Andoni Sarriegi Eskisabel (eus)

Jasotako Hizkunta-Tradizoa

Hizkuntza-tradizioari eusteko zailtasunak

Oso maiz entzuten edo irakurtzen dugu hedabideetan «Istripua izan da eta errepidean kola handiak daude». «Kola» mailegu baino gehiago kalko berri-berria da. Askoz jatorragoa da noski «Istripua izan da eta auto-ilara handiak daude» esatea edo idaztea, «ilara» mailegu zahar errotuarekin alegia. Berdin, «Mezara joan» singularrean usadiozko «Mezatara joan» mugagabekoaren ordez, edota «Gazteei zuzenduriko ikastaroa antolatu da» («dirigido a»-ren kalkoa) «Gazteentzako ikastaroa antolatu da» soziatiboarekin egin ordez. Eta bila hasiz gero, baita beste horrelako mila ere agian. Adibide batzuk besterik ez dira, baina bi hitzetan laburbilduta esateko, euskaldunok, jasotako hizkuntza-tradizioari ezin eutsiz bizi gara.

Gure aurrekoek jaso zutenarekoek jaso zutena

Saussure-ren hitzekin esanda, iragan mendeetan zehar euskaraz bizi izan eta euskara baizik ez zekiten euskaldunek, beren euskalkietan erabiltzen zituzten adierazien (kontzeptuen, esanahien) eta adierazleen(1) (esateko erabilitako fonema-segiden, irudi akustikoen edo hitzen) arteko logika eta komunztadura erabatekoak zituzten. Halaber komunztadura hori gorde egiten zen eta gaur egun ere gorde egiten da orduko izenetan, orografiaren nahiz geografiaren eta hizkuntzaren arteko erlazioz eratutako leku-izenetan, beraz, argi eta garbi esan daiteke, elebakar haien adieraziak (kontzeptuak) eta adierazleak (ahozko mintzairak, tresnek) uztarketa osoa zutela eta esaten zutena pentsatzen zutenarekin ados eta bat zetorrela.
Hori, lehengoak lehengo, XVIII. mende-amaieran eta XIX. mendean hasi zitzaigun aldatzen nagusiki. Alde batetik, Frantziako Iraultzak(2) mende horietan ekarritako ondorioek, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, gaur oraindik emendatu ez den derrigorrezko frantses eskolaren eta administrazioaren (soldaduska barne) eraginak ezarri zituzten eta XX. mendeko bi gerra handiek (1914-1918 eta 1939-1945), hori dena eta gizartea osorik frantsesten joateko prozesua areagotu egin zuten. Bestetik, Hego Euskal Herrian Foruen galerak, Espainiako Moyano legeak (1857(3) eta Canovasen agintaritzak 1876tik aurrera, gauza bera ekarri zuten Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroara derrigorrezko espainierazko eskolarekin eta administrazioarekin (soldaduska barne). Beraz, euskaldun herritar guztiak derrigorrez hizkuntza arrotzeko eskolara joan behar hori, lehendik zetozen administrazioko erdal hizkuntzen erabilera areagotuekin batera, kolokan jartzen hasi zen lehengo hizkuntza-tradizioaren logika eta komunztadura hura, eta euskalki guztietako euskaldunak adieraziaren eta adierazlearen artean nahasmenduak izaten hasi ziren. Hori dena noski areagotu egin zen XX. mende osoan zehar, eta nahasmenduetatik haratago, ordura arte erdaren muga-herri ez izanik euskaldun elebakarrak gordetzen zituzten herriak ere hizkuntza-galerak izateraino iritsi ziren.
Gainera, XIX. mende-amaieratik aurrera hasi eta XX. mendearen hasieran egindako berreskuratze-bide xume, labur eta gorabe-heratsua (Ikastolak, Euskaltzaindia, lore-jokoak, bertsolari- txapelketak, etab. sortuz), erabat bortxatua eta zapuztua gertatu zen 1936an Hego Euskal Herriko herrialde guztietan eta 1960.eko hamarkadan berriro hedatzen hasi zen mugimendua iritsi arte erabat suntsitua izan zen.
Bestalde, garai desberdinetan eta maila pertsonalean, euskara idatzia ahozkoarekin lotzeko ahalegin historiko batzuk izan zirela aipatuta utzi zigun Joan San Martin euskaltzain zendu berriak Zeruko Argian(4).

Guk jaso genuena

XX. mendearen erdi-erdian, Euskal Herri osoan zehar, nola Espainiako diktadurapean hala Frantziako demokraziapean, euskaldunok, gurasoak, familia eta onenean ere auzoa edo herrixka izan genituen geure hizkuntzaren altxor, gordailu eta gotorleku. Kasu batzuetan eta leku batzuetan, Eliza Katolikoko elizgizon batzuek ere lagundu zuten hizkuntzaren tradizioa gordetzen, baina ez hainbeste Elizak erakunde moduan, beti atzetik eta besterik ezin egin zuenean egin zuen eta. Gaur oraindik Eliza Katolikoak euskaraz jarduteko ez du benetako hizkuntza-planteamendurik egin Euskal Herrian eta beste Elizek berriz are gutxiago.
Eskolak, berriz, geure hizkuntza-tradizioarekiko aurkako lana egin izan du beti Ikastolek indarra hartu arte (1980tik aurrera beharrak beharra eraginda aldaketa hasi zen arte). Hizkuntza bagenuela ere ukatu egiten zigun eta geurea ez zen eta ahozkotasunean gurean tradiziorik ez zuen hizkuntza inposatzen zigun. Bestalde, idazle euskaldunen lanak (gure klasikoenak)ezkutuan zeuden, euskaldun gehienok ez genekien bazirenik ere, inork inon ez zigun haien berririk eman (Apaizgaitegi eta Komentu batzuetan apaiz eta fraide gogotsu batzuek salbu) eta ia-ia inon ez ziren salgai ere agertzen (urte batzuetan euskarazko liburuak argitaratzea eta saltzea debekatuta ere egon zen Hego Euskal Herrian(5, erdi-ezkutuan komenturen batean edo bestean aurki zitezkeen elizako libururen batzuk salbu.6 Etxe arruntetan, berriz, ez zen haien berri izateko adinako ikasketa- eta informazio-mailarik. Nik neuk adibidez, eta neure ingurukoek, 1968-70 inguruko alfabetatze-jardueretan, ia ezkutuan jakin genuen zerbait euskal idazle batzuez, baina multikopian prestatutako paper haietaz at, ez genuen haien liburu askorik erosi eta irakurtzerik izan, merkatuan ez ziren aurkitzen eta. Adibidez, garai hartan hiztegirik onenetakotzat jotzen zen R. M. Azkuerena, 1980ra arte ez nuen inon topatu.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan aldiz, hiritartutako herri handienetan ez bezala, herri txiki eta ertain nekazarietan, euskaldunak, doktrinaren inguruan alfabetatu ziren hein batean Elizen esparruan beren euskalkietan. Uztaritzeko Apaizgaitegiko apaiz batzuek ere izan zuten alfabetatze haietan beren eragina. 1903ko Gobernu frantziarraren lege batek, ordea, debekatu egin zuen hori egiteko aukera.
Beraz, euskaldun gehienok, baldintza horietan eta ahoz aho jaso genuen hizkuntza-tradizioa, geure familietan eta auzoetan. Gainera, jaso genuenean, hizkuntza erabat gutxietsita zegoen, aurrerakoi-usteko euskaldunek eta gizarteko goi-mailetakoek, jakinda ere ez zuten erabili nahi, askotan hizkuntzaren erabilera ekintza politiko moduan salatzen zen Hego Euskal Herrian(7), eta geure gurasoak eta auzotarrak ere, erdararen eragin bizi eta gorriaren mende bizi ziren eguneroko bizitzan, horrek zekartzan hizkuntza-tradizioaren galera, truke, nahasmendu, ordezkapen, garapen-gabezia eta gainerako kalte guztiekin.
Bestalde kontuan izan, artean euskara baturik ez genuela (1968 arte), idatzizko lan guztiak (literaturakoak eta bestelako apurrak) euskalkietan idatziak zirela, bai klasikoak eta baita ordura arteko XX. mendekoak ere. XX. mendearen hasiera iritsi arte espainieraren eta frantsesaren ortografiekin idatziak izan ziren eta XX. mendeko ortografia berria ere erabat arautu gabe zegoen artean.

Aldaketa

Ba giro horretan, ezinbestean, alde batetik eskola euskalduntzea helburu zuten ikastolak garatu ziren. 1914an Donostian sortu eta gauzatzen hasitako proiektuaren ildotik, 1936 arte gorantz joan ziren, baina gerrarekin erabateko etena jasan zuten. 1940.eko hamarkadan ezkutuan hasi ziren berriro lanean Donostian baina 1960.eko hamarkada iritsi arte ez ziren hasi herriz herri zabaltzen eta haur-eskola mailatik gora autonomoki eratzen Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian, berriz, 1980.eko hamarkadan hasi ziren hedatzen. Eskolak berez, etorkizunerako garrantzi izugarria zuen eta du, jasotako hizkuntza-tradizioa gorde eta hobetzeko tresna moduan, baina oso epe luzerako lana zen eta da, eta gaur egun oraindik, proiektua ez da irakaskuntza osoan burutzera iritsi.
Beste aldetik, eginkizun horretan garrantzi izugarria izan zuen eta duen beste ekimen bikoitz bat sortu zen: Euskaldunen alfabetatzea, hots, ahozkotasunari idatzizkoa uztartzeko saiakera eta horren lagungarri Erdaldunen euskalduntzea bere azken helburua jakitezko edo kulturako bidetik, hots, ikasketa bidez, erdaldunak ere euskaldun alfabetatu bihur zitzakeena(8). Mugarri bat jartzekotan 1966-67 ikasturtea jar daiteke. Rikardo Arregi zenak, beste batzuekin batera Euskaltzaindia eragiteaz gainera, egundoko kanpaina egin zuen Hego Euskal Herrian euskaldunak bizi ziren eskualdeetan alfabetatzea iragartzen. Horren fruitu izan zen Euskaltzaindiak antolatuta Donostiako Musika Kontserbatorioan 1967ko abuztuaren 27tik irailaren 2ra eman zen lehenengo alfabetatze-ikastaro «ofiziala».9 1966-67 ikasturtean halaber, Jon Oñatibia zenak gauza bera egin zuen euskalduntzeko Método de Euskera Radiofónico izenekoa asmatu eta irrati bidez nahiz aurrez aurreko ikastaroetan zabaltzen hasi zenean(10). Euskalkiak hartu zituen oinarritzat eta hiru euskalkitan jarduteraino iritsi zen(11). Bi gertakari horiek izugarriak izan ziren eta hurrengo ikasturtean zehar herriz herri eta eskualdez eskualde hedatzen joan ziren Hego Euskal Herrian zehar lehenik eta baita Ipar Euskal Herrian ere 1980.eko hamarkadatiik aurrera. Alfabetatzeak, euskaldunak ahoz jasotako hizkuntza-tradizioa ordenatu, ondu eta hizkuntza idatziarekin lotu zuen eta helduentzako bestelako eskolarik ezean, gaur egungo euskararen arloko langile eta profesionalik zaharrenen trebakuntzako gune bihurtu zen. Hura izan zen zalantzarik gabe, gaur egun euskaraz garatua dugun gehien-gehienaren hasikina eta oraindik ere ez da gelditu Euskaltegien jardunean. Horren lagungarri izan da, kopurutan askoz ere handiagoa izan den, baina hizkuntza-tradizioa agian hain ongi transmititzea lortu ez duen euskalduntzea. Horrek ere Euskaltegietan dirau eta nola batak ala besteak, eskolen eragina gorabehera, oraindik ere urte luzetarako zeregina dute. Salbuespenak salbu, euskaldun berriei transmititu diegun hizkuntza-tradizioaren etekina, ordea, urri samarra izan da eta Euskararen tituluak lortuta ere, proportzioan gutxiegik dute behar luketen euskal sena.
Beraz, 1967ra arte irakas-sistema eta gainerako ikaste-bide guztiak erdaraz izan genituenok, borondatez, militantziaz eta kontzientziaz, lehenengo aldiz izan genuen aukera, geure hizkuntza, literatura, etab., irakurtzen eta ikasten hasteko. Une hartan, geure altxor genuen etxeko eta auzoko ahozko hizkuntza-tradizio soila, geure euskalkian jasoa, arautzea eta estandarizatzea falta zitzaiguna eta usadiozko eduki jator-jatorrak berekin zituen arren jada gurasoen belaunaldiak zituen gabeziekin galeran hasia, idatzizko kultura-munduarekin lotzen hasi ahal izan ginen.
Zentzu horretan esan beharra dago, 1968an Euskaltzaindiak Euskara Batua eratzeko eta arautzeko hartutako lehen erabakiak (oinarrizkoak) hil ala bizikoak izan zirela. Pauli Davilak(12) hiru epe bereizten ditu euskal alfabetatzean: Alfabetatze murriztua (1940-1969), alfabetatze hedakorra (1970-1980) eta alfabetatze instituzionala (1981-1992), artikulua idatzi zuen artekoa, baina hirugarren horrek aurrera jarraitzen du gaur egun ere. Hain zuzen ere, alfabetatze murriztuaren aro-amaieran gauzatu zela dio Euskara Batuaren hasiera eta horri esker alfabetatze hedakorrari ekin ahal izan zitzaiola dio.
Bestalde, euskalduntzea eta alfabetatzea euskal naziogintzari lotutako ekintza izan da beti eta gainera gizarte euskaldunean benetan txertatzeko ezinbesteko osagaia ere izan da eta gaur egun ere hala da(13). Baina ez ziren euskaldun guztien indarrak aldekoak izan. Kontraesana dirudien arren, euskaldun tradizionalenen edo Euskal Herri ikuspegi argirik ez zutenen aurkako erreakzioak ere izan zituen Euskara Batuak14 eta, zer esanik ez, euskal naziogintzaren aurka zeuden eta dauden indar atzerakoienenak oro har.

Ajeak eta gabeziak

Euskara Batuaren hedatze-aldian (1968-1978), alfabetatze-xede horrek eman zizkigun lanak eta gaur egun ere lan handiak ematen jarraitzen du oraindik, jasotako hizkuntza-tradizio jatorretik abiatu eta Euskara Batu modernotua txertatzeko. Zer gertatu zen orduan euskaldun zaharrekin?
Mendeetan zeharreko erdaren eguneroko eragin boteretsu derrigortuak, geurea nahastu, ahantzarazi, ahuldu, ordezkatu eta ezarritakoa erabiltzera bultzatu gaitu gehiegitan eta horretan aparteko eragina izan dute lehen aipatutako XVIII. eta XIX. mendeetatik hasita XX. mendean zehar Frantzian eta Espainian eramandako politikek. 1967an hasi eta gaurdaino hedatu den alfabetatzeak, hasieran bertan, euskaldun hiztunen gutxiengoaren jarraipena baino ez zuen izan(15). Zorionez, jasotako hizkuntza-tradizioa eta hizkuntza arautua (Euskara Batua) bereganatutako gutxiengo horrek eman ditu idazleak, irakurleak, eta besteak beste, euskaraz lan egiteko gai den eta egiten duen profesionalen andana (irakasleak, idazleak, kazetariak, administrazioko langileak, teknikariak, etab.), baina euskaldun zaharren olde handi-zabala ez zen horretan asko murgildu orduan eta idazle izan zitezkeenak baino gehiago irakurle izan behar zuketen milaka askotxok ez zuten mugimendu hura behar bezain sakon jarraitu. Horrek, euskarazko liburuen, hedabideen eta beste formatuetako baliabideen behar baino garapen eskasagoa ekarri digu, merkatuan euskarazko jeneroak (produktuak) ez nagusitzea, jasotako hizkuntza-tradizioa edo ondarea bera herdoiltzea eta kutsatzea eta, batez ere, ondorengoei(seme-alabei nahiz ikasleei) jaso genuena baino hizkuntza-tradizio eskasagoa ematea kasu askotan (guraso eta irakasle askok batez ere).
Gero, 1980tik aurrera, ikastolek eta gau-eskolek mende-laurden batean indar guztien aurka egindako lan handiari esker, Herri-erakunde batzuen bidetik, eskoletako euskarazko ikasketak (D eredua), EGA titulua (Euskararen Gaitasun Agiria) eta abar etorri dira Hego Euskal Herrian16 beren alde on, gabezia eta gatazka politiko guztiekin eta hurrengo belaunaldiaren zati bat, ez guztia, euskara arautuan trebatu da, baina aurreko belaunaldiak 1970.eko alfabetatzeari, euskalduntzeari, Euskara Batuari eta euskaraz irakurri eta idazteari egindako jarraipen eskasegiak, salbuespenak salbu, hizkuntza-tradizio urriegiko belaunaldia ekarri digu atzetik, eta belaunaldi berri horrek, euskarazko hedabideak, literatura, lana kasu batzuetan, etab., batzuetan esku-eskura dituen arren, eta teorian bederen euskara estandarra ikasteko leku batzuetan erraztasun osoak izan dituen arren, hizkuntza-tradizio kaskar samarra berekin izateak eta euskara- tradizio hori hizkuntza estandarrean gutxiegi txertatu izanak, eta hizkuntza-tradizio hori eskasagoa duen euskaldun berrien tropa handiaren barnean murgilduta ibiltzeak, kasu askotan, hasieran aipatu ditudan bezalako hizkuntza-molde kaskarragoak
erabiltzea ekarri digu.

Diagnosia egin nahian

Erdal jatorriko berrikeriek, erabat anglofonizatzen ari zaigun musikak eta kantu-munduak, ahozko hizkuntza-tradizioaren beherakadak eta oro har euskaldun askok sustraidun hizkuntza erabiltzeari garrantzirik ez emateak, egunerokotasunean eta ahozko erabileran bederen (idatzizkoan ere bai sarritan) kalitate-eskastasunera eraman gaituzte. Kezka honen lekuko da
adibidez, beste hainbat artikulu, saiakuntza, mintegietako txosten eta besteren artean, Eusko Jaurlaritzak eratutako Euskararen Aholku Batzordeko hiru kidek (Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Gartziak), batzordearen aginduz egin eta argitaratutako «Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako»(17) txosten sonatua. Bertan, kantitatea eta kalitatea, kalitatea zertan den, hizkuntza-kalitatearen inguruko datuak eta hausnarketak, hizkuntza-kalitatean eragiten duten esparruak eta proposamenak eta lan-ildoak aztertu dituzte. Euskara zuzena, Euskara jatorra eta Euskara egokia bereizi eta definitu dituzte. Gaia berez, euskal gizartean, irakaskuntzan, hedabideetan, administrazioko langile euskaldunetan, industrian eta merkataritzan, etab., era batean edo bestean itzulinguruka dabilen kezka da.
Hizkuntza-tradizioak, euskararen kasuan bederen, ia batere ez edo oso gutxi idazten zen garaietako ahozko tradizioan du jatorri (hor dira hainbat atsotitz, ipuin, esamolde, bertso, kantu, etab., hizkuntzaren lexiko zahar, aditz eta gainerako baliabide guztiekin), baina duela mendebete arte ahozko bizitza nagusi zenetik gaurdaino, euskaldun arruntak, jasan duten bizimodu-aldaketa handiaren eta aldaketa horretan erdarek izan duten lekuaren eraginez, ezagutza hori galtzen joan dira eta gaur egun modu naturalean gutxiegi ezagutzen dute. Bestalde, gizarte-bizitzak eta hedabide gehienek ere(18) ez dute batere laguntzen ezagutza gizarteratzeko jardunean.
Irakaskuntza eta hedabideak aipatu ditut jasotako hizkuntza-tradizioa laguntzen ala oztopatzen eragin handiko diren indar-bikote moduan eta halaxe dira, baina ez dira ahaztu behar beste batzuek ere. Eguneroko laneko hizkuntzak izugarri baldintzatzen du pertsonaren bizitzan bere hizkuntza-bilakaera. Euskaraz lan egiteak, hizkuntza-tradizioa eta ondarea hobetzera eramaten du normalean, eta aldiz, erdaraz lan egiteak, jasotako hizkuntza-tradizioa eta ondarea galtzen joatera. Horren adibide garbiak badira.
Euskarazko irakaskuntzak, ikastolek aurretik egindakoa kenduta, mende-laurdena eskas darama apurka-apurka esparruak irabazten, baina amaierako mailetara oraindik leku gutxiegitan iritsi da Unibertsitatean eta Lanbide Heziketan. Une honetan, irakasleen hizkuntza-tradizioa (asko erdaraz ikasi eta gero erdi-birziklatuak oraindik) eta administrazio-sistemak irakaskuntza erabat euskalduntzeko planik ez izateak (eleaniz-tasun-plan deituak daude modan), ez du emaitza erabakigarririk lortzen ikasleei hizkuntza-tradizioaren jarraipena itsasterakoan. Are gehiago oraindik, zilegitzat jotzen dira oinarrizko hizkuntza ongi irakasten ez duten ereduak. Etxeak eta familiak nahiz auzoak, une honetan, hedabideen eta merkatuaren propaganda eta jardun erdaldunez beteta daude eta ez dute lehengo indarrik (irratirik ere ez zen garaikorik) hizkuntza-tradizio jatorra eskaintzeko eta transmititzeko. Gainera, geroz eta familia gehiago dira hizkuntza mistodunak, eta horietan askoz ere zailagoa da euskararen hizkuntza-tradizioa txertatzea.
Alde baikorrean aldiz, aipagarria da bertsolaritzak izandako garapena. Ahozko tradiziorik jatorrena zabaltzeaz gainera, erabat berritu da, bertso-eskolak sortu dira, belaunaldi gazteei ikasketa-bidea ireki zaie eta asko hedatu da Euskal Herri osoan zehar azken mende-laurden honetan. Gainera, batzuek uste izan dutenaren kontra, bertsolaritza, beti izan da ziri-sartzailea eta kritikoa edozein giro politiko eta agintaritzarekiko eta eguneroko bizimoduari beti oso ondo egokitu izan zaio, bai antzina eta baita gaur egun ere. Aktore euskaldun mordoa ere sortu da, etab.

Azken hitza

Gaurko gizartean, hedabideak, merkatua, zerbitzuak eta lantokiak dira bizitzako hizkuntza-baldintzak ezartzen dituztenak eta euskararentzat oraindik horietako gehienak mehatxu gehiago dira lagungarri baino.
Mehatxu da Euskal Herrian, lurraldea 3 administraziotan zatituta egotea eta euskaldunentzat 5 lege-egoera desberdin egotea. Ipar Euskal Herrian euskaldunek ez dute diren aitormenik ere, beraz, ezta inolako hizkuntza-eskubiderik ere, Nafarroako eremu «ez-euskaldunean» badute legea baina ez eskubide-aitormenik, Nafarroako «eremu mistoan» oso eskubide murriztuak dituzte eta Nafarroako «eremu euskaldunean nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan badira lege-aitormenak baina euskaldunok zailtasunak ditugu osoro euskaraz bizitzeko eta administrazioarekin leku guztietan harremanak euskaraz ziurtatzeko. Lege murritz horiek aitortzen dutena bera ere ez da osoro eta zorrotz betetzen eta administrazioek, itxurak itxura, funtsean eta muinean espainieraz funtzionatzen dute salbuespenak salbu, gero askotan bi hizkuntzak azaleratu arren.
Mehatxu dira halaber euskarazko telebista eta egunkari bakarren aurrean multzoka eta samaldaka ditugun erdarazkoak. Mehatxu dira kioskoetan ageri ez diren euskarazko aldizkariak eta CD-ak ez bezala kiosko guztiak betez ageri diren espainierazkoak eta frantsesezkoak. Horien eraginez, euskaraz ere, edonork dio oraintxe bertan gure euskarazko irrati nagusian entzun dudan «modelito», -ito atzizki arrotz eta guzti, -txo euskal atzizkia ez bageneuka bezala. Baina hizkuntza-tradizio jatorrarentzat halaber, mehatxu dira euskaraz jardun arren kalitatea zaintzen ez dutenak eta egunero-egunero hizkuntza-tradizio jatorraren aurkako hitzak, esamoldeak, kalkoak, etab., inolako begiramen, kontrol eta kalitaterik gabe euskarantoan sartzen ari direnak.
Berez, jatorrizko ona ezagutzeko eta ikasteko, eskoletan eta eskoletatik kanpo, inoiz baino baliabide gehiago ditugu formatu desberdinetan, baina ahotan erabiltzeko traba gehiegi ditugu egunerokotasunean eta horren ondorio da gaur egun euskaraz ari den jende askok, euskal hitzen edo esaldien esanahirik edo funtsik ez hartzea edota esan arren funtsean zer esan nahi duen ez pentsatzea. Hasieran esandako adierazlearen eta adieraziaren arteko komunztadura-gabezia alegia. Hizkuntzaren elementuak halako formula trakestuen moduan erabiltzea baina esanahiaren neurriei eta galgei ez begiratzea.
Gaur desbideratze handiegiak ageri dira batzuetan eta belaunaldi berrietan, salbuespenak salbu, orokorrean hizkuntzaren sena aurrekoetan baino gehiago falta da eta hizkuntza-usadio eskasagoa ageri da. Zabalkuntzan eta hedaduran asko irabazi dugu duela mende-erdi hasi eta garapen handiena azken mende-laurden honetan lortu duen ahaleginarekin, baina zorroztasuna eta kalitatea asko lardaskatu zaizkigu leku askotan erdaretan funtzionatzen duten antolakuntzen eraginez eta garaia heldua dela dirudi, lehenik geure hizketa eta ahozko moldeak hobetzeko eta aldi berean horrekin batera idatzizko moldeak ere jatorragoak erabiltzeko. Horretarako ordea, hobetu beharraren kontzientzia sortu eta sartu beharra dago belaunaldi berrietan eta hori da gure egungo erronka.

----------------------------------------------------------------

1. Adierzlea eta Adierazia, in: Hizkuntzalaritza hiztegia I., 26-27, UZEI, Elkar, Donostia, 1982.
2. Torrealdai, Joan Mari: El libro negro del euskera, 18. or. eta ondorengoak. Donostia: Ttarttalo, 1998.
3. Ibidem. 34. or. eta ondorengoak.
4. San Martin, Joan, Euskaldunen alfabetizazioa, in Zeruko Argia, 229-230 (1967), Donostia. Ahalegin hori egindako klasiko batzuek: Kardaberaz (1761), Vinson (1891), Manterola eta Michel biltzaileak (XX. mende-hasiera), Orixe (1927), Campion (1931), Piarres Lafitte 1931) Santi Onaindia (1954), Aingeru Irigarai (1958), Ormaetxeberria (1959), Luis Mitxelena (1960), Luis Villasante (1961) eta Karmelo Etxenagusia (1965), besteak beste.
5. Torrealdai, Joan Mari: El libro negro del euskera, 85-220. Donostia: Ttarttalo, 1998.
6. Torrealdai, Joan Mari: Artaziak, 69-88 or. Zarautz: Susa, 2000.
7. Torrealdai, Joan Mari: El libro negro del euskera, 162. or. eta ondorengoak. Donostia: Ttarttalo, 1998.
8. Sánchez Carrion, Jose Ma, «Txepetx»: Un futuro para nuestro pasado, 333-337, Donostia, 1987.
9. Sarriegi Eskisabel, Andoni, in Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak, 15, Lazkao: Goierriko Euskal Eskola, 2000. «Euskaltza-india beti izan da ofiziala benetako euskaldunontzat. Hala ere, garai hartan ez zuen gaur duen Herri-Agintarien aldetiko aitormen eta laguntza ofizialik eta bere jarduna bera ere, ia-ia ezkutuko antolamenduen mugan aurkitzen zen, bilerak, etab., egiten utzi arren.»Hala ere, garai hartan ez zuen gaur duen Herri-Agintarien aldetiko aitormen eta laguntza ofizialik eta bere jarduna bera ere, ia-ia ezkutuko antolamenduen mugan aurkitzen zen, bilerak, etab., egiten utzi arren
10. Jon Oñatibiak bere metodo hori sortu arte, ez zegoen euskara ikasteko metodorik, gramatikak bakarrik zeuden eta denak erdaretan idatziak, espainieraz edo frantsesez. Metodo hori ere erdaretan argitaratua izan zen baina gramatika ez zen lehenengo hizkuntza ikasteko metodoa izan zenez, garrantzi izugarria izan zuen. Data hori bestalde mugarri gertatu zen eta hortik aurrera hasi ziren argitaratzen euskaraz lehenengo aldiz, metodoak, gramatikak, testu-liburuak eta literaturakoak ez ziren bestelakoak. Denbora laburrera, 1972an Elhuyar eta 1973an UEU sortu ziren eta zientzia eta teknika arloetako argitalpenak berehala hasi ziren kaleratzen.
11. Jon Oñatibiaren: Método de Euskera Radiofónico, metodoaren ondoren berehala argitaratu ziren beste metodoak, Euskara Batuaren ildoan sartu ziren.
12. Davila, Pauli: Euskal Alfabetatzearen ereduaren eraiketarako osagarriak, in Uztaro, 9, 1993, 155-160.
13. Ibidem. 154. Pasarte batean honela dio Pauli Davilak: «Harrigarri bada ere, euskarazko alfabetatzea zentzu zabal eta “masiboan” fenomeno berria da eta ikastola bidezko eskolatze-prozesuarekin zein hizkuntza eta kultura berreskuratzea helburu duten erreibindikazio nazionalaren gizarte-mugimenduekin lotuta dago».
14. Rodríguez Bornaetxea, Fito: Euskararen batasuna eta euskaldunen batasun politikoa, in Uztaro, 9, 1993, 166-167.
15. Sarriegi Eskisabel, Andoni, in Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak, 145-149, Lazkao: Goierriko Euskal Eskola, 2000.
16. Euskal Autonomia Erkidegoan 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskararen Erabilpena Arauzkotzekoa izan da oinarri eta ardatz. Ez da Euskararen legea, elebitasun desorekatuarena baizik. Ez du berdintasunik, gaztelaniaz bizi nahi dutenei gaztelania hutsean bizi izateko aukera guzti-guztiak %100ean bermatzen dizkielako, eta aldiz, euskaraz bizi nahi dugunoi gauza bera eskaintzen ez digulako. Euskaraz bakarrik jardun ahal izateko zituen 3 atal zirela eta (6.2; 8.3 eta 12.1) errekurritua izan eta 4 urtez egon zen 1986 arte indarrean sartu gabe. Azkenean, 1986an indarrean jartzean, aipatutako 3 atalak kendu egin zitzaizkion, beraz, ez du inolako aukerarik eskaintzen euskara hutsean, gaztelaniarik gabe, ofizialki inon jarduteko. Nafarroan, 1986ko abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legea (Ley Foral del Vascuence ofizialki) dago eta lurraldea hiru eremutan zatitua du: «eremu euskalduna», «eremu mistoa» eta «eremu ez-euskalduna» horrek da- kartzan arazo guztiekin. «Eremu euskaldunekoa» EAEkoaren antzekoa da teorian, «eremu mistokoak» aukerak murrizten dizkie euskaldunei eta «eremu ez-euskaldunean» euskaldunek ez dute inolako eskubiderik.
Ipar Euskal Herrian euskaldunek ez dute inolako eskubide-aitortzarik. Ofizialki euskaldunik izango ez balitz bezala daude gauzak.
17. Amonarriz, Kike; Egaña, Andoni eta Gartzia Joxerra: Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako, 24. or. eta ondorengoak, Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Donostia, 1. 01010 GASTEIZ. Interneteko sarbidea: www.euskadi.net.
18. Hedabide gehien-gehienak espainieraz eta frantsesez ari dira. Euskaraz, arlo bakoitzean bat bakarrik dugu (aldizkarietan salbu) eta bakar hori, batzuetan, behar lukeen mailarik gabekoa gainera.

Bibliografia

ALTUBE, Seber: Erderismos, Bermeo, 1929 eta Bilbo, 1975.
ALVAREZ ENPARANTZA, Jose Luis, «Larresoro» («Txillardegi»), Euskara batua zertan den, Arantzazu: Jakin, 1974.
AMONARRIZ, Kike; EGAÑA, Andoni eta GARTZIA, Joxerra: Euskararen kalitatea. Zertaz ari garen, zergatik eta zertarako, Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Donostia kalea, 1; 01010 Gasteiz Interneten: www.euskadi.net web-gunean.
ARESTI, Gabriel eta KINTANA, Xabier: Batasunaren Kutxa, Donostia: LUR, 1970.
Askoren artean: Euskera, Euskaltzaindia, XIII (1968), XVI (1971), XVII (1972), XVIII (1973) eta XX (1975).
Askoren artean: Hizkuntza ordezkapenaren nondik norakoak Goierrin, Euskal Eskola, Gerriko argitalpenak. Lazkao: Antsotegi S. M., 1992.
Askoren artean: Hizkuntzalaritza hiztegia I eta II, UZEI. Donostia: Elkar, 1982.
Askoren artean: Lehen euskal hiztegi bateratua, Kriseilu. Donostia: LUR, 1968.
Askoren artean: Uztaro, 9 (1993), Euskararen batasunaz.
Askoren artean: Zeruko Argia, astekariko artikuluak. Donostia. 1967tik 1974rako artikuluak. 1967 eta 1968koak batez ere.
Egile-izenik gabea: Alfabetatzea Euskal Herrian (1960-1990). Kronika laburra, Letrakit. 1990
MITXELENA, Koldo: Euskera. Batasuna. Azken araudiak, Donostia: Euskaltzaindia Irakur Sail, 1969.
ODRIOZOLA, Joxe Manuel: Argitara beharrekoa. Donostia: Elkar,1980.
OÑATIBIA, Jon: Método de Euskera Radiofónico I- II. Donostia: Edili, 1966-1967.
SANCHEZ CARRION, Jose Ma, «Txepetx»: Un futuro para nuestro pasado, Donostia, 1987.
SARRIEGI ESKISABEL, Andoni: Alfabetatzearen hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik 1975erakoak. Lazkao: Goierriko Euskal Eskola Kultur Elkartea, Gerriko argitalpenak, 2000.
TORREALDAI, Joan Mari: Artaziak. Zarautz: Susa, 2000.
TORREALDAI, Joan Mari: El libro negro del euskera. Donostia: Ttarttalo, 1998.