Xabier Gantzarain (eus)

Maiterasunaren koordenadak

Lurrak ez dauka izenik, urak ez dauka izenik, harriak ez dauka izenik. Eman egin behar zaio.

Lurrak, urak eta harriak Azkoitia izena hartzen duten lekuan jaio nintzen, eta euskaraz hasi nintzen, izenda zitekeen guztia izendatzen. Nire mundua txikia zen, eta ez neukan arazorik ingurua izendatzeko orduan: lurra Azkoitia zen, ura Urola zen, harria Izarraitz zen. Nire mundua txikia zen, eta mintzamoldea, bakarra. Orduan ez nekien hiztegietan hiltzera kondenatutako hitzak erabiltzen zituztela gurasoek. Ez naiz ari hizkuntzaz, sentimenduez ari naiz. Ez naiz ari nostalgiaz, bakardade linguistikoaz ari naiz.

Tutik ez dakit linguistikaz, eta nire teoriak, sentitzen dut esatea, neuretzako baino balio ez ote duen, daukat irudipena. Begietan jotzen du, eta ezin hasiko naiz ukatzen, hizkuntza komunitate batena dela, hizkuntza hori dakiten guztiena, hitz egiten dutenena, ulertzen dutenena, irakurri eta idazten dutenena. Hizkuntza, izatez, komunikatzeko da, komunitatean komunikatzeko. Baina, barkaidazue negarra, inkomunikatzeko ere bada, inkomunitate bateko bizilagun bakarra zarela sentitzeko. Ezinezkoa, esango duzue, guk ulertzen ditugu zure hitzak, komunitate berekoak gara. Eta bai, komunitate berekoak gara, hizkuntza bera darabilgu, baina hizkuntzaren afera, gaur, hemen eta niretzat, afera pertsonala da zeharo. Kolektiboa ere bai, noski, ezin egin ezer bakarrik, baina neu naiz edozein komunitateren lehen bazkidea.

Ez da erraza esplikatzen zer den bakardade linguistikoa, baina heste-mataza honi tiraka, odolez zikinduta aurkitu dudan askatu beharreko lehen korapiloa, hizkuntza sentitzeko moduarena da. Hizkuntza sentitu egiten delakoan nago. Ez naiz ari hizkuntza maitatzeaz. Irakurtzen duzun, entzuten duzun, esaten duzun, idazten duzun hitz bakoitzak zuztarrak dauzka, eta ez lurrean, edo uretan, edo Izarraitz izena hartzen duen harri kozkor horretan, zeure bihotzean baizik. Hitz bakoitza maitasunaren emaitza da, harreman batena, ahanzturari ostutako momentuarena. Hitz bakoitza, denboraren indar suntsitzailetik babesteko eraiki polderra da. Eta polder bakoitzak, irudikatu ere ezin dezakezun iragan batetik datorren iruditeria gordetzen du.

Lurrak, urak eta harriak etxea izena hartzen duten lekuan, nik ez nuen maitasunik ezagutu. Nire gurasoen ahotik, ez nuen sekula maitasuna hitza entzun. Hitz hori arrotza zen niretzat. Irakurtzen nuen liburuetan, entzuten nuen irratian eta telebistan, eta idatzi ere egiten nuen, kaligrafia ariketetan, baina etxean, lehendabiziko komunitatean, ez nuen inoiz aditu. Etxean, maitetasuna zen nagusi, maitetasuna zen sentimendu horri ematen zitzaion izena. Amak beti esaten zidan, maitetasunik gabe, beste guztiak ez zuela zentzurik.

Hogei urte neuzkan, baziren urte batzuk irakurtzeari ematen nizkiola nire ordurik behinenak, eta oraindik inon irakurri gabea nintzen, etxean hainbeste entzuten nuen maitetasuna. Hogei urte neuzkan, Jose Luis Otamendiren Lur bat zure minari poema liburua esku artera iritsi zitzaidanean. Eta urte luzez sentitu nuen bakardade linguistikoa hausteko bidean jarri zidan, eta orduantxe hasi ziren aldatzen, zentzua hartzen, odol berritzen, nire maitetasunaren koordenadak. Lehendabiziko zatiak, Polderrak du izena, eta lehendabiziko poemak, Koordenadak. Hantxe irakurri nuen, hogei urtean lehen aldiz, etxean hainbeste entzuten nuen maitetasuna:

Almitza hazten den lekuetan bizi gintezke
Inoren saihetseko burdinen artean sartu eta itotakoei arnasa nola hozten zaien ikasi
Ibaiko sunda dute begiok eskuok urriko zeru bat bezala aldatzen gara
Berariaz dagoz aireportuak gugandik hain urrin laino itsuaz haruntzago
Ibaiko sunda du saminak ere, ibaitu egiten da oroimena zauriak ibaitu
Eta bakeak urpetu gabeko lurrotan elkar maitatzera egiten dugu
Alboan zaitudan egiaztatu koordenadak berritu
Eta atzokoan loak non lotu gintuen idazten dut
Idazten dizut jakitearren arrotz ez garen lekuan atzerritar garen
Urondoan pausatu garen orea lotan bezala ala abantean igaro gehiengoz bozkatu galernen peko
Erbeste ederra dateke zure bihotza urre gorrizko kaserna
Baina lurmendatu ezinezko talaiak ditu gure maitetasunak
Baimendu gabeko eremuak ahora ekartzeko gaitzak diren izenak
Haitzen gandorrak bezalakoak jitoak daramanarentzat
Orduan libre ez garela aitortzen diogu elkarri
Zerbait hiltzen zaigula barruan eta bizi ez gintezkeen herriak habitatzen ditugu

Badakit, linguistikak ez dauka zerikusirik literaturarekin, eta arrazoi linguistikoek ez dute balio liburu baten epaitzeko; gehiegitan entzun dugu halako idazlek oso hizkuntza aberatsa, oparoa eta dotorea erabiltzen duela esaten, liburu bati kritika egiteko orduan. Argi utzi nahi dut, oroz gain, ez dela hizkuntza liluratzen nauena, ez dela ene bakardade linguistikoa hausteko bidean jarri izana, liburu hau nire maitetasunaren koordenadetan sartu zuena, eta liburu hau gogoan atxiki bazait, erakusten duen iruditeriaren ederragatik dela, neure egin dezakedan mundu bat erakusten duelako. Neure egin dezakedana baino, neurea ere baden mundu baten koordenadak marrazten dituelako hitzez.

Tesi baterako emango luke, nahi izanez gero, liburu honetako iruditeria aztertzeak, baina hau ez da tesi bat, eta laburrean aritu beharra daukat. Poemarioa bitan banatzen da: polderrak eta almitza.

Polderrak urari ebatsitako lurrak dira, gizon eta emakumeen bizinahiak ezinari ostutako lurrak, edo nahi bada, heriotzari kendutako denbora, ahanzturari harrapatutako oroitzapenak, estatistiken diktadurari harrapatutako askatasuna. Ezer ez datorkigu zerutik emana, euria ez bada, eta egunero egin behar da borroka, urak jan ez dezan polderra.

Polderreko lurrak lur zakarrak dira, gaziak, antzuak, eta urtetako lana eskatzen dute, han ereindakoak ezer emango badu. Eguneroko lana eskatzen du, eta egundoko nekea, urari begirik ez kentzea, lurrean erretenak tentuz egitea, zerutik datorren euriak lurrak erretzen dituen gatza berriro uretara eman dezan, maitez-maitez zaintzea oraindik fruiturik emango ez duela jakinda ere. Polderrak etorkizunerako proiektuak dira. Baina oraina dira.
Polderrak mugan daude, edo hobeto esanda, muga dira. Han hasten da itsasoa, ilunpea, hurbilekoak urrun utzi beharra, hankazpian lurrik ez edukitzearen kontzientzia, hondoratzearen izua, heriotzaren itzal luzea. Eta han hasten da, bestaldera eginda, lur gozoagoen segurantzia, bizitza erosoago baten lasaitasuna, bonbarik lehertzen ez bada bakean bizi direla uste dutenen lurraldea.

Baina polderretan gauzak bestela dira, eta poema zati bat irakurriko dizuet, Azken lurraren zati bat, polderretako biztanleen minak zein diren ikus dezazuen:

Geure burua beste etsairik onesten ez duen lurra
Jendea batera bizitzen maitasun froga beraren hegian
Minutu berean lurmutur berean
Gure maitetasunak ez daki
Ez daki hegan
Ez da kalatxori
Darabiltzan orratzak bestela imanduak dagoz
Itsasgorak ekarriko ez dizkigun iheslariak
Itsasbeheran utziko ez dugun edertasuna
Hau da agin ziezaguketen azken zerua
Ez dago inor ebakuatzerik
Hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak
Hipermerkatuetako aparkalekuak dauzkagu elkar maitatzeko
Hegazkinak teilapeak eta itoak estu amarratuta
Zu ez zaitut abandonatuko
Azken ordutan ez da bonbarik lehertu baina ez da heldu bakea

Ez dago inor ebakuatzerik, hildakoak ohean direla abandonatu ditugu etxeak. Eguneroko bizitza, Maiakovskiren txalupak jo zuen huraxe bera, gerra bat da polderretan. Eguneroko bizitza gerra bat da, esaten den hitz bakoitzak zuztarrak dauzkala dakienarentzat. Eta zuztarrek lurra behar dute, ura behar dute, sendo eta osasuntsu haziko badira. Baina ez dadila inor tronpa, zuztarrak ezinbesteko badira ez da hitzak bizi daitezen, jendea bizi dadin baizik. Jendeak senti dezan, jakin dezan, esan ahal izan dezan zer den maitetasuna. Senti dadin komunitate bateko, eta ez inkomunitate bateko biztanle bakar.

Iruditeriaz ari garela, egin dezagun ariketa bat. Irudika ezazue, batere hitzik erabili gabe, maite zaitut esan gabe, maitetasuna. Zein irudi aukeratuko zenukete maitetasuna adierazteko? Muxu bat? Besarkada bat? Errazegia, betikoa. Eskutik heldutako bikote bat? Eskutik heldu gabe ere maita daiteke elkar. Esan bestela kristalaren bestaldetik ukitzen ikasi duen presoari.
Topikoetatik at, maitetasuna zeharo afera pertsonala bihurtzen da, eta ez da kabitzen XX. mendeko zeluloidearen artxiboetan. Nork berak baino ezin dio irudi bat jarri bere maitetasunari. Uste dut horregatik idazten duela jendeak. Nik neuk behintzat, horregatik idazten dut. Idazten dut maite dudana erakusteko, eta maita nazaten ere bai. Gorroto nazaten ere idazten dut, baina esan gabe doa, gorrotoa maitatzeko beste modu bat besterik ez da. John Berger idazlearen ustez, maitatzearen kontrakoa ez da gorrotatzea, banatzea baizik. Eduardo Punset idazlearen ustez, maitatzearen kontrakoa ez da gorrotatzea, mesprezatzea baizik.

Eguneroko gerra horretan definitzen doan sentimendua da maitetasuna, aldakorra da. Batzuetan nire maitetasuna portura nahi duen ontzia da, eta beste batzuetan, ontzira nahi duen portua.

Eta portua, ez al da polder bat, ez al da polderretan polderrena? Portua ere muga da: itsasoa izan gabe, ez da lurra, eta lurra izan gabe, ez da itsasoa. Mundua izan gabe, munduaren zain dago, eta ontzirik sartzen ez denean ere, mundua da. Paradoxa bat, esanen duzue, eta hala da. Paradoxa bat, irudia hitzez ematearen adinakoa. Paradoxa bat, irudia hitzez ematea bezain ederra.

Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Ez da mapa bat ekar diezadazun

Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Ez da galdu egin naizelako

Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Ez nabil portu bila

Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Zinez mintzo naiz baina

Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Ez dut erantzunik behar
Non dago Basques' Harbour
Galdetzen badut
Ez baitut galdera bat egiten
Galdetzen badut
Non dago Basques' Harbour
Non dago Basques' Harbour

Paradoxa izan arren, paradoxak gauza asko argitzen ditu, kontraesanak jartzen ditu agerian, baina aldi berean, baita kontraesanaren beharra ere. Ez gara kartoizkoak, hezur, haragi eta denborazkoak gara, aldatu egiten gara, poliedrikoak gara. Paradoxa ugari bizi ditugu, eta horiek ez ikustea da handienetakoa. Ez ikustea, esate baterako, nola baztertzen diren onenak, nola epaitzen diren, literarioak ez diren argudioekin, obra poetiko aberatsak, iruditeria zoragarriak dakartzatenak, munduan izateko moduak eskaintzen dituztenak. Ez dakit nik zenbat antologiatan dagoen Koldo Izagirreren liburu hau, Non dago Basques'Harbour, baina badakit zenbatetan ez dagoen.

Atzerrikoak izanagatik arrotzak ez diren hitzekin liluratu da umea portuan, mundua sartzen da portura, ikatza, burdina, arraina, jendea, mundua. Umeari begiak ireki zaizkio, gizondu egin da marinel artean, portuan ikusi du lehen hildakoa. Atzerriko mintzairak entzun ditu, mundu guztiko marinelak ezagutu. Eta ikasi du, sorterria ez bezala, aberria aukeratu egiten dela. Utzidazue, Portukoplakeko lau kopla irakurtzen.

Aitortzen dizut portua dela

Nire aberri bakarra

 

Aitortzen dizut portua dela

 

Nire aberri bakarra

 

Hantxe daukat nik lastre handian

 

Oroitzapenen gabarra

 

Baforearen tximinietan

 

Ez da izozten elurrik

 

Baforearen tximinietan

 

Ez da izozten elurrik

 

Portu batean jaioak ez du

 

Bide berrien beldurrik

 

Munduak ongi daki naizela

 

Euskaldun seme jatorra

 

Munduak ongi daki naizela

 

Euskaldun seme jatorra

 

Txipreko ontzi baten banderaz

 

Egina daukat atorra

 

Zazpi bandera zazpi mintzaje

 

Nire aberri bakarra

 

Zazpi itsaso zazpi zohardi

 

Nire aberri nabarra

 

Portuak beti digu amore

 

Kaian urtzen da aparra

Jose Luis Otamendik lurra nahi du bere minarentzat, bere maitetasunarentzat. Eguneroko bizitzaren nahiak eta ezinak kokatu egin ditu, lur bat eskaini dio minari, bizi nahiaren eta bizi ezinaren arteko talka kotidianoari.

 

Koldo Izagirrek portua jarri dio lurrari, mundura ateratzeko, eta mundua lurrera etortzeko. Hemen egonik nonahi egotea dagoela ari zaigu esaten.

 

Iñigo Aranbarriren harriak, berriz, lauhazka doaz, ibili dabiltza, eta hartara ez zaie goroldiorik lotzen. Hizkuntza bakoitzean modu diferentez agertzen den ideia da, dabilen harriarena. Horixe da ingelesezko rolling stone. Eta ideia hori aintzat hartuta abiatu da idazlea kanpora. Mundua ikusi nahi du, bestelako lekuetan bilatu maitetasuna, bestelako euskalduntasun bat irudikatu. Eta aldatuta itzuli sorterrira. Eta liburu zoragarri bat idatzi du,

Harrien lauhazka

. Luzea da, eta aspertzen hasiak izango zarete honezkero, baina ezin dut jarraitu poema hau irakurri gabe. Holako poemak irakurrita, ez da hain gorrotagarria euskalduna izatea. Nire eskualtasunaz bi hitz:

 

Ni ez naiz Astiz kapitaina

 

Nigatik harrotu badituzue ere etxe guztiak errudun xerka

 

Ni ez naiz Harguindeguy jenerala

 

Nigatik ekarri badituzue ere hizpidera

 

munduko deserriratuak

 

Nire eskuek ez dute pikanarik oratu

 

Nire begiek ez dute irteteko agindurik eman

 

Ez dute aginterik, ez dute zuzentzaren iparrik

 

Eta sinetsidazue, ez diot aberriari atzerik eman nahi

 

Baina ez naiz Harguindeguy atxiloketa patrullak

 

Buenos Airesko etorbide hutsetara bidaltzen

 

Zaldi aldarraien belaze behinola

 

Astiz zuena da Harguindeguy jenerala zuena da

 

Hamaika aldiz kontatu badiet neuk ere maite ditudanei

 

Badela neuri ere etxean kontatu bezala neuri ere

 

Gorde bezala eskuz esku ahopean babes emandako

 

Lurralde eder bat itsasoaz bestalde

 

Inoiz nahi dugunean ahal dugunean

 

Urrats lasaituz itzultzeko inoiz

 

Hil edo bizirik ostera ere gozo

 

Ezti jasoko gaituen lurralde ttiki bat

 

Baina ez esan zuetar bat naizenik, galdua betirako

 

Nire aberriak ez du itsas gainean irristatzen den

 

hegazkinik

 

Esan ahoz aho hegazkinik ez izateagatik galdu ditugula

 

Beti galdu beharrekoak hamaika euzkadi eder

 

Nire aberriak ez du Mekanika Eskolarik armadarentzat

 

Ez du atxiloketa agindurik ez du argindar kablerik

 

Nire aberria traidore da, ihesi dabil

 

Ez du Belgrano 1144ko euskal etxean atsedenik hartzen

 

Urteak dira ez naizela aberkideen mahaietara eseri

 

Horregatik, ez esan ni ere Harguindeguy izan naitekeenik

 

Nire aberria urpean bizi da, ez daki igeri

 

Hogei milatik gora dago nire aberritik lehorra

 

Arrotz ditudan milaka aberkide ditudanak arrotz

 

Valeryren itsas hilarrietarik habitatuena

 

Izan ginenaren itzal, inoiz izanbakoaren geriza

 

Etorkizuneko umekiak ozeanoetan azalera ezin

 

Alferrik da, nire begiek ez dute itsasargirik biltzen

 

Eta aberkide arrotzak ditut lagun erorian

 

Horrela da, nire aberriak zailak ditu koordenadak

 

Horra gure lurraldearen argazkirik gozoena hemen

 

Urak ez dira gozoak beltz dira

 

Gauez botatzen gaituzte beti

 

Iluntasuna dardarka jartzen duen

 

helikoptero hegalen hotsa

 

Eta uren astintze urduria gero, oihuak

 

Norbaiten birao bat

 

Marrazoen itzalak eta isiltasuna

 

Ez nazazue zuen biktima zerrendetan oroitu

 

Ez dut eskualdun izan nahi Astiz zen eskualduna

 

Harguindeguy jenerala zen eskualduna

 

Segi ezazue euren bila arren

 

Haiek ez dira gorrotoaren etxaldeetan bizi

 

Ez itzazue inoiz ere zeuen memoriatik egotz

 

Iñigo Aranbarrik bestelako euskaltasun bat nahi du berarentzat, baina baita besterentzat ere. Bere aberriaren koordenadak ematen dizkigu, irakurleak erabaki dezan bere aberriaren koordenadak bat datozen idazlearenarekin. Baina koordenada horiek maitetasunaren koordenadak dira, maite duen, eta gorroto duen mundua erakusten digu, bakardade, susmo beltz, beldur, edo azkenak izatearen izu eta guzti.

 

Dabilen harria da euskal poesia, eta honen erakusgarri ekarri nahi izan ditut hona hiru idazle, hiru liburu, hiru errealitate poetiko. Hiru errealitate poetiko, hiru iruditeria aberats, maitetasun bakarraren koordenadetan.

 

Baina dena ez da urre, eta ez dut, behin honaino etorrita, nire kezka obsesiboetako bat azaldu gabe alde egin nahi.

 

Hemen aipatu ditudan poemetan, eta zer esanik ez hiru liburuetan, irakurleak ulertzen ez dituen hitzekin eginen du topo. Normala da, pentsa lezake norbaitek, eta bai, normala da. Baina zer erakusten du horrek, ezer erakusten badu behintzat?

 

Literaturaz ari garela, hizkuntzaz ere ari gara, ezinbestean. Iruditeria, hitz bakoitzaren zuztarretatik elikatzen da. Ez dakit nola esan. Maitetasuna zen nik etxean entzuten nuena, eta ez maitasuna. Antzekoak dira, eta denborarekin lortu dut maitasuna eta maitetasuna sentimendu bera adierazteko bi hitz direla ikustea, baina hala ere, diferenteak dituzte zuztarrak, eta diferenteak dira iradokitzen dituzten iruditeriak. Esate baterako, nik ez nuke inoiz esango maitetasuna egin, eta bai aldiz maitasuna egin.

 

Gero eta konbentzituago nago: sinonimoak ez dira existitzen. Esaten den hitz bakoitzak bere zuztarrak ditu, bere ñabardurak, eta horixe da bere izateko arrazoia. Trukagarriak balira, sinonimoak existituko balira, hitz bakarra erabiltzera joko genuke. Baina ez da hori gertatzen. Batek maitetasuna erabiltzen du, besteak maitasuna, besteak amodioa. Bakoitzak bere zuztarrak ditu, bere tradizioa, eta hitz bat aukeratzen denean tradizio bat aukeratzen da, eta tradizio bat aukeratzen denean, iruditeria oso bat, mundu bat.

 

Aspertzeraino errepikatzen da euskara oso hizkuntza zaharra dela, erroak non dituen ez dakiguna, eta hori dela gure altxorra, hori dela gure ondarea. Eta egia izango da, baina ez da inportantea.

 

Inportantea hau da: euskara batua 1968an egituratu zen, eta beraz, orain darabilgun euskara honek, ez dauzka 40 urte ere. Zer dira 40 urte hizkuntza batentzat? Orain darabilgun euskara hau jaioberria da, eta edozein jaioberri bezala, zaindu eta elikatu egin behar da, bizitzarako armak hartzearren.

 

Horregatik, gure iruditeriaz ari garela, gure hizkuntzaren estetikaz arduratu beharko genuke lehendabizi, nola sentitzen dugun hitz bakoitza, zer esaten digun eta zer ez, zertarako balio digun, eta hori, jaun-andreok, ez dakit zenbateraino egiten den. Ez dakit euskara hainbeste maite duen jende horrek zergatik ez duen euskara gehiago sentitzen. Beldur naiz ez ote den iritsiko, esaten ditudan hitzak hiztegietan ehortzi zirela ikusiko dudan eguna, eta orduan, ene bakardade linguistikoarekin bandera bat egin, eta inkomunitate bateko biztanle bakarra naizela sentituko dut.

 

Eta neuk bakarrik ulertuko ditut lurrari, urari, harriari emandako izenak. Ez ahal da hala izango.

 

Mila esker guztioi.