta Rosalíaren neskatxa gaita-jolea gara, alarguna garen bezalaxe eta hura abandonatu zuen emigrantea garen bezalaxe, eta Bastavaleseko kanpaiak geure herrixkako kanpaiak dira, eta Santiagotik Padronera joatea “euria barra-barra ari zela” Galiziako bide guztiak ibiltzea bezalaxe dela badakigu. Garena gara haiei esker; eta noiz edo noiz zerbait izatera helduko bagina, haiekin egongo gara zorretan. Haiek jarri zituzten zimenduak.

Bai, zoritxarrez zimendu horretan oraindik ez zegoen industriako langile-klasea, garai hartan ia ikusezina zena, eta beste hainbeste gauza ere ez zegoen; baina baliteke aurre-itxuratuta egotea. Eta ez bazeuden ere! Rosalía, Pondal eta Currosen ondoren Manuel Antonio etorri zen, poeta pilotu anarkista, munduan parekorik ez duena; Castelao etorri zen lider handia izan zena, gure gidari, eta idazle ona izan zena; Blanco Amor etorri zen, Ourense langilea aberriaren bihotzean pausatu zuena; Otero Pedrayo etorri zen, guretzat geure errepublika sekretuaren lehendakari izan zena; Lorenzo Varela etorri zen, borrokalari komunista, munduan bertso gutxi erabiliz mito gehien sortu dituen poeta izan zena; Álvaro Cunqueiro etorri zen, zorionen ameslari tristea, poeta jeniala, mitografo itzela; eta egon badago Méndez Ferrín, geure literaturako irudi handia, Rosalía, Pondal, eta Curros eta gainerako guztien sintesia izatera datorrena, Tagen Ata asmatu zuena, Europako nazio zanpatuen fabula handiena altxatu zuen Printzearen kartzelan, geure iruditeria nazionalean Gran Sol eta gerrilla sartu zituena, eta langile-klasea, eta Arturo erregea, eta Guardia Zibilak beren lurretatik bota zituzten nekazariak ere ekarri zituen iruditeriara, nolabait azken horixe herenegun izan zen. Eta egon dira eta egon badaude dozenaka eta dozenaka bigarren mailako, hizlari honen modukoak –jada bukatzear dena-, eta baliteke, zorioneko egun batean, zer edo zer txiki asmatu izana literatura galegoa den masa mitiko handi horren parte izatera igaroko dena, literatura nazional bat, lurralde liberatua Galiza libre baten itxura hartzen duena. Literatura bat ez dena gainerakoak bezalakoa, izan ere, literatura hau bada –ere- borrokarako arma. Breogan aita eta Carraleko martiriak, Maroñas eta Manuel Ponte, Margaride eta Manuela Sánchez, “neskatxa gaita-jolea” eta María Balteira, Añón Currosen gidari Zazpi Bekatuen Trenean eta On García erregea kateaturik, Solísen sablea eta Foucellasen pistola, segalariak Gaztelan eta itsasoa, itsasontzia eta gu, Merlín Mirandan eta itsasoan hil ziren hiru arrantzale lider horiek izuari ihesi, Bran jainko zena bere herrirantz zubi egiten eta Amaury Printzearen kartzelan, justizia berek kabuz eginez eta Rotbaf Luden Grande Fragan sartuz, Pondalen arkatza eta Rosalíaren luma.

20. Osmo Cormeko badian dagoen hondartza bat da, arrantzarako itsasontziak ainguratzeko egokia; egon behar du –errima dezan- kasik Corme beraren zentzua izanik. Barrak Anllónseko zingiraren ahoa estutzen du.

21. Xoán Manuel Paz Nóvoa, Currasen lagun eta defendatzailea, aldikako poeta ertaina baina jurista handia, militante iraultzailea eta artikulu entzutetsu batzuen egilea, liburu batean bildurikoak, foruen erredentzioari buruzkoak.

(Iratxe Retozala galeotik itzulia)