Teresa Moure (eus)

Emakume idazleak eta disidentzia

I
Berriro ere, figura zuria harenganantz hurbiltzen da, eskularru garden batean zorroratzen du eskua eta, tutik ere esan gabe, bere zango artean arakatzeari ekiten dio. Hatzek azala urratzen dute. Min da. Figura zuria erraietan bihurritzen omen zaio. Kexua itoarazi du isilaraz ez dezaten. Sabelean eztanda egiteko prestu den bonba bat duela sentitzen du, eztarrirantz gora eta gora doana. Ez du zotzetara joka dezaten nahi, alboan auhenka zuen emakume haren antzera. Figura zuriak erritual magikoaren antzeko dena abiarazi du, umetokiaren ezpainak hatzez ukituz (hau bitxia une honetan berea dela pentsatzea, umetokia, berea eta ezezaguna!) eta zakarki dio: «Soilik bost zentimetro dituzu. Oraindik geratzen zaizuna...». Eskua desagertzen da eta, bizkitartean, mina hain bizia, hain sakona, hain izugarria eta hain dohakabea da, figura zuriak eskua barruan, bere barrenean, ahazturik utzi duelako sentsazioa duela. Hark, gutxienez, min-eskukada bat du soberan. Eskuarekin badoa bertan den gizatiar oro. Berriro ere bakarrik geratzen da. Ihes egin nahiaren sentsazio urduriak eta etengabeak biltzen du, beste alde batean egoteko nahiak, aske, gaur arima giltzaperatzen dion gorputz horretatik urrun, halako esperientzia zekarren patu hartatik urrun. Zeharo bakarrik da, baina bere ingurua jendez borborka balego ere ez zen deus ere aldatuko. Era berean, bakarrik izango zen. Bera jaio zenean bezalaxe. Hilko denean bezalaxe. Etzanda dago, sabela gurutzatzen dioten zinta batzuek aparatu batera loturik dutela, aparatuan bertan bere umetoki asaldatuaren erritmoa papereratuz doala. Aparatuak sismografo baten tankera du. Emakume-sabelentzat eginiko sismografo baten modukoa da: minaren intentsitatea, uzkurduren eraginkortasuna, fetu-oinazea, taupaden zenbatekoa erregistra ditzakeen azken uneko teknologia, erregistragarri den oro erregistratzeko ahalmena duena. Erregistra lezake zenbat oxigeno darabilen pazienteak eta zenbat anhidrido karboniko kanporatzen duen, erregistra lezake bere izerdi-guruinek zenbat izerdi sortzen duten, erregistra lezake zenbat behazun kabitzen den gibelean, zenbat intsulina pankrean. Dituen pentsamenduak ere erregistra litzake. Guztia erregistra lezake... izua izan ezik. [...]
Hainbat bider pentsatu dut, jada aurretik ere, indarrek huts egingo didatela hain zailki eutsiriko azken hats hau izanik azkena. Are gehiago, duela gutxi, une horretan ez hiltzea zoritxarrekoa zela ere pentsatzera iritsi naiz. Zalantzarik gabe, burua ez dabilkit betiko moduan; ezinezkoa du pentsamendu oso bat sortzea samin gris eta epel honetara makurtu gabe. Dadarka naiz, eta hala ere, jada ez dut hotzik. Duela minutu batzuk burusi bat eskatu dut, eta gero beste bat. Dagoeneko ezin dut hitzik egin. Nekez pentsa dezaket hotzik ez dudala, burmuinetik datorren eta gorputzaren eremu bakoitzari berea ematen dion dardara jasanezina dudala besterik ezin dut pentsatu. Gero eta dardara gehiago, are eta dardara egiteko gogo gehiago: estoldatik atera aurretik bidea zabaltzeko zurrunbiloa osatzen duen uraren gisa, neure gorputzak dardar egiten du harturiko minaz ez arduratzeko. Figura zuria erle baten moduakoa da, eta bueltatu da, eta bueltatu hainbat bider gehiago. Bakean utz nazaten erregutzeko saioa egiten dut, ez nazatela mugi eta ez diezadatela min gehiagorik egin zigorraren min ohikoez gain. Figura-zuri-erleak ziur asko ez du hizkera juridikoa ulertzen eta ez daki nire eskubideak urratzen dituela hatz horiekin nire arima astintzen duenean... arimak hortxe behar du egon, berak ukitzen dizkidan bazter ilun eta ezezagun horietan. Ez dakit astakeria bat gehiago izango ote den, edo beharbada, gizonezkoek ez dute arimarik modelatu zituen buztinlariak ez zuelako zulorik utzi hark arima barruan sartu ondoren eskua atera ahal izateko. Nolako gauzak pentsatzen ditudan; hobe litzateke lokartzea, baina argiak begietan jotzen dit zinema beltzeko filmetako itaunketetan bezala. Figura-zuri-erlea nire ondotik igaro bitartean honako hau dio: «hara, ez zinen hain kexu egin zizuten hartan». Sorgin halakoa, nola jakin dezakezu zuk gustuko izan ote nuen! Esaldiak filme baten barruan naizela pentsarazten dit, baina jada ez da genero beltzekoa. Bederatzi urte nituenean, nire etxe azpian zegoen zinema-klub batean ezkutuan sartu nintzen eta justu bortxaketa-eszena bat ikusi ahal izateko heldu nintzen. Zurturik geratu nintzen. Pantailan ergel bat agertzen zen bortxatzaileari egiten hari zen hartaz galdetzeko, eta hark honela erantzun zuen barre-algara artean: «zure aitak zure amari egindako gauza bera». Hainbat astetan zehar helduen aurpegiak zelatatu nituen.
Ezagutzen nituen gizonezko guztiak behatu nituen, gizonezko antzezle hark emakumezko antzezleari itxuraz egiten zion hura bere bikotekideari egin izanaren aztarnaren bat bilatuz haien begitartean. Akaso oraindik ez naiz osatu irudi haren eraginaz... Horregatik, maitemintzen naizenean, hark emango dituen musuetan pentsatzen dut... Sekula ez haratago. Sekula ez dut hitz potoloetan pentsatzen... Zergatik deitu hitz potolo gizonezkoek hitzik gabe egin nahiago duten gimnasia bati?Ezinezkoa da zenbait irudietatik osatzea. Bortxako irudi bilduma dut gogoan Fellinik oparituak, Tannerrek oparituak, Fassbinderrek oparituak... Irensteko oraindik gazteegi nintzela oparitu zizkidaten, nahiz eta zineman ezkutuan sartzeko gazteegi ez izan. Irudi horiek neure buru-agiritegian ondo gorderik ditut semiotika ikastarotxo batera noanerako, edo agian hobe litzateke psikoanalisi saio anker baterako gordetzea, edo beharbada, idazleen bilkura baterako.

II
Saio akademiko baten ohiko arauak urratu izana barka iezadazue; azken batean, gu geu ez gara akademikoak, irakurtzen eta idazten duen jendartea baizik. Preseski, literaturak eskuratzen digun bohemian babestuz, hitzaldiak jarraitzea ahalbidetzen diguten moldeak hausteko ausardia izan dut. Argudiatu beharrean naiz neure lasaiturako, hau egin badut, beti bezala, hitzen erruz izan dela. Izan ere, hiztegian disidentzia hitza bilatzean, honako honekin egin nuen topo: «komunitate bereko pertsonen arteko adostasun falta». Eta horra hor festa. Beharbada disidentzia hitzak berak moldeak haustera gonbidatzen gaitu, artisauei produktuak serie-fabrikazioaren erara atera ez dakizkigun muntatze-kateetako langileei bezala. Hartara, ohikoa ez zen lekutik abiatzea posible zen, diskurtsoaren antolaketarekin disidi zitekeen eta horrela egin nahi izan dut atarikoan.
Disidentziaren inguruan gogoetatzera gonbidatzen naute eta gogoz onartzen dut. Eden-a bisitatzera gonbidatuko banindute ez litzateke niretzat erakargarriagoa izango, izan ere, disidentzia kontzeptuak niretzat duin den oro biltzen du: nahitaezko norabideen aurreko bihurrikeria, pentsatzeko moduen aniztasuna, traiziorik ez egitearen aldeko borroka. «Komunitate bereko pertsonen arteko adostasun falta», otoitz egin du hiztegiak, eta une honetan komunitate gisa ulertzen dena definitzea komeni da. Europar Batasunaren moduko zerbait hain abstraktu eta arrotz komunitate gisa definitzerik baden argitu beharko litzateke (eta horretaz ari garela, jada komunitate deitzen ez bazaio, lehen deitu bezala, zer edo zergatik izango da). Jaio garen herria nahitaez komunitatea ote den argitzea beharrezkoa litzateke, maitasun sentimenduak edo bestelako loturek komunitatea definitzen ote duten; komunitatea, azken batean, paradisu edo zigorra ote den. Hogeita hamar etxetako sorterria komunitatea ote den argitu beharko litzateke, bertan elkarrekiko elkartasun-sareak sortu ez ezik, norbanako guztiak berdintsuak izan daitezen ere presio egiten baita, ezarritakoaren mugetatik atera ez dadin eta hala gertatzean, marmar egiten da, kritikatu, baztertu. Eta hauxe diot, dirudienez, disidentzia hitzak konnotazio politikoak biltzen dituelako, disidenteak totalismoarekiko norgehiagokan bere burua antzemango balu bezala. Eta nik neuk honako hau esan nahiko nuke: guztiok izan behar gara disidente jezarri ez izateko, ororekin hain konforme, hain pasibo. Komunitate galegoaren erritorik nagusienetarikoa txerri-hilketa da. Neurea bezalako herri pobre batean, gizakiarengandik hain hurbil den animalia horren hilketa, zati oro aprobetxa daitekeelarik, proteinen irenstean igoera dakar bere kontsumoa oso preziotsua bilakatuz. Lur honetan hazitako norbait sakrifizio-errituoi uko egitera ausartzen denean, beste baten gorputzaz elikatzea ekidin eta barazkijale egitean, esaterako, egundoko disidentzia ekintza egiten du. Disidentzia da, halaber, gehiengoa duen alderdiari botoa ez ematea, janzkera-modarekin bat ez etortzea, beheraldietara ez joatea, asteburua multinazionalen sakelak hornituz ez igarotzea kontsumo-festetan, telebistaren aurrean egunero hiru ordu ez igarotzea, berorika ez erabiltzea, azterketak ez jartzea, norberaren etxeko-lanak beste bati egiten ez uztea, errota-harriez ez komulgatzea. Literaturak ez du behar, bada, «engaiatu» aldarrikapena disidentziaren herria izateko errealitatea traizionatzera bideraturiko produktu izanagatik, egunerokoaren ihesbide izanagatik, bere komunitateetan ziur sentitzen ez diren pertsonen (disidenteen) topaleku izanagatik. Disidentziak erronka botatzen du, iradokitzen du, mundua behekoz gora jartzearen helburu gorenaren zerbitzura jartzen du gure hitzjarioa. Markos komandanteordeak, ezagutzen dudan disidenterik engaiatuenak, honako hau dio: «Eraldatu nahi dugun mundua historiak landu du jada eta zulo ugari ditu. Talentu nahikoa topatu behar dugu eraldatzeko, muga horiekin, eta figura sinple eta arrunta egiteko: mundu berri bat». Noski, ez dago disidentzia egiterik tradizio pittin bat gabe (komenigarria da beti aurretik inspirazio hartu zutenak errespetatzea eta haien burutazioak kontuan hartzea) eta salda batean geure burua egosi gabe ezin egin liteke, pentsamendu alternatiboaz elikatu beharra dago. Bestela, disidentzia xelebrekeriaren sinonimo litzateke, esnobismo sinotsuaren sinonimo eta hizpide dugun honetan, ostera, topikoekin konforme ez izateko talde-prozesuan ideia-garbiketen gozamenaz jardungo dugu eta ezabatuz, onartuz, zuzenduz eta ñabarduretan arreta jarriz ideia berriak sortzearen jardueraz.

III
Atal honetan emakumearen ahotsa egungo literaturan bildunahi dut hausnarketara. Jakin badakit azken garaietako eztabaidarik likatsuena literatura femeninoa deiturikoaren existentziaz (edo existentzia ezaz) diharduen hori izan dela. Hainbestetan aipatu izanak arinkeriaz bete du eta dagoeneko nazka ere ematen du: esan liteke berdintasunaren feminismoarekin suturiko emakumtalde batek oldartuz literaturaren esparrua hartu eta, ordutik aurrera, gizonezkoen lanak kontuan ez hartzea erabaki zuela, edo emakumeen lana hobe balioztatzea edo, kirolean bezala, bakoitza bere aldetik lehiatzea. Gaia jorratzen den eztabaidagune gehienetan, eztabaida antzua izatera kondenaturik dago, azaleko jarrera bati erantzuten baitio, hainbat galdera plazaratzen dituelako, galdetzearen ekintza soilarengatik, erantzunak jasotzeko asmorik gabe. «Baina, generorik ba al da? Modernitate osteko gizartean oraindik ere ba al da rol jakinik emakumearentzat?» dio burlati elkarrizketatzaile batek, galdera hau formulatuz, hain nihilista izaki, honako hau gogora dakarrela: «Ah, baina ba al da klaseen arteko gatazka Altzairuzko Hormaren erorketaren ondoren?». Emakumezkoen literaturaren inguruko galdera modu esentzialagoan, krudelagoan egiteko premia dago. Onar dezagun, une batez, literatura femeninoa etiketak nolabaiteko zentzurik baduela. Ez dago nabarmendu beharrik, sailkapen ororen gisa, hauxe ere erlatiboa litzatekeela eta edozein unetan suntsi litekeela: gazte literatura, literatura engaiatua, literatura errealista, ahozko literatura, masa-literatura ere kategoria lausoak dira, deus ere zehazten ez dutenak. Buelta gaitezen balizkora. Eta profil (tematikoa, tonuzkoa, estilozkoa, dena dela) mota jakin bat duen emakumezkoen literatura dagoela defenda bagenezake? Balizko hipotetiko horretan, emakumea literaturaren, artearen, munduaren historiatan beti bigarren mailako izateak garrantzia berezia hartzen du.
Nire iritzia emango dut. Hitzaldi hau, erabilera akademikoen disidentzia-ekintzarekin abiatu da, hizketan entzuten duzuen emakume honen Cadernos de anotar a vidatik hautaturiko erditze baten kontaketarekin, hain zuzen. Motibo honen hautaketa ez da inuzentea izan. Literatura femeninoa badela uste dut-eta (nahiz eta idazten duen emakume orok ez idatzi literatura femeninoa). Eta ez dut hausnartuko hori ona edo txarra ote den. Besterik gabe, bada. Halaber, literatura mota hori irakurleok antzematen dugu, beste gutxiengo batzuen literaturarekin gertatu bezala; nortasun alternatiboa duena, eta hortaz, disidentea. Horregatik, Arundathi Roy, Isabel Allende, Vandana Shiva, Marguerite Duras, Kenizé Mourad, Marianne Fredriksson, Carme Riera, Virginia Woolf, Rosalía de Castro edo Teresa de Ávila irakurtzean zenbait errepikapen espero dira, ñabardura zenbait, gizonezko literatoetan –geure irudimena pertsonaiez josi izan duten sortzaile horietan- ez dauden hainbat kontu. Irakurleen arazoa harrera arazoa izango da orain. Beharbada emakume-egileetara hurbildu egiten gara lanbideaz gain zenbait kontu edo nolabaiteko lurrin bitxia bilatuz.
Literatura femeninoaren aldeko argudiatzearen indarra, egia esan, narraturiko munduetatik dator. Gure talde-inkontziente (batik bat literaturaren eta zinemaren irudiez sortua) horretako pertsonaiak gizonaren neurrira eginiko unibertso batean iguriki daitezkeenak dira: portu bakoitzean maitale bat duen itsasgizona, bi emakumerekin maiteminduriko gizona, emagaldu kontsolagarria, ama menderatzailea, heroe ausart eta zintzoa... Gure irudimena irudiz josita dago, eta kultura dominatzailearen tramankuluek sorturikoak direla kontuan hartuta uler genitzake soilik. Ondorioz, gizonezkoak eta emakumezkoak sortzen dituen munduaren ikuskerak, gizonezko edo emakumezko izateko modelatzen dituenak, literatura blaitzen du feedback basati eta ahalguztidunaren bitartez. Hala ere, batzuek ordena arbitrario hau irauli egiten dute, eta hartara, tarteka eta oin-musutan, periferien zapore gozoak barneratzen dira literaturan, besteen ahotsak, errealismo magikoei edo dirdai mitikoei haizea eman dieten herri ez-mendebaldarrak. Literatura femeninoaz mintzo gara emakumeak direnean iraultzaileak, xehetasun debekatuak ematen dituztenak, historia ofizialetik at dagoen ikuspuntua eskaintzen dutenak. Horregatik, nahiz eta idazketaren lanbidea emakumeez nahikoa puztu izan, zeharo eskasa da kultura femeninoaren agerpena, edota mendetan zehar emakume-taldeak loratu dueneko ikuspuntuaren agerpena, eman zaion patuaren inguruko bere hautamen propioa. Lehen adibide gutxi batzuen bitartez aipaturiko talde-inkontziente modelatu horren aldean, erditze baten zenbat deskribapen topa genitzake gure literaturaren apaletan? Irakurritako testuen oroitzapenetan zenbat bider ageri da edoskitzea ama-elikatzailearen ikuspuntutik kontatua? edo emakumeentzat gozamen-esperientzia den horren barne-barneko hautamenetik kontatua? Literaturako zenbat emakumek aldarrikatzen dute bigarren mailako zereginetan – munduak funtziona dezan beharrezko direnak- diharduen talde baten partaide izatea? Bizkitartean, guzti-guztiak heziak gara: prestaturiko irudi batzuen bitartez emakume eta gizon izaten ikasten dugu, iraganeko baloreetara dagozkion irudien bitartez, nahiz eta botereak elikatu egiten dituen, homogeneitatea nahiago baitu ezberdintasun deserosoen aurrean.
Emakume-talde bat brilera jolasean dabil. Baloiaren urratzeak kanporatu ahala, galtzaileak elkartuz doaz denbora eta frustrazioa beste jolas batekin entretenitzeko. Espero dena bestelakoa da: pistatik kanporaturiko jokalariak zelai ertzean geratu izana partidak aurrera nola egiten duen ikusteko. Ez ba, brile-jolasean kanporaturiko neskatoak printzesetara jolasteari ekin diote. Mukizapia hartzen dute, lotzen dute eta hatzpuntak makurtzen dituzte eskumuin jarreran. Jarraian hizkera finaz mintzo dira, «berorren gorentasuna» modukoekin elkarrengana zuzenduz eta amesturiko jabetza zerrenda luze bat gainbegiratzeari ekiten diote modu irmo, dotore, sutuan. Pedagogiarentzat jarduera hau bideojoko batean konektaturik egotea baino errespetagarriagoa izango da, irudimenari lehentasuna ematen diolako eta lehiakortasuna sustatzen ez duelako, baina soziologiarentzat oso adierazgarria da: «Ni»-esan lezake Mercé kirol-poltsa batean eserita- «nire tronuaren gainean naiz, urrezkoa da, etxea zerbitzariz betea dut eta igeri egin ahal den bainuontzi bateanhartzen dut bainua». «Nik neuk ere urrezko tronua dut» –Arantxak kentzen dio hitza–«nire etxea jauregi bat da amaierarik ez duen lorategi batekin, landarez, lorez, zuhaitzez, iturriz beterikoa.. gauza guztiez...». «Bada, nik neuk» –dio Sabelak- «herri guztiak dira berdintsuak kontu honetan, oinetara arteko adats luzea dut eta bakar-bakarrik hiru maskor txikitxoz jantzita noa», eta guzti-guztiek egiten dute barre maskor horien balizko kokalekuak irudikatzearekin batera. Honela hezi egiten dira emakumeak espero dena izan daitezen: kontsumitzaile konbultsiboak eta sedukzioaren maistrak. Hortaz, jolasa literatura da. Ahozko literatura. Eta beste modu batera bidera genezake kulturaren benetako kritikoak sortzeko oinarri bilaka dadin. Tradizio femeninoa, eta literaturako gizonezkoei ideia honek enbarazurik ez egitea espero dut, tradizio literario irmoa da. Kiroletako baloreez areago, lehiarkotasunaren baloreez areago, balore militarrez areago, balore erlijiosoez areago... emakumeek beren bizitzak balore literarioen gainean bizi dute (interpretatzen dituzte beren bizitzak). Hitzaren balioa oso boteretsua da emakumearen subkulturan. Irainetan neurritsuagoak, samurtasunean adierazkorragoak, bere sentimenduak adierazterakoan ausartagoak, hiztun batek aipatu behar ez den kontu batez mintzo bada edo esan behar ez den hitz bat aipatzen badu sentikorragoak, emakumeak hitzaren gordetzaileak dirudite. Horregatik, bada, topikoak emakumeak hitz egiten duela dio. Are gehiago, gizonezkoak baino gehiago hitz egiten duela dio. Hartara, bere diskurtsoa hutsala da, arina, hizketaldiko diskurtsoa, azalekoa, ahozkoa, marmar hutsa. Diskurtso maskulinoa, ordea, diskurtso gorena da, batzuetan zientifikoa, zorrotza edo artistikoa. Topiko honen baitan ez du zentzurik emakumeak, idatziko balu, diskurtso bereizgarririk izateak. Dena den, talde-inkontziente maskulinoa birsortzen duen literatura batean, soil-soilik gizonezko-egileez egina balego bezala, gizonezko-irakurleentzat egina eta gizonezkoen gaiak jorratzeko asmoarekin, zer egokitzen zaio emakumeen diskurtsoari disidentzia ez bada?

IV
Puntu honetara iristean, gauzak argitu nahi ditut, bertako gizonezkoak haserre ez daitezen. Emakumeek ez dute gizonezkoek baino hobeki kontatuko, ez dira kontalari hobeak izango, edo poeta hobeak, edo antzerkiegile hobeak. Besterik gabe, emakumeek munduaren argazkian bere lekua aldarrikatu egiten dute, bidezko dena; eta hau egiteak ez dakar merkadotekniarekin (argitaletxeek ustiatzen duten neskatoen literatura horrekin) bat etortzea, disidentzia-ekintza bat da. Hortaz, idazten duten emakumeetariko guztiek ez dute txertatzen hemen aipatu dugun ikuspuntu alternatibo hori; sarritan emakumeek literaturan arrakasta izateko, beste gizarte-eremuetan bezala, gehiengoaren diskurtsoa bere egiten dute, diskurtso dominatzailea. Ez naiz behin ere egon XIX. mendeko Manchesterreko ehun-tailer batean, baina nahikoa ondo irudika nezake: airean flotatuz doazen peluxeak, hezetasuna, hotzak geldiarazitako hatzak, gosea, nekea, makurrarazten eta jotzen nauen nagusiarekiko maitasun eta gorroto harremana. Ni ez nintzen bertan izan, baina beste batzuek begiak eman zizkidan hura ikusteko eta orain nik neuk ere konta dezaket Logika onean, ez da beharrezkoa emakume-gorputz batean jaiotzea emakumeen larruazalean jartzeko, eta halaber, emakume-gorputz batean jaiotzeak ez du ziurtatzen ahots disidente hori. Modu honetan, emakumeek idazten dutenean dohain egokiak dituzte ahots desberdin bat txertatzeko eta gainezkatzen gaituen pentsamendu bakarrari ihes egiten dioten kontuak sartzeko, edo emakume arteko harremanen elkarrekintza berezi horretako eskemen baitan, hizkuntzalaritza edo antropologiaren iritziz oraindik ere indarrean daudenak. Gizonezko heterosexualak eta zuriak, adin erdikoak, egoera ekonomiko onekoak eta mendebaldeko kulturan heziak ez du errurik, eta ez da etsai publikoetan lehena. Besterik gabe, munduaren ikuskera hori ez da existitzen den bakarra.
Genero-bortxakeria gaia ez da ohikoa literaturan. Historikoki ez zen posible, pentsamendu dominatzaileak emakumeaz zuen iritzia kontuan hartuz gero: «Emakumea adiskidetasunaren etsaia da, min sahiestezina, tentaldi naturala, etxeko arriskua... beharrezko gaitza» predikatzen zuten Elizako aitek bere gizonezkoak emakumearekiko haragizko-harremanez babestu nahi zituztenean. Dena den, Elizak gizonezkoak gizonezkoekiko haragizko-harremanez babestearen gurutzadarekin jarraituz gero, ziur asko emakumearen aurkezpen-gutuna hobetuz joango da. Arazoa honetan datza: idazleak ere bere hartzaileengan pentsatzen du eta beharbada horregatik gizonezko askok, nahiz eta umetan bere amekpairaturiko bortxakeria bera jasan, ez dute motibo literario bilakatu beste motibo batzuekin egin bezala: esaterako, amodiozko triangelua, heroe askatzailea edo hain lagungarria den «gazteri gozoa» topikoarena. Ahots disidenteen sartzea talde-adierazpena da pentsamendu bakarraren aldean eta guztiek agurtu beharrekoa. Gaur egun disidentea izateak zapalkuntza mota orori uko egitea dakar: sexismo eta arrazakeria, adar beraren bi adaxka, baina era berean adinaren araberako bereizkeria, eskuarki oharkabean igarotzen den desberdintasuna, honako topiko hau gorde ohi duena: definioz, zaharrak atzerakoiak kontsideratuz eta gazteek mundua aldatzeko irrika dutela kontsideratuz, edo gazteek iritzi sakonik ez dutela dioena, eta zaharrek jada ez dituztela grina sutsurik, geure jarrera guztiak egutegiak aginduko balitu bezala. Zapalkuntza mota hauek Hirugarren Munduko baliabideen ustiaketarekin eta klaseen arteko gatazkaren sostengu diren interesekin harremanduz gero, konpromiso etikoa izango dugu: gauzak ez dira diren bezala horrela izan behar dutelako, baizik eta diren bezalakoak dira batzuek asko dutelako jokoan horrela izateko. Horregatik, logikaren eremutik, baina baita kulturaren eremutik ere, menderakuntza justifikatzen duen edozein argumentu-egitura gaitzestu beharko genuke eta sekula ere ez, nunca máis nire herrian esaten den moduan, gizonezkoa emakumezkoaren aurka jarri, gogoa gorputzaren aurka, kultura naturaren aurka, bikote hauetariko lehen terminoa ona dela esateko, eta bigarrena txarra. Sekula ere ez. Emaitza, natura ulertzeko modu berri bat izango da, etika berri bat eta politika berri bat, adostasunean oinarritzen dena eta ez zenbakizko demokrazian, azken hau disidenteak itotzeko egina baita argi eta garbi. Halaber, arte berri bat, literatura berri bat... izango ditugu eta horretan gaude.

V
Hemen baldin banaiz, eleberri bat idatzi berri dudalako da, emakumezko eleberri deituriko horietariko bat. Herba moura [Mairu-belar] da obraren izenburua, eta baita landare baten izena ere. Landare honek mina arintzeko botere narkotikoa partekatzen du literaturarekin, eta ospe txarra partekatzen du emakumeekin; mairu-belarraz toxikoa dela funtsik gabe esan ohi da, emakumeez ere funtsik gabe beste hainbeste gozokeria esaten diren bezala. Botere sendatzaile hau zuen landare bat topatzea izugarria izan zen, Erdi Aroko monasterioetan analgesiko modura erabilia, eta nire izenaren antzeko soinua duena, hartara, emakumeen historian barneratzea ahalbidetzen zidalako. Nik historia berridaztera jolastu nahi nuen, inguratzen gaituen pragmatismo itogarriaren ondorioz galtzear diren emakumeen jakintzei ahotsa emateko, esaterako, landareen botere sendatzaileei. Eskolan gizakia izaki arrazionala dela esaten zaigunean gezurretan ari zaizkigu pentsamendu arrazionalak eratzeko gaitasunetan ez baita gizakia dena agortzen, garrantzitsua izanda ere (ziur naiz animalia ugarik, laborategietako arratoiak edo zenbait zakurren modukoak –can de palleiro esaterako-, zeregin arrazional konplexuak gauzatzen dituztela). Gizakiok emozioak sentitzeko gaitasunak definitzen gaitu. Zentzu honetan Herba moura grinei eskainitako kantua da: maitasunezko grinari, noski, baina baita laidozturiko beste grina batzuei, besteak beste, ezagutzaren grinari, adiskidetasunaren grinari, amatasunaren grinari, irakurketaren grinari eta hitzaren grinari. Gizakia kontzientzia arrazional hutsera murrizten delako ideiaren arduradunetariko bat Descartes filosofoa izan zen. Herba mouran bere bizitza hartu da motibotzat, datu historikoetan oinarrituz, baina intimitateko ezkutuko grinak asmatzeko ausardia izanik, hiru emakumeen ikuspuntutik: Suediako Christina erregina, Hélène Jans bere maitale holandarra eta XXI. mendeko emakume galego bat, unibertsitateko bizitzarekin gogaiturik eta Einés Andrade filosoaren inguruko tesi bat atontzen diharduena. Hiru protagonistak eguneroko bizitzaren historiaren hariaren bitartez lotzen dira, gaztainondo-itzulapikoetan emakumez emakume igortzen diren jakintza ezkutu horien bitartez, etxeko hornidurekin, familiako gaixotasunak sendatzeko errezeta eta maitasun gutunekin batera. Zentzu honetan, historiaren berrirakurketa hau atrebentzia bat izan da, disidentzia bat; izan ere halabeharrez, edo Einés Andraderen ikerketaren moduko baten bitartez, gaur egun Descartes eta mundu akademiko osoa oker zegoela ohartuko bagina eta gizakiak animalia arrazionalak ez, baizik eta animalia grinatsuak garela ohartuko bagina, ez legoke baimendurik eskutitzen bitartez, errezeten bitartez edo amonaren etxeko hornidurekin batera gordetzen ditugun jakintzen bitartez argumentatzerik, Descartesen eskuetatik bertatik jaso izan arren, hori ez baitator bat metodo zientifikoarekin. Eleberrian, ezagutza mordoilotu eta asistematiko hori emulatuz (emakumeei biltzea ahalbidetu zaien bakarra Akademiaren, Unibertsitatearen, Laborategiaren eremu ginezeoetan), errealitatea eta fikzioa txertatuz doaz, XVII. mendeko pertsonaien arteko gutunak eta XXI. mendeko pertsonaien arteko posta elektronikoak, maitale zaputzak erakartzeko araoak eta maitaturiko pertsonaren aurrean muturik ez geratzeko aspaldiko errezetak, itxaropen ezatik idazten diren gaurko poemak, hainbat ikuspuntutako saiakera-pasarteak eta emakumeen asmakuntzak, emakume disidenteen asmakuntzak izanagatik, arrakastarik izan ez dutenak. Baina, batez ere, Herba mourak denboraren igarotzearen izu ikaragarria adierazi nahi du eta grina menderaezinak kantatu, ideia honi loturik: ziurtasun osoz heriotza iritsi behar denez, ahal den bitartean, bizitza ospatzea komeni da. Azkenik, eleberriak hitzaren balioari protagonismoa ematen dio, diskurtso propio bat sortzea baita bizitza goratzeko modu ederrenetarikoa, hitzak ondo hautatu badira eta arima sasoi onean bada plazerra luzaraz dezakete afrodisiakoen antzera eta mina eztitu analgesikoen
antzera, zer edo zergatik dira bada afrodisiako eta analgesiko ere hitzak.
Emakume disidente izateko asmoa dudanez betiko gauza bertsuak errepikatu ez izana espero dut. Ezerk ez ninduke hainbeste atsekabetuko. Emakumearen arazoaz hitz egitea ez da ildo beretik ibiltzea, nahiz eta gaindituriko kontu bat dela etengabe saltzen zaigun. Munduan pobrezian bizi diren pertsonen %70a emakumeak dira, nahiz eta ordainduriko lanaren hiru laurden betetzen dituzten, hortaz, gizonezkoen dirusariaren erdia jasotzen dute. Emakumeak etxeko-lan gehienak egiten dituzte oraindik ere (etxeaz arduratu, seme-alabak hezi, edadetu eta gaixoen zaintza, oinarrizko jakiak egin, gizarte-harremanei eutsi) aitortzen ez dena eta baloratzen ez dena. Emakumeek lurraren %1aren jabe dira, kasik ez dute maileguak izateko aukerarik ezta herentzia-eskubiderik. Gainera, honako hauek jasaten dituzte: bikotekidearen eskuetan tratu txarrak, trafiko sexuala, bortxaketa, sexu-organoaren mozketa, haur-hilketa selektiboa, bere ohorea berreskuratzeko bidegabekeriak. Ikuspuntu feminista batetik mintzatzen naizenean, ez dut neure onurarako hitz egiten, hau da, ez du zerikusirik neure ikuspuntu honekin ni neu emakume izateak. Neure buruaz zera sinetsi nahi dut gizonezko izanda ere halaxe pentsatuko nukeela, edo transexuala izanda, edo queer. Arrazakeria txarra dela pentsatzen dudan bezalaxe nahiz eta azal zuriz jaiotzea tokatu zaidan. Baina disidentziaz mintzo gara. Berdintasun-politikak (sarritan gobernatzaileek emakume disidenteak isilarazteko asmoz eginak), positiboak eta beharrezkoak izanda ere, gu berdinarazteko diseinaturik daude, berdinak izan gaitezen, ezberdinak izan ordez baina eskubide berak izanik. 90eko hamarkadako mugimendu subertsibo batek, emakume gerrilariak, arte plastikoek emakumea ilunduz jarraitzen zutela salatu zuen, museoetan gordetako obren %5a baino gutxiago zirelako emakumeek eginak eta biluzien %95a emakumezkoenak ziren. Honek guztiak zerbait adierazi behar du. Haiek artista bat izatearen abantailen artean ironikoki arrakastaren presiorik gabe lan egitea aipatu egiten zuten, egingo zuten edozein lan femenino modura ezaugarriturik izango zela jakitearen ziurtasuna edo artearen historiaren bertsio orraztuetan ageri izana jenio deituak izatearen lotsarik gabe. Literatura panorama honekin oso harremandurik dago. Munduko alfabatetu gabekoen %90 emakumeak dira, eta ondorioz, kultura idatziak dakarren hobetze pertsonala, gu geu bertako partaide izanda, arrotza zaio emakume askori. Bada disidentzia bat, gogoan hartzeko barne-bariazioa duena, baina feminismo izendapen berdintzaileak faltsutzen duena: etiketa hau topiko bihurtu zen hiriguneko erdi mailako klaseko mendebaldeko emakumeen ohitura sexualen iraultzaz (topikoa hau ere) hitz egiteko. Baina, besteak beste, ez zituen kontuan hartu honako hauek: Hirugarren Munduko emakumeak, Mendebaldeko bazterretako emakumeak (galegoen modukoak), buruan jana eskuratzea soilik duten emakumeak pobreegiak izanagatik, artearekin amets egin ahal izateko analfabetoegiak diren emakumeak, emakume-nekazariak bere etxeari atxikiegiak eta bere familiari atxikiegiak deialdiaz axola izateko, eta oro har, modu diferente batean pentsatzen zuten guztiak. Horregatik, oraindik ere feminismoa gutxiengoen manifestuaren sinonimo da, jarduera oldarkor baten sinonimo, askori beldurra ematen dien mugimendu ausart baten sinonimo. Segur aski feminismoa mugimendu disidentea kontsideratzeko unea iritsi da, gizarte bidezkoagoa eta zoriontsuagoa bilatzen duten gainerako mugimendu askatzaileen mailan; inor ere baztertzen ez duen mugimendua, gainera. Ez ditu baztertzen beste latitudeetako emakumeak, nahiz eta haiek ikuspuntu propioak txertatzea eskatu, hemendik sarritan harrigarriak suertatuta ere. Botereari ezdeusak zaizkion emakume pobreak eta arruntak, eta antolaturiko talde-feministei talde bezala txertatzea zaila zaizkion emakume hauek ere ez ditu baztertzen. Ez ditu emakume edadetuak baztertzen, izan ere, hauetaz esan izan da behin-behineko existentziaren ezjakintasun harroaz, jada bere bizitza egina dutela. Feminismoak ez du inor baztertzen. Are gehiago, feminismoak ez ditu gizonezkoak baztertzen. Izan ere, botere patriarkalaren, ekonomizistaren, berdintzailearen eta esplotatzailearen aurreko alternatiba ezin da egin maitale ulerkor, estimuan harturiko gizonezkoak gabe. Egia esateko, borroka feminista borroka askatzailea da, tirokatzen gaituen militarismoaren aurkakoaren antzera, sarraskitu gaituen oligarkiaren aurkakoaren antzera, esplotatzen gaituen kapitalismoaren aurkakoaren antzera, sailkatzen gaituen arrazakeriaren aurkakoaren antzera. Gizakiaren bilaketaren borroka norberak egin ditzakeen ekarpenak eskatzen ditu. Literaturan emakumearen ahotsa agertzeak bizipen biologiko femeninoak txertatzea dakar, ikuspuntu ezberdinak, sorkuntzen, moduen eta profil ezberdinen emaitza bezala. Hartara, beste guztiak bezain beharrezkoa den disidentzia da, diskurtsoen aniztasuna guztion ondarea da, biologia-, kultura-, hizkuntza-, jarrera-, sexu- eta ideia-aniztasuna bezala. Eta bere hondatzea ezin da interpretatu aurrerapenaren ondorio ezinbesteko bezala, baizik eta ezarritako mundu-ordenaren beste kalamitate bat bezala interpretatu behar da, alda daitekeen eta aldatu behar den mundu-ordena. Kultura aniztasunaren eta gutxiengoen goraipamenaren garaiotan, herri urrunetako errefuxiatuekin batera bizitzea egokituko zaigun garaiotan, kolonialismoaren aurka eta merkatuaren interesaren aurka inoiz ez bezala gogor egin beharko diogun garaiotan, disidentziak duen onena, disidentzia guztiek duten onena, Markos komandante-ordeak gustuko dituen figura horietako bat eraikitzeko prestutasuna ematen digula da, errotik ederra eta perfektua den figura; mundu berri bat eraikitzeko prestu gara. Eskerrik asko.

Iratxe Retolaza Gutierrezek galegotik itzulia