Cronologia - Ponències - 2005 - Anselmo López Carreira (eus)

Gure tradizioaren erro historikoak

R. Otero Pedrayo-k, bere Lurrarekiko maitasunez mukuru den liburu batean (Ensaio histórico sobre a cultura galega [Kultura galegoari buruzko saiakera historikoa], 1. argitalpena 1932, gaztelaniaz), Galizaren hiru une bete balizatu zituen: garai zeltikoa, erromanikoa eta barrokoa (197. or.).
Otero Pedrayok erromatar aurreko kultura ahaltsua zuen «zeltiko»-tzat, bai Burdinarena, bai Brontzearena (petroglifoak) eta baita Neolitikoarena(mámoak) ere, nahiz eta idazten zuen garai hartarako (30eko hamarkadako hastapenak) dagoeneko F. López Cuevillas-ek aldi zeltikoa bakar-bakarrik Burdin Arora (K.a. lehen milurtekoa) mugatu izan. Honako mugatze hau, F. López Cuevillas-ek xehetasunez egina zuen eta euskarri arkeologiko sendoetan oinarritua, garai haren materiazko agerpentzat kastroen kultura hartuz.
XIX. mendearen bigarren erdialdean M. Murguía-k eta B. Vicetto-k-historiografia galegoaren gurasoak– aro honetan arreta berezia jarri zuten, eta naziotasun galegoa zimendatu zeneko oinarri etnikoa –esentzia iraunkor hori– zeltengan ikusi nahi izan zuten. Geroko giza-ekarpenek (erromatarrak, sueboak eta bisigodoak) eta gertaera historikoek ukituak besterik ez dizkiote eman esentzia horri, gehiago edo gutxiago, baina beti ere azalekoak izanda, gure nortasunaren arrasto erabakigarri hori deusezteko eskasegiak. Egiazki, kutsu etnizistadun Historiaren filosofia zen, bizi zireneko garaiko ereduen gisa.
Intelektual europarren artean etnizismoa (ordurako biologia kutsu erabakigarria zuena) jada nagusi zen XX. mendeko 30eko hamarkadan. Oterok (Cuevillas eta Riscorekin batera) harekin bat egiten zuen, eta hortaz, hark ere naziotasun galegoaren arraza-esentzia bilatzeari ekin zion. Eta garbiki europarra zekusan (baita «ario»-a ere, baina termino hau II. Mundu Gerratean harturiko metaesanahiaz husturik), eta kultur ekoizpen goreneko garaietan gainezka ageri zena; haren ustez, hortaz, aipaturiko hiru aldi horietan antzemanak. Izan ere, batere arbuiagarriak ez ziren beste aldi batzuk (esaterako, erromatartzea edo Berant Erdi Aroa) inportaturiko energiei egozten zitzaizkion, eta beste batzuk dokumentu- edo monumentu-iturrien agorraldia zela-eta ezezagunak zitzaizkion (Neolitikoaren aurreko Historiaurrea, garai germanikoa, Goiz Erdi Aroa).
Nazio-kultura baten jatorrizko unearen bilaketa artifizioa da, Historia jario etengabea baita, eta bertan «nazioa» deituriko taldenortasun hori sedimentatuz (edo higatuz) doa. Zenbait lekutan besteetan baino gehiago. Galizan zehazki segidak hausturak baino indar handiagoa duela agerikoa da. Bestalde, kultur tradizio esplizituak Historiaz ezagun denaren gainean eraiki ziren Historiaren beraren gainean baino, antza.
J.F. Masdeu-ren (Historia crítica de España y de la cultura española,1783-1805) atarikoetatik abiatuz Murguía-k eta Vicetto-k zeltismoaren gaia onetsi eta berretsi bazuten ere, berehala jarri zen ezbaian. Frankismoaren osagai faxisten babesean iraun zuen biologia ikuskerari esker zori bikaina izan zuen arren, 70eko hamarkadatik aurrera, ordea, eraso biziak jasan ditu: batetik, muturreko objektibotasun arkeologikoa (Europaren erdialdeko zeltismo idealarekin erka daitezkeen materialak ezinbestekotzat hartzen dituena), eta bestetik, ideologia arrazoiak, denboran urruneko berezitasun galegoa aldarrikatzen duen edozein baieztapenekiko alergiadunak. Bi jarrera hauek –azpimarratu beharra dago– baliatu dituztenak ez daude kokatze politiko jakinetara atxikiak; hauei zeharkakoak zaizkie, hartara, XIX. mendearen hondarrean zeltismoak Galizaren nazio-baieztapena bazekarren, gaur egun zeltismoak nahiz antizeltismoak ez du kokapen nazionalistarik edo anti-nazionalistarik.
Edozein modutan, zeltismo garaikideak ez du zuzenean edan ustezko une proto-historiko hartatik, baizik eta hemeretzigarren mendeko ossianismo atlantista izan du abiapuntu. Pondal-en poetikak edo Cunqueiro-ren nahiz Ferrín-en irudimen narratiboak ez dute loturarik milurtekoetan zehar helarazitako erro sakonen tradizio historikoarekin; birsortze garaikideak dira, baina berehala euren iraganarekin lotura kontzientea topatzen duena, iragan hura berraurkitu eta zeltatzat jotzean.
Gogoan hartu, bada, asmakuntza terminoari uko egin diogula, izan ere, motibo plastiko aurrehistorikoen (Brontze Aroko petroglifoak) eta protohistorikoen (epigrafiak eta kastroen eskultura) agerpena apaintze erromatar, germaniar, Goiz Erdi Aroko eta erromanikoetan behin eta berriz azaleratzen da, eta hartara, gure kultur tradizioaren ondaretzat hartzea zilegi da.
Zeltikoaren nolakotasunaren inguruko eztabaida sahiestu nahi izan dugu gaurko honetan. J.C. Bermejo Barrera-ren eta X.A. Fernández Canosa-ren (Nova Historia de Galicia [Galizaren Historia Berria], 1996) iritzi zuhurra geure egiten dugu: haientzat garaikoek Gallaecia hari egokituriko etnonimoa kontuan hartzeak merezi du.
F. López Cuevillas kastroen kulturaren «ahaidetasun etnikoa» zein zen jakiteaz arduratzen zen (La civilización céltica en Galicia [Zibilizazio zeltiarra Galizan], 1953, 24. or.), eta mundu zeltiarraren (saefes) nagusitasuna aurkitu zuen oinarri aldagaitz –bai horixe– aurrezeltiar baten gainean, irauten zuena eta baita ekarpen indoeuroparra moldarazten zuena ere.
Aitzitik, F. Calo Lourido-k (A cultura castrexa, [Kastroen kultura] 1993) eta A. de la Peña Santos-ek (Galicia. Prehistoria, castrexo e primeira romanización [Galiza. Historiaurrea, kastroen garaia eta lehen erromatartzea], 2003) gartsuki egiten diote uko Burdin Aroko geure kulturan zeltismoaren aztarnak antzemateari, eta giza-oinarri bat goresten dute, etnikoki zehaztugabea, geure kultura originaltasun berezi batez hornitzen duena.
Gure Historiako lehen osagai ezagun haiek egungo Galizaren nortasuna zenbateraino osatu duten balioztatzea oso zaila da. Arkeologiak Kantabria eta Douro ibaiaren arteko espazio bat mugatzen du, bertan populatze-moldeetan, kultur adierazpenetan eta eredu ekonomikoan ezaugarri bateratuak nagusituz. Honela, erromatar administrazioak probintzia bihurtuko duen Gallaecia osatu zen, eta XII. mendearen bigarren erdira arte aldaketarik gabe iraungo duena.
Erromatarrek «asmatu» zuten Galicia, esaten denez. Hain zuzen ere, honela deituriko barrutia sortu zuten, baina eremu horretan bizi zen jendartearen artean aurretik bazen komunitatea antzemanez egin zuten: herrixka dentsitate nabarmena, nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-ekonomia xumea, eta Mediterraneoaren eta iparreko mundu zeltiarren arteko loturetarako giltzarri bihurturiko merkataritza-harremanak.
Pena Graña-ren iritziz, Burdin Arora (beronek erabakitasunez zeltatzat duena) arte araka daitezkeen jendeztatze- eta lekuko botere-moldeek Galizaren oinarrizko egitura osatu zuten, garbiki ikusgai dena VI. mendeko Parrochiale Suevumean eta baita ondoren Erdi Aroko jaurgoan ere.
Dena dela, errepika dezagun, ustezko zeltismo protohistorikoak ez zuen Galizan jatorrizko tradizio historiko-kulturalik osatu, Irlandan edo baita Bretainian ere gertatu bezala (edozein modutan, hauetan egungo zeltismoa Erdi Aroko britainiarraren oinordeko da, eta ez aurretiko galoaren oinordeko). Eta arestian esan bezala, ez datoz iturri hartatik ez Berant Erdi Aroko literatura arturikoa ez egungoa, baizik eta ondorengo eta inportaturiko iturrietatik.
Honela izanda ere, eta XX. mendeko 30eko hamarkadako etnizismoaren inplikazio atzerakoien jakitun izanda ere, egungo kultur tradizio zeltiarrak (musikan aipagarria) izaera disidentea duela ukaezina da, espainiarren kultur arketipo berdintzaileen aurrean auto-identifikatze galegorako baliagarria baita.
Zalantzarik gabe (nahiz eta gaurko espazio erabilgarriak haren aurkezpena egitea besterik ez ahalbidetu), askozaz ere interes-garriagoa da gure kultur bilakaeraren beste osagai historiko erabakigarriei begiratzea, hauek gabe ez bailuke azalpenik egungo Galizaren nazio-diseinuak. Hauek guztiak, ordea, alboratu egin ohi dira, Espainiako fikziozko historia ofizialaren ideologemak bakarrik ibiltzearen premia nagusiaren ondorioz.
Bi aro aipatuko ditut azkar batean.
Lehenik, sueboa. Sueboek Galizan (Gallaecia, grosso modo Kantabria eta Lisboa artean) erresuma bat osatu zuten 410. urtetik 585. urtera iraun zuena. Garai hau nahikoa zabaldu zen Erdi Aroko Galizan eraginik izateko moduan, eta gainera, ezagutu ahal izateko iturri (idatziak, numismatikoak eta monumentalak) nahikoak izanda. Aitzitik, bisigodoaren neurriz kanpoko balioztatzean oinarrituriko paradigma hispano-gaztelauaren indarrak sueboa historiografikoki bazterreko bihurtu zuen.
Izan ere, Erdi Aroko munduan lehen mailako garrantzia izan zuten ondorengo alderdi hauek: Erdi Aroko erresuma europear baten sorrera goiztiarra (sueboa izan zen lehena), V. mendearen erdialdetik XI. mendearen amaiera arteko lurralde-mugak finkatu izana, Kontzilioen (561. urtean zen I Bracarensea) erako molde politikoen erakundetzea, zesaro-papismo bizantziarrean arnasturiko monarkia katolikoa, parroki- eta elizbarrutien araberako (ca. 570. urteko Parrochiale Suevum islaturikoa) lurralde- antolakuntza, eta baita Dumioren ekoizpen literarioa ere. Hauek guztiek Galiza modernoaren kultur (edo nazio-) ondarearen osagai arbuia ezinak dira.
Bereziki Martiño de Dumio-ren (+ 580) lana, De correctione rusticorum (eta egile beraren beste obraren bat, ekialdeko elizaren atalen bilduma bezala eta abar), Erdi Aroan gehien ezagutu eta kontsultatutakoen artean dago.
Miro errege sueboaren Kortean (570-583) poeta edo bufoi moduko baten agerpenak, Gregorio de Tours-ek Milagres de San Martiñon emandako lekukotzaren arabera, trobadoreen Erdi Aroko loratzearen aurrekariak iradokitzen dituela proposatu du A. Resende de Oliveira-k (Dicionario da literatura medieval galega e portuguesa [Erdi Aroko literatura galego eta portugesaren hiztegia], 1993, 339. or.), baina ez du merezi susmo honen inguruko usteetan gehiegi sakontzea.
Ez da beharrezkoa. Gure Historiaren igarritako bigarren une batean, lirikaren ernatzea (alde batean utziko baitugu kultur eremu berean txerta daitekeen prosazko ekoizpen latindarra, Historia Compostellana edo Codex Calistinus), XII. mendetik idatziz jasoa, hedaturiko ereduarekiko are disidentzia historiografiko biziagoan kokatzen gaitu.
Jende guztiak zoritxarrez dakien bezala, «Espainiako» Erdi Aroko historia «Errekonkista» deituriko makroparadigma ideologikoaren baitan azaltzen da –harekin batera «Birpopulaketa» egonez–, gerora bertan gertakari gogaikarri zenbait txertatuz. Paradigma horren bitartez egungo Espainia inbaditzaile musulmanaren kontrako apurka-apurkako konkistatik datorrela adierazten zaigu, VIII. mendean Asturiasen abiaturikoa, hurrengo aldiak Leonen eta Gaztelan kokatuz, Errege katolikoen sintesi nazionalera bitarte. Erritmo geldoko (oso geldoko) baina aurreratze geldiezinaren ondorioz, biztanle musulman arrotzen lekua jatorri ipartar eta kristaua zuten biztanleek ordezkatuz joan ziren, hau da, hemeretzigarren mendeak asmaturiko Espainia europear eta katolikoaren altzoko biztanleek. Espainiaren asmakuntza hau Marokoko esku-hartze susmagarriarekiko aldiberekotasunean abiatu zen (XIX. mendearen erdialdean), 98ko belaunaldiko gaztelartasunak kontsagratu zuen (bereziki Menéndez Pidal eta «Centro de Estudios Históricos») eta espainiar erakunde akademikoen bitartez gaur egun arte iraun duenak.
Beraz: zein leku betetzen du diskurtso honetan galegoz dagoen lirikak, hain dirdaitsu izanagatik Penintsulako panorama literarioan nagusi izan zena bai Erdi Aro betean bai Berant Erdi Aroko aldi batean? Zein leku du, halaber, iturri idatzi kristau eta musulmanek nabarmenduriko –Lafuentek eta Sánchez-Albornozek ezagun zutena– Galizako erresuma, baina historiografia ofizialak (noski) ezkutatu duena?
Honako bi fenomeno hauek (bestalde, ukaezinak) aipaturiko historiografia espainiarraren ideologia suntsitu egiten dute eta garaiaren berrirakurketa osoa egitera derrigortzen du. Une honetan ez gara ausartuko honen guztiaren eztabaida orokorra egiten (beste lan batean berriki egina dugu: O Reino medieval de Galicia. Contribución á súa historia política [Galizako Erdi Aroko Erresuma. Historia politikoari ekarpena], 2005). Mahaiaren gainean funtsezkoa iruditzen zaigun alderdi bat jartzearekin asebeteko gara: Galiza kristauaren eta Espainia musulman auzokidearen arteko harremanaren tonua, izan ere, errekonkista- birpopulaketa eskemak (nahiz eta tarteka apaldu nahi izan) Islamarekiko harreman liskartsu etengabea eta konponezina dakar, ez bada otzantasun eta menderatzearen bitartez. Baina ikuskera berdintzaile eta intolerante honek (juduekiko harremanetara hedagarri dena), geure kultur osagaien murriztaile denak, errealitate historikoarekin talka egiten du.
Ez dugu asmorik Sánchez-Albornoz eta Américo Castro-ren arteko eztabaida ezaguna berresateko asmorik: lehenaren ustetan, «Espainia» birpopulaketa kristauaren emaitza zen, eta bigarrenaren ustetan, kultura kristau, kultura musulman eta hebrear kulturaren arteko sintesia zen. Biak ala biak murriztaile. Galizako espaziora eta X. mendetik XI. menderako iragaitera mugatuko gara, Europan Erdi Aro betearen mundu feudala sortzen den unean, Kantutegien lirika jaio zeneko hura.
Egoera hartan, Erresuma galaikoa andalustar kaliferriaren eragin nagusiaren eta Frantzia eta Aitasantutzatik zetorren eraginaren artean kulunka zebilen (Clunyko ordenak garaturiko gregoriar erreforma).
Ordura arte –eta ziurta daiteke, baita VIII. mendetik ere– Erresuma Galaikoa, behin ere ez kordobar dependentzia zuzenari lotua, andalustar eremuan mugitu zen, bereziki IX eta X. Mendeetan zehar, artean gartsuki nabari den eragina («mozarabiar» deiturikoarkitektura, oker izendatua ziur asko bertakoa zen-eta) eta baita onomastikan ere. Zoritxarrez ez dira gorde elkarrekiko eraginaren lekukotzarik; litekeen eragina, bestalde, Al-Andalus-en poesia indartsua loratu zeneko garaian, idazle musulman eta juduen lanak. Idazlan hauetako tematikak eta baita estiloak ere gogora dakartzate geroko kantiga galegoak. Erdi Aroko gure literaturaren andalustar eragina azpimarratu zuten jada M. Rodrigues Lapa-k eta G. Tanavi-k, eta ikuskera hau begitartean izatea komeni da, izan ere, errekonkistaren ideologemak baieztaturikoaren aurka, andalustar munduaren eta mundu galaikoaren arteko Goiz Erdi Aroko harremanak oso estuak izan ziren alderdi guztietan: eremu politiko-militarrean, ekonomian (Konpostela Espainia musulmana eta Europaren arteko merkataritzaren erdigunea zen) eta baita kulturan ere.
Andalustar eragin hau gainbehera doa kordobar kalifaldiaren (1031) desegitearen ondorioz, eta horren ordez Europa erdialdekoa finkatzen da. Orduan loratu zen gure lirika, maitasun kantigen proventzar ahaidetasun ezaguna zuena, franko-italiar moldeko apurkako feudalizatzearen adierazpen zena. Aitzitik, bere osagaietariko batzuk ezin dira azaldu iturri horretatik abiatuz, baizik eta aurretik baziren beste osagaien bitartez, eta hartara, berezko tradizio lirikoaren iraunaldia ziurtzat hartu behar da.
Ondorioz, andalustar auzokideekiko eta frantziarrekiko erresuma galegoaren independentziak bertako ondarea hauengandik jasotako eraginetatik(karolinjioa VIII. mendera arte, musulmana XI. mendera arte, eta Europa erdialdekoa data horretatik aurrera) garbitzea ahalbidetu bazuen, Galizaren kultur eraketak Erdi Aro betean, hau da, gure naziotasunaren eratze-aldian, ez zion gartsuki uko egin hauetako osagaietako bati ere ez, baizik eta haien zordun da bereganatze-prozesu dialektikoan.

Iratxe Retolaza Gutierrezek galegotik itzulia