Francesc Serés (eus)

Hitzaubre personala literatur epilogo modura

Honako hau nire azken liburuaren –Els camps de força– epilogoa da, Baix Cinca eta Baix Segrià-ra iritsi den inmigrazioa ardatz hartuz, bi eskualde horien eta, hedaduraz, Katalunia osoaren azken hogeita bost urteotako historia islatzen duen erreportaje, elkarrizketa eta kronika bilduma. Amaitzear dudan liburu honen bitartez, La força de la gravetat-ekin hasi eta La matèria primera-rekin jarraitu nuen zikloa ixten dut.

HITZAURRE PERTSONALA LITERATUR EPILOGO MODURA

Gaurdaino, gutaz bakarrik idatzi dut.

Nahigaberik eta atsekaberik gabe diot. Beharbada ez naiz kapaz izan beste gai batzuez idazteko, interesatzen ez zaizkidalako edo, ziur asko, nahikoa jakinduriarik ez dudalako oraingoz oso urrun ditudan beste alor batzuk lantzeko. Kontatu dudan guztia bizi izan dut.

Trilogia amaitu nuenean, urte eta erdi eman nuen beste literatura batzuetako narratzaileak imitatzen. Idazten nituen ipuinak eta kontakizunak niretzat ia irreala den herrialde batean kokatzen nituen: Errusian. Gogol eta Puxkin-en Errusia inperiala, Txekhov eta Babel-en Errusia iraultzailea, Siberia, Errusia kosmikoa, perestroikaren urteak, azken urteotako Errusia… Ez naiz sekula Errusian egon eta oso arrotz zaizkit Khadji-Murat-en Txetxenia, Turbin-darren Ukraina… Aldi berean, baina, horren hurbila: leku haietaz ari naiz, baina funtsean hemengo kontuak ditut buruan. Testu horiek irakurri dituztenek loturak aurkitu dituzte ezinezko Errusia horren eta Kataluniaren artean. Beharbada banekien ez nintzela sekula han egongo, eta horregatik aldatu behar nituen ahalik eta gehien gaiak, gertakizunak, estiloa, erregistroa, tonua, esanahia…

Eta berriro ere, bigarren zikloa ixten duen liburu hau, La força de la gravetat-ekin hasi eta La matèria primera-rekin jarraitzen duen zikloa, herrialde honetaz ere mintzo da. Orrialde hauek amaiturik, idazten jarraitzen dut, Llull eta Muntaner-i buruz oraingoan, Verntallat-i buruz… Zergatik? Beharrezkoa dela uste dudalako. Batzuetan zalantza ere egiten dut eta, beti bezala, ez dut argi izaten beharrezkoa izango ote duen irakurleak edo ni neu naizen besterik gabe etekina ateratzen duen bakarra. Ez, ez da segurtasun falta dudalako egiten ditudan gauzetan; idazten dudan guztiaren erantzule naiz, uste osoa dut. Nola ikusten dudan herria? Ikaragarria, iritsezina orain eta hemen, sakon-sakona, beherantz begiratu eta murgildu egiten naizenean urteetan, mendeetan… Lur emankorrean nagoela iruditzen zait, guztiz oparoa, ibai emaritsuz betea, maila freatiko altu-altuekin, eta nahikoa da azalean pixka bat hazka egitea hondorik gabeko putzuak sortzeko… Aurkitzeke ditudan milaka txoko.

Horiek guztiak nire irudipenak direla esaten didate, inori axola ez zaizkion lekuetako 1 : 5.000 eskalako mapak erosten ditudala, herrialdea berez txikia dela eta ni neu naizela handia ikusten dudana, baina gezurra dela, nonahi egonik ere autoz hiru orduan beste edozein lekutan egon zintezkeela, idazle hipermetropea naizela. Litekeena da proiektu hauek zer edo zer edukitzea egoskortasunetik, interes pertsonaletik, egoismotik. Beharrezkoa iruditzen zait hori. Nolanahi ere, egia da ere lur hau oso aberatsa eta konplexua dela, askotarikoa. Etenik gabe ari da hazten dena eta horrek erabateko arreta eta kontzentrazioa eskatzen ditu. Ez dago lehorterik eta ur meategiak aurki daitezke nonahi. Errealitatea (erne!: nirea, gurea, partekatua) umedun dago, betea, eta batzuetan mingots ere agertzen da. Eta egia bada ere jarraitasunik eza egon badagoela, egia da halaber eten horiek deskribatzearen poderioz, belarrak bideak estali dituela pentsatzera irits gaitezkeela. Eta horixe besterik ez da, erraz mozteko moduko belar gozoa: haren azpian, aintzirak inguratzen dituen bidea eta urteen etenak antzeman daitezke, eta pixka bat urrutiago, lekuak. Sarri askotan arazoa ez baita herriarena izaten, hura ezagutu nahi izan ez duenarena baizik, desitxuratu egin duenarena, ezezagun bihurtu arte karikaturizatu egin duenarena.

Ez daukat inolako meriturik, hemendik mugitu ez banaiz, premia hutsagatik izan da, zeren eta, oraingoz behintzat, ez dut beste lekuez ezer esatekorik, ez dakit ezer amerikar unibertsitateetako campusei buruz, biolin-joleei eta margolariei trauma estetikoak eragiten dizkieten dilemei buruz, ezta negozio eta sexu bilkuren glamourrari buruz ere. Eta ez zait inporta. Nire belaunaldiagatik landu beharko nituzkeen gaiak ez zaizkit interesatzen, aspertu egiten naute ez-lekuek, sofistikazio teknologikoek, azken orduko aurkikuntza postmodernoek, memoria historikoak… Ez dut hemendik irteteko premiarik izan, eta horrek ondorioak izan ditu, adjektiboak…

Adjektiboak… Duela gutxi, ERSTE Irratiak (Alemaniako irrati publikoa) Bartzelonan duen korrespontsalak elkarrizketa egin zidan, eta gai bakarrari buruz galdezka aritu zitzaidan ia elkarrizketa osoan: zergatik idazten nuen herriaz. Elkarrizketatu zuen idazle elebakar bakarra nintzen (elebakar katalana, jakina), herrialdeaz bertako hizkuntzan idazten zuen bakarra, eta hori arrazoitu egin behar zuen bakarra, horrenbestez. Normaltasuna, korrespontsal harentzat, gaztelaniaz idatzitako literatura zen, literatura horri eransten zaizkion adjektibo guztiekin: irekia, kosmopolita, elkarrizketaren aldekoa, ausarta, kulturalki aurreratua… Beste aldean ni neu nengoen, balantza orekatzen duen beste muturrean, katalanez idazten duen idazlea; are gehiago, katalanez pentsatzen duena. Kazetari hark ez dio sekula bere buruari galdetu zergatik ez duen, adibidez, polonieraz pentsatzen; aldiz, ni nazionalista naiz katalanez idazten dudalako. Adjektiboa eta antonimoak, itxia, erredukzionista; azken batean, gaur egungo joeretan homologa ezin daitekeena… Adjektiboa: nazionalista naiz eta kito… Ezin naiz besterik izan, ezta bilakaerarik ñimiñoena izan duen nazionalista ere. Alemaniaz alemanez idazten duen idazle alemaniarra… nazionalista al da? Ausartuko al litzateke Günter Grass-i etiketa bera leporatzen? Nazionalista al zen Proust? Nazionalista al da Segre ibaiertzera hurbildu eta han hala hola bizi diren maliarrekin eta senegaldarrekin hitz egitea? Batzuek etiketa irrigarriak erabiltzen dituzte literatura beste elementu batzuen mende jartzeko, literatura feminista, ekologista… literatura nazionalista, Kataluniaz ari direnean. Nazionalista? Zergatik? Frantsesez eta ingelesez hitz egin ondoren liburua katalanez idatziz bukatuko dudalako? Nazionalistak al ziren Bulgakov, Steinbeck eta Garcia Marquez beren herrikideen gorabeherak kontatzeagatik? Edo nazio eta hizkuntza txikiekin bakarrik erabiltzen den kalifikatzailea al da? Gogoan ditut Francoren garaian atzerrian idazten jarraitu zuten idazle erbesteratuak. Edo hemen gelditu zirenak, katalanez idazteko eta argitaratzeko debekuarekin, norberaren herrian preso… Ausartuko al litzateke kazetari hori harrokeria berberaz nazionalistak zirela esatera? Justifikatzera behartzen gaituen une honetara iritsita, begien bistakoa dena demostratzera, uste dut ezinbestekoa dela gauzak argi esatea.

Batzuetan nekagarri ere egiten da, gaia oharkabean azaleratzen baita ia beti eta katramilatu egiten gaituelako. Gustura alboratuko nituzke eztabaida antzu hauek, baina uste dut herri honetan ezinezkoa dela. Fredric Jameson-k dioen bezala –eta zin egiten dut ez dudala liburu aipamen gehiagorik egingo–, hirugarren munduko literatura guztiak literatura nazionalak dira, alegorikoak, beren kontakizunen bidez beren buruak azaltzen saiatzen direnak. Beharbada horrela izango da hori, baina jakina, AEBetan bizi den norbaitek eginiko baieztapena dela kontuan harturik, uste dut ñabardura batzuk merezi dituela. Esan liteke, beraz, literatura batzuek hirugarren munduko literaturen ezaugarriak eta konnotazioak hartzen dituztela, estutzen dituzten indarren, herentzia historikoaren eta arnasten duten airearen gabezien ondorioz. Kataluniako literatura ere, zati batean bederen, erresistentzia literatura izan daiteke, gogoeta egiten duen literatura, izateko aukerei buruz, etorkizunera proiektatzeko aukerei buruz, beste literaturei zerbait eskain diezaiekeen izate autonomo gisa garatzeko dituen aukerei buruz. Hots, kontakizun propioa eskaini nahi lukeena, beste literaturek irakurri, ulertu, hartu edota baztertu lezaketen kontakizuna. Hain zuzen, beste literaturek egiten duten gauza berbera, gurea baino egoera hobean edo okerragoan. Literaturak eraikuntza nazionala bultzatzen duela idatziko banu, gaur egun Katalunian honek zentzua baduela, ez duela zerikusirik Espainian behin eta berriz aipatzen duten nazionalismoarekin… hitz horiek irakurtzean eskandalizatu egingo liratekeen horiek… onartuko al lukete erresistentzia tresna ere bihur daitekeela? Literatur erresistentzia, jakina, zentzu estetikoarekin, denboran irauteko borondatearekin eta beste literatura batzuetara itzulia izateko xedearekin. Mundu dinamiko batean bizi garela kontuan harturik, marruskaduraz, talkaz eta kontrastez beteriko eremuan, tresna horrek ez luke zertan baketsu eta otzan izan, sortzailea eta eraikitzailea baizik, aurreratua, eta jakitun naiz adjektiboen esanahi semantikoaz… Nire ustez, hizkuntza txikiei (lexikoak berak ere traizio egiten digu: txikiak, zeri dagokionez?) itxiak eta baztertzaileak izatea leporatzen zaienean, egiazki itxiak eta baztertzaileak izatea nahi lukeen ahotsa mintzo da. Ez ote da izango espazio jakin bat okupatzeko –edozein aitzakiarekin eta edonola– interesa dagoelako? Beste hizkuntza batean bizi den espazioa, beste hizkuntza batean pentsatzen duena, kontsumitzen duena eta, are arriskutsuagoa dena, irauteko borondatea duena.

Zeren eta, azken batean, horretaz ere ari bainaiz... Alegia, gure jokalekua ez dela horren txikia onartzea, literaturak ez baitu bere ahalmena kilometro karratutan edo milioika biztanletan neurtzen. Ez dagoela ikuspegi horizontal bakarra, paisajistikoa, ohartzea. Aldiz, mila urteko existentzian oinarritzen den esanahia duela, esanahia eta premia eraikitzen emandako mila urte, literaturarentzat abiapuntu eta helmuga izan behar lukeena ezinbestean. Besteak beste, ez dagoelako alternatiba posiblerik, biziraupen kontu hutsa da.

Hiru liburuz osatutako bigarren ziklo bat amaitu da eta gaiak betikoa izaten jarraitzen duela iruditzen zait, kontakizunaren aukera, galdera guztiak eta horren erantzun gutxi dituen aukera… Els camps de força ibilbide baten helmuga da: etxera itzultzea, jaiolekura itzultzea, eta oraindik gogoan ditudan lekuetatik eta gaur egun jada ez diren lekuetatik ibiltzea, eta jendeari galdetzea, ezin bainaiz jada nire etxeaz mintzo. 18 urterekin alde egin nuen eta ez naiz itzuli, bizitzera. Urte gutxi barru, edozein atzerritar bezain arrotz izango naiz. Gogoan izango ditut paisaiak, anekdotak, oroitzapenak, baina jada ez da nire etxea izango. Era berean, aurreko liburuek ere nireak izateari utzi diote. Bigarren proiektu hau amaitzen dudanean, berriro ere hemendik alde egitea bezala izango da. Hemezortzi urte nituenetik (orain hogeita hamalau ditut) hamazazpi etxetan bizi izan naiz, zazpi herri eta hiritan. Abian jarri ditudan bi proiektuak utzi behar izan ditudan etxeak bezalakoak izan dira. Ez ziren etxeak, txabolak edo etxolak baizik, dena behin-behinekoa, nork bere gain hartu behar dituen aldaketen zain. Ezinezkoa, beraz, leku hauei buruzko kontakizunik egitea Els ventres de la terra-n egin nuen moduan.

Dena aldatu egiten da. Berriro ere, beste leku batzuk, beste espazio batzuk, beste berriemaile, tonu eta estilo batzuk. Herrialde honi buruz idaztea, den bezalakoa azaltzea, erronkari iruzur egin gabe, mendebalerantz begi-bazterraz begiratu gabe, idatzi nahi duen norbaitek nazioa normaltasunez har dezakeela onartuz… posible al da? Kontu praktiko bat da, kontu guztiz literarioa den aldetik. Kontakizuna deskribatzearen zentzua hauxe da: zer garen ahalik eta hobekien jakitea eta garen hori besteei ulertaraztea. Alemaniar korrespontsalaren kasua paradigmatikoa da: gu geu gai ez bagara gure kontakizunak eta diskurtsoak sortzeko, beste batzuk izango dira hori egingo dutenak; are okerrago, beste batzuk izango dira hemendik bertatik gure izenean hori egingo dutenak. Kazetariak ez lioke sekula era honetako galderarik egingo frantziar edo suediar idazle bati. Nahikoa ikusi, irakurri eta bizi izan dugu jakiteko zer-nolako albisteak ematen diren Kataluniari buruz espainiar estatuko hedabideetatik eta hedabide horien mende dauden bertako iturrietatik. Fikzioan bizitzea aurpegiratzen digute sarri, eta batzuetan, gauza bera behin eta berriro entzutearen poderioz, gure neurrira eginiko mundu bat eraiki dugula sinestera irits gaitezke, estatu batek sor dezakeen dudarik gabeko errealitatearekin kontrastatzen duena, gezurretan oinarritutako historia eraiki dugula; aldamenekoek, aldiz, harri landuan eraiki dute berea, arrakala bat bera ere gabe. Azken batean, identitatea, nortasuna edo borondatea bezalako kontzeptuak fabrika akatsarekin sortzen direla Katalunian, beste herrialdeetan ez bezala. Frankismoaren asmo homogeneizatzaileek –aurreko inertzia historikoen ondorio– bizirik diraute osasuntsu Espainia demokratikoan, eta sektore intelektual zabalek, argitaratutako iritziak eta Espainia “biek” babesten dituzte: eskuinak eta, ñabardura bat edo besterekin bada ere, baita ezkerrak ere. Hori gutxi balitz, Kataluniako alderdi politiko eta enpresa taldeen interesek are gehiago zailtzen dute eztabaida hau testuinguru egokian kokatzea.

Horregatik guztiagatik, erantzukizuna bikoitza da (eta erantzukizun horrekiko urruntze ironikoak ere garrantzia bikoitza du). Litekeena da literaturak gauza handirik egin ezin izatea. Egia da. Nolanahi ere, ba al dago beste aukerarik? Jakin badakigu estetikaren arauak eta politikarenak ez direla berberak izaten, baina, ez al dute literatura guztiek hemen egin nahi dugun gauza berbera egin? Ez al dago morala eta sorkuntza senidetzen dituen zentzu intimorik? Eta herrialdea kontatzeko eta birpentsatzeko premia hori, ez al dugu Coetzee, Pessoa, Faulkner, Minchon… eta beste hainbatengan aurkitzen? Ziurrenik, hemen egin daitekeenaren eta atzerriko literaturen arteko korrelazioa da ahotsik gabe utzi nahi gaituena gehien mintzen duena. Horren ondorio lirateke Kataluniako literaturari egozten zaizkion ospeak, adjektiboak berriz ere, nazionalista, kasposoa, baztertzailea, diruz lagundua… Helburua gure lana deshomologatzea baita. Idazteagatik barkamena eskatu behar dugula iruditzen zait.

Horiek horrela, ezin esan daiteke Katalunian egoera oso itxaropentsua bizi dugunik. Jakina, erantzukizunaren zati bat gurea da. Aitzakia bila ibili gara aurpegira ez begiratzeagatik, eta aitzakia horietatik guztietatik, bi dira bereziki loa galarazten didatenak. Alde batetik, fikzio moduan landutako berreraikuntza. Sintoma kezkagarriak daude, hala nola eleberri historikoak azken urteotan izan duen goraldi kezkagarri eta susmagarria, kontsumorako memoria historiko baten goraldi ia paraleloarekin; hau da, oraingo eta hemengo errealitatea ezkutatu nahi duen beste garai batzuen aurkezpena. Aipagarria da halaber errealitate bigunaren bikoizketa, kulebroi-en bidez, katalanezko telebista orduak betetzen dituzten kulebroiak, status politikoaren transmisio uhal bihurtu direnak: Ez ote da haien presentzia itogarria pentsamendua trabatzeko modu bat izango, pentsamendu hori irudikatzekoa baino gehiago? Bestetik, arriskutsuagoa dena, tertulianoak, kazetariak, politikoak, kudeatzaileak… senidetzen dituen joera. Salbuespen bitxi batzuk alde batera utzita (horietako batzuk hurbilago daude zentzugabekeriatik gogoetatik baino), iritzi kritiko eta kualitatiboki onargarri bat sortzea eragozten duten adostasun handiak daude. Kazetariek esparru publikoa eta pribatua konbinatzen dituzte; politikoek aurretik kudeatu dituzten sektoretako enpresetako zuzendaritza kontseiluetan aurkitzen dute beren lekua; kudeatzaileek beren eserlekua aldatzen dute tokiz erakunde ofizial batetik museo batera, eta egunkari baten zuzendaritzara ondoren… Bien bitartean, herritarren gaitasun kritikoa eta autokritika ia ezdeusak dira. Elementu horiek guztiek ere eragina dute kultur eraikuntzarako gaitasunean, eta egoera bereziki larria da hemen eraikitzen ez duguna azkenean Espainiatik ekartzen digutelako. Are arriskutsuagoa dena, gure gobernu eta erakundeek ontzat ematen dute egoera hau eta babes politiko eta ideologikoa ematen diote. Batzuek oasia deitu diote egoera politiko honi. Hedabideak eta botere ekonomikoa gehitzen zaizkionean, izua ematen du pentsatzeak. Ba al dago horrela idazterik?

Testuinguru honetan, fikzioa da galtzaile. Ispilu bat edo marko bat jartze hutsak, kronika formatua esplizitatzeak, nork bere egin ez duen borondate bat esleitzen dio idazleari; hau da, liburu bat Liburua izatea, kronika bat Kronika izatea, letra larriekin, testu bati mintzagai hartu duen fenomeno osoa azaltzea exijitzea. Sarritan ez da hitz egokirik aurkitzen edozein proiektu berri ñabartzeko, horren ahulak dira grisaren mailaketak. Herrialde hau singulartasunak jota dago; esparru bakoitzak pertsona bat behar du, pertsona bakar bat, liburu bat eta liburu bakar bat, formatu bat, bitarteko bat, estilo bat, produkzio etxe bat, alderdi bat… Dualtasuna urrutiko erronka da; pluraltasuna, ezinezkoa. Begirada eta diskurtsoen multiplizitateak talka egiten du botereak transmiti ditzakeen mezuen sinpletasunarekin. Errealitateari marko bat ipintzeak ez du esan nahi hori errealitatea denik. Hau guztia oinez ibiltzea baino zaharragoa da, baina komeni da errepikatzea: soilik errealitatearen narrazioak daude, eta errealitate hori irakurlearen aurrean jartzeak berreraikitzea esan nahi du, ez suntsitzea, errealitate hori erakargarria ez izan arren, mundua oso konplexua baita funtsean.

Eskerrak badugun historia bat, oso bestelakoak ziren garaiak bizi izan dituzten idazleak… bestela arazoa oso larria izango litzateke. Zorionez hor daude March, Llull, Verdaguer, Pla, Monzó, Bauçà... Sagarra, Ors, Sales eta beste hainbeste... Kontakizunak ezin badira beste kontakizun batzuekin mintzatu, barruan duten guztia lehortu egiten da, hil egiten da. Ihartu egiten dira sustraiak, beste iturri eta beste lur batzuen bila dabiltzan sustraiak, beste sustrai batzuen gainetik eta azpitik pasatzen direnak, beste zuhaitz batzuekin nahasi eta lur barneko geruza sakonenetaraino iristen direnak. Zorionez, ordea, badugu iturririk, eta gure herria oso aberatsa da literaturaren historian arakatzen hasten garenean, aipatutako kontraesanen sustraiek atzera egiten dute denboran. Ba al zuen horren berri alemaniar korrespontsalak? Ba al zuen herrialdearen historiaren edo Ganduxer-en azken hamabost urteetako historiaren berri? Irakurri al du zerbait gaztelaniaz argitaratutako liburuez gainera? Zer Katalunia erakuts diezaieke alemaniarrei gaztelaniaz bakarrik irakurtzen duen pertsona batek? Eta gu, ez gara gai izan gauzak argi azaltzeko edo ez dugu bozgorailurik izan?

Duela zortzi urte hasi nintzen liburuak argitaratzen eta etxera itzuli naiz berriro, Saidí eta Alcarràs-era. Ez dakit nola gertatu den egiazki. La força de la gravetat eta La matèria primera idazteko, Katalunia osoan barrena ibili nintzen eta ez nekien nola bukatuko nuen. Ez nuen argi nola lan egin, trilogiako liburuekin. Eta honekin ere ez. Lan eremua etengabe desegin eta berreraikitzen da, oharrak ke bihurtzen dira, dena aldatzen da bizkor. Etorkinek alde egiten dute, bakar batzuk baino ez dira hemen gelditzen, eta horrela, bataz edo besteaz diozunak ez du zentzurik baldin guztientzat balio ez badu. Batzuetan mamuez ari zarela ematen du. Espektro baten antza handiena duena gizon bat da, Segre ibaiertzean, Saidí-ko aletegi beteez inguraturik. Gainera, dagoeneko ez naiz nire jaiolekukoa sentitzen, eta arbuiatu egiten nau, arrotz naiz, horrenbeste denbora eman dut kanpoan. Erromantizismo postmodernorik gabe, desplazamendu, alteritate, nomadismo edo antzeko konturik gabe. Hori baino askoz sinpleagoa da: alde egin nuen eta jada ez dugu garai bateko naturaltasunarekin elkar ulertzen. Etengabe birpentsatu behar ditugu errealitateari aurre egiteko moduak, errealitatea deskribatzeko erak. Literaturak egiten duen hori… egiten al dute erakundeek? Bata bestearen ondorengo gobernuek, ba al dute legegintzalditik haratago doan epe luzerako proiekturik? Pentsatu al dute beren burua nola ezagutarazi? Alemaniar korrespontsalaren galderen bidez? Interesatzen al zaie?

Els camps de força... Mundu guztia bildu dut nire koadernoetan, bazter guztietako jendeak. Elkarrizketatu ditut senegaldarrak eta gainerako afrikarrak… ganbiarrak, kamerundarrak, mauritaniarrak… Aljeriarrak eta marokoarrak. Bulgariarrak, ukrainarrak, errumaniarrak, poloniarrak eta lituaniarrak… Ekuadortarrak eta txinatarrak… Ez dakit nahikoa izango ote den eskatzen zaidan tolerantzia, kosmopolitismo eta irekitasun kuota betetzeko… Nahiz eta horretarako, hau da, irekia eta tolerantea izateko, hobe gaztelaniaz idatziko banu, era honetako liburuak uztez irakurtzen dituen publikoarentzat. Baina ez. Lehenik, eremu eszentriko bat, urruna… delako.

Bigarrenik, eta lerro hauen hasieran aipatu dudan gu-ra itzuliz, protagonista, azken batean, Baix Cinca-n eta Baix Segrià-n bizi izan den jendea delako: ezin izango dut sekula maliarren kontakizuna azaldu, ez dakit ere interesatzen zaidan. Nik neuk idatziko banu, gezurra esango nuke. Orain dela urtebete hasi nintzen harrera zentro batean maisu. Katalana erakusten diet familia berrelkartze politikei esker Punjab eta Txinatik etorri diren Olot-eko etorkinen seme-alabei. Duela hogei urte baino gehiago hasi nintzen etorkinekin lanean fruta biltzen. Gezurra esango nuke haien historia azaltzeko gai naizela esango banu. Historia hori desitxuratu egingo nuke, ezin bainaiz besteen lekuan jarri. Ez dakit zer adjektibo behar ditudan, baina soilik gutaz idatz dezakedala pentsatzen jarraitzen dut.

(Hitzurun Hizkuntz Zerbitzuak SL katalanetik itzulia)