Mugak haustea: oraina eta geroa

Xabier Mendiguren

0. Gure lotsariak agirian
Lankide eta lagun maiteok:

Hasi ninteke esanez elkartzeko, adierazteko, biltzeko eta manifestatzeko askatasunak gogor mugatuak edo debekatuak dauden leku batetik natorrela; gure herrialdean salbuespen egoera mozorrotu bat pairatzen dugula, eta horren atzean etnozidio plan are arriskutsuagoak ezkutatzen direla. Nire azala ilunxeagoa balitz, horizta edo kobre kolorekoa, begiak oiherrak banitu edo traje exotiko bat, segur aski, sumindura apur bat eta lastima handia sentituko zenukete, eta pertsona sentibera eta mundu zibilizatuko herritar gisa esango: "Jainko maitea! Basakeria galantak gertatzen dira gero, mundu horietan zehar!"

Hala ere, ni naizena naiz, eta dudan itxura dut, eta ongi baino hobeto dakizue nondik natorren. Horregatik, irribarreka egongo zarete, elkartasun pixkabatekin eta apur bat eskandalizaturik, zeuontzat diozuela: "Nolakoak diren euskaldun hauek!" Ez noa, bada, mingarriak bezain –zoritxarrez– egiazkoak diren kontu horiek berritzera, gure lanean eragin esanguratsua badute ere; guztiarekin, gera bitez, behintzat, jasota.

1. Dutxa hotza

Mugak haustea: hona hemen idazle ororen ametsa. Ahotan globalizazioa besterik ez dugun honetan, guztien irismenean dirudi, jomuga saihestezina aintzat hartzeko moduko ezer idazten duen edonorentzat, literatura baten kalitatea, interesa edo traszendentzia neurtuko lukeen kantoi-harria. Baina ez da horrela. Mugak hausteaz ari bagara mugak daudelako da, eta ez muga politikoak soilik, baizik hizkuntza mugak. Artearen edozein eremutan (dantza, pintura, musika klasikoa), zaila baldin bada distantziak gainditzea, mugez gainetik jauzi egin eta nazioartean izen bat lortzea, are eta zailagoa zaigu gure alor apal honetan, non hizkuntza dugun nahitaezko lehengai ordezkaezina. Aritmetika hutsagatik, ezinezkoa da hizkuntza bakoitzeko literatur fruitu guztiak munduko gainerako hizkuntza guztietan edo gehienetan kontsumituko direla pentsatzea. Begiak irekita izatea nahikoa da ohartzeko garai guztietako idazle gehien-gehienak beren hizkuntzan bakarrik irakurri dituztela, eta zentzunak esaten digu etorkizunean ere hala izango dela. Ez da nire asmoa inori burutik behera baldekada ur hotza botatzea: apaltasun eta errealismo bainu bat da, ez besterik; benetan non gauden jakitea, noraino irits gaitezkeen kalkulatzeko.

2. Masaje suspergarria

Hala eta guztiz ere, esandako guztiak gorabehera, zuhurtasunez eta erabaki sendoz aurre egin eta gainditu beharreko erronka dugu gure literaturaren nazioartekotzea. Asko dira horretara bultzatzen gaituzten arrazoiak, ez legoke xehatu beharrik, baina utzidazue, irizpide pedagogikoz bada ere, prozesu horren onuradunak hiru taldetan banatzen: lehen onuraduna, zalantzarik gabe, idazlea bera da, hala ekonomiaren ikuspuntutik nola norberaren gogobetetzea kontuan hartuta: idazle ororen nahia da ahalik eta irakurle gehien izatea, irakurle horien ametsak betetzea, berorien pentsamenduetan eragitea, irakurleen sentiberatasuna moldatzea; irrika neurrigabea da, beharbada, baina hori falta duenak ez du bere denboraren parterik handiena munduen asmaketan, hitzak juntatzen edo istorioen berridazketan ematen. Bigarren, idazlearen komunitateak, berehalakoan ez bada ere, abantailaren batzuk jasotzen ditu: ospe pixka bat, aditzera, kultur zirkuluetan ezagunagoa izatea eta, neurri batean, bere errealitate, pertzepzio eta berezitasunak beste hizkuntza batzuetan islaturik ikustea.

Aurreko biak ez ezik –sobera begibistakoak, bestalde–, bada hirugarren onuradun bat ere: nazioarteko kultur ondarea, gizadia bera. Esandako honek boutade itxura edo hantustekeria itzel baten usaina izan ez dezan, saia nadin xehekiago eta adibideren bat edo besterekin azaltzen: Franz Kafkaren lagun eta albazeak, Max Brodek, Kafkaren nahiari men eginez, haren lan argitaragabe guztiak erre izan balitu, kaltetu nagusia ez zatekeen ez Kafka, ez Pragako hiria izango, ez eta alemaniar literatura ere, baizik eta, haren testuak irakurri izanari esker, gauzen pertzepzioa aldatu eta aberastu zaion irakurleetako bakoitza; gabezia hori berbera izango zukeen alemanez ez dakien orok, baldin eta Itxura aldaketa, Gaztelua, Amerika, Auzia, etab. beste hizkuntza batzuetara itzuli izan ez balira. Honek guztiak –Kafkari buruz esanda oso polita, modernoa eta politikoki zuzena dirudi– berdin-berdin balio du, nire iritzian, gure literaturetako beste autore askorentzat, nahiz eta hizkuntza apal eta minoritarioetakoak izan: gizakia ez da modu berberean ikusten Daniel Castelaoren Cousas irakurri aurretik eta ondorenean; dendako saltzaile xume bati duintasun berezia eskaintzen zaio Merçè Rodoredaren La plaça del diamant irakurri ondoren; eta erresistentzia ekintza batek beste handitasun bat hartzen du Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea behin entzunez gero. Hiru aipatu ditut, gehiago ere aipa nitzake, baina askoz gehiago dira, seguru, ezagutzen ez ditudanak: autore horiek guztiak itzuli eta zabalduko balira, irakurle asko eta askoren unibertsoa are aberatsagoa egingo litzateke; ez ezagutzeak, beraz, gure izatea estuagoa eta lauagoa egiten du.

3. Atletak bakarka egiten du lasterka

Konbentzitu beharrik ez zuena –lehendik hala zegoelako– itzulpenaren ontasunaz konbentzitzen saiatu ondoren, gatozen arazoaren muinera: eta nola arraio lortzen da mugak hauste hori? Gure ahalmenak gainditzen dituen arazo bati aurre egitean eta nola konpondu ez dakigunean –gure herrian behintzat hala gertatzen da hizkuntzaren normalizazioarekin zerikusia duen gairen bat mahairatzen bada–, nire ustez fetitxetik panazeatik baino gehiago duen erremedio batera jotzen dugu beti: plangintzara. "Planifikatu beharra dago –esan da gure artean– zer egile itzuli, zer izenburu, zer genero, zer hizkuntzetara, zenbat titulu urtean..." Aurrerago ñabartuko dut orain diodana, baina hasteko, ez nator bat. Eta ez merkatuaren bertuteetan edo autoerregulazioaren ontasunean sinesten dudalako. Ezta hurrik eman ere. Baina idaztea, funtsean, bakarkako ekintza den bezalaxe, idazlearen talentuari eta sentiberatasunari estuki lotua, emaitzaren zabalkundea, ezinbestean, aurreikusi ezin diren faktore sail baten mende egongo da. Hona horietako batzuk: idazleak beste idazle batzuekin edo beste hizkuntza batzuetako itzultzaileekin dituen harreman pertsonalak, berorien artean sor litekeen adiskidetasuna edo konplizitatea, jatorrizko obrak idazle edo itzultzaile lagunarengan eragiten duen lilura maila, itzultzaile edo idazle horrek itzulpena argitaratzera anima daitekeen editorea konbentzitzeko izan dezakeen gaitasuna... Gehiegi dira faktore zehazgaitzak, eta horregatik sinesten dut faktore pertsonalaren garrantzian, nahiz eta horrek bazterrean uzten gaituen nazioarteko harreman sozialak lantzen ez ditugun idazleok. Beti horrela izan da eta ez dago zertan eskandalizaturik. Goian aipatu bezalako –eman dezagun– bost urteko plan batek, aurrekontu publiko eskuzabal baten babesa izanda ere, pertsona arteko harremanen alderdi informal hori ahaztuko balu, egoera absurdu batera eraman gintzake: dozenaka itzulpen izatera, beste hainbat disketetan, eta argitaratu nahi dituen editorerik ez egotera, edota inork aintzat hartzen ez dituen argitalpen hipersubentzionatuak izatera.

4. Beharrezko azpiegiturak

Inor aurka atera baino lehen, neuk egingo diot kontra neronek esandakoari: egilearen beraren edo suertearen esku utzitako harremanetan sor litekeen feeling hutsaz fidatzen bagara, ez daukagu zer eginik; neoliberalismoa negargarria da hizkuntza minoritarioentzat, eta gure ahalegin gogotsua politika aktibo, ongi pentsatu eta antolatuen bitartez bermatu beharra dago. Ez dut gure eginkizunak behar dituen egituren eskema zehatz eta itxi bat proposatzeko asmorik, beste arrazoi batzuen artean, kultura bakoitzaren baldintza partikularrek eragin garrantzitsua izango dutelako eskema horien ezaugarrietan (esate baterako, ez da berdin hizkuntza erromaniko batekin jokatzea edo gainerako hizkuntza ezagunekin zerikusi tipologikorik ez duen batekin lan egitea). Erantzun premian dauden galdera batzuk egingo ditut, beste gabe, erantzutea beti erraza izango ez bada ere. Eztabaidarako baliozkoak izatea espero dut.

–Kalitate eta kanporako proiekzio handiagoa duten idazle gutxi batzuen nazioartekotzea bultzatzen da argi eta garbi, edota baldintza berberak eskaintzen dira gutxieneko baldintza batzuk betetzen dituen idazle ororentzat?

–Hurbiltasun geografiko eta kulturalari egin behar zaio kasu, gero zirkulu kontzentrikoetan hedatzeko, edo zuzenean eragin handieneko guneetara heltzen saiatu behar da? Gure kasura aplikaturik: hasteko gaztelaniara itzuliko dugu eta gero gerokoak, ala ingelesezko merkatura (edo alemanezkora) sartu behar dugu?

–Itzulpen kopuru handi bat egitetik abiatzen gara, argitaratzailerik izango duten seguru jakin gabe ere, ala bultzatu nahi dugun testu bakoitzari argitaletxea bilatzen saiatuko gara?

–Arazo nagusia, jakina, zera da: laguntzarik badugun ala ez, eta zenbatekoak. Baina finantza aldetik babesa lortu baldin badugu, laguntza horiek nola antolatu ere erabaki beharra dago: hau da, erakundeei utzi behar al diegu, ahal duten edo dakiten neurrian, beste hizkuntza batzuetara itzulpenak egiteko pizgarriak arautzen? Idazle edo editore elkarteek hartu behar al dituzte gisa horretako erabakiak? Berariaz horretarako sortutako beste erakunde edo fundazio baten aukera egin ote daiteke? Nola ebaluatuko dira emaitzak?

Askoz galdera gehiago ere egin daitezke, jakina, baina hala erantzunak infinituraino biderkatuko genituzke, eta eztabaida behar bezala antolatzeko eragozpenak sortuko lirateke.

Besterik gabe: "Gaizki esanak barkatu, eta ongi esanak gogoan hartu".
Eskerrik asko zuen arretagatik.