Fito Rodríguez (eus)

Asteasuko Irazuen berbak eta izkribuak

Ez da ohikoa izan gurean nekazal herri txiki batean filosofia ikasi duten bi gazte aurkitzea. Asteasun topa daitezken biek, ordea, hizkuntza dute langaitzat. Haietariko bat, Bernardo Atxaga ezizenez , idazle gisa dugu ezagun Asteasutik kanpo. Bestea, berriz, Jexusmari Irazu bertsolariak, bere izen- abizenez eskuratu du sona euskaldunon artean.
Egungo giro kulturalean, non modernitatearen ondorioz idazkia hitzari aspaldi gailendu zitzaion, bertsolari baten azalpenak tradizioaren jarraipena, inguruari loturiko adierazpen errepikatua, pentsamendu konkretua eta homogeneo bezain itxia hartu ohi da idazlearen lanak, abangoardia, unibertsalismoa eta berrikuntza edo pentsamendu abstraktua, heterogeneo edota irekia onartua izan den bitartean(1).
Dena den, Irazu idazlea bere Asteasuarekiko lotura maiz ager dezake Irazu bertsolaria unibertsitateko egoeraz kezkaturik azaltzen den une berean. Hau da, idazlea herriminez egoten da bertsolariaren ardurak guztiz modernoak diren bitartean. Begi bistan azaltzen zaizkigun kontraesan hau eta beste batzuen aurrean, kultur herentzia eta disidentzia ohi bezain eskematikoki aztertu behar al da?
Esaldi latinoak honela dio:
«scripta manent, verba volant»
Baina jakin beharra dago, haren esanahia, berriz, testuinguruaren arabera aldatuz doala. Izan ere, oraingo sasoi honetan idazkeraren balioa azpimarratzeko erabili arren bere garaian ahozkotasunaren alde izan zen erabilia.
Halere, gaurko ikuspegietatik behintzat, esaeraren mezua ahozkotasunaren balioa gutxiesteko erabili arren, latindarren artean sortu zelarik, aldiz, idazkiaren aldean ahozko ekoizpena goratzeko izan zen zabaldua zeren, hala orduan nola egun ere, berbak munduan zehar «hedatzeko» inolako kontrolok gabeko gaitasuna baitute(2).
Irazu bertsolaria, beraz, unibertsitateko egoeraz kezkaturik agertu ohi da. Bertsolaria eta Ilustratua dugu era bertsuan. Herentzia eta disidentzia biltzen ditu bere baitan bere adierazpidea guztiz tradizionala bada ere. Bere hitzak lau haizetara zabalduz doaz.
Idazkera, ilustrazioaren sinonimotzat harturik, tradizioren aurkako joera hartu da historikoki.
Idazketa, bada, bere aldetik, kultur-berrikuntzarako lanabesa ulertu izan ohi da: disidentziarako nahiz aurrerakuntzarako baliagarria.
Ahozkotasuna, berriz, heredaturiko tradizioaren gordelekutzat jo izan dute.
Giza zientziek erabilitako ohiko eskema hori, ordea, hala M.M. Bajtínek nola bere jarraitzaileek ere ezarri zuten kolokan Erdi Aroko inauterietako herri adierazpenen disidenteak aztertuz(3).
Beste ildo desberdinetatik baina eskematismo faltsu hura gezurtatuz beti ere, aritu ziren M.Foucault(4), J.Derrida(5) eta G.Deleuze(6).
Bertsolaritzari buruz, bestalde, M.Lekuonaren idazkien arrastora mugituko izan dira Aitzol, Kixkitza eta abertzaletasun historikoaren adar kulturalak bertsolarien «adierazpen disidenteak» estaliz eta bertsolaritza «tradizio» berrietara eramanaz.
Haien arabera, XX mendearen hasieran «Ahozko literaturaren balioa» aldarrikatzen da euskal letretan eta, horrekin batera, adibiderik gardenena, bertsolariaren nahiz bertsogintzaren azalpenak hasi ziren birmoldatzen, berezko «disidentziak» leunduz eta...hizkuntza, keinuak, itxurak,agertokiak etab... «duinduz»(7).
Adibide bat jartzearren, Joxe Mari Lopetegi bertsolari errepublikazalea ez zen konbidatua izan «Euskaltzaleak» elkarteak antolaturiko lehenengo «Bertsolari Egunetan»(35ean eta 36an) nahiz elkarte horretako bazkidea izan(8).
Honen karietara sorturiko txapelketak zein jaialdietako bertsolariak «heziak»dira «basatiak» izan beharrean. Ez dira mugituko arloteen antzera(gero eta hieratikoagoak izango dira).
Antzerkietan eta agertoki duinetan arituko dira ( sasi ezkutuan ibili ordez) eta ez dira buruz-buruko dematan neurtuk, kanpoko jujepean baizik. Era berean, saiatuko dira hizkuntza «zaintzen».
Aipatu Joxe Mari Lopetegi, adibidez, bertsotan ari zela, kolpatua izango da9 eta idazkeraren erregistrora pasako diren bertsoak zentsuratuak izango dira nahiz orduko zentsura, jakina, bertsolariei bezainbeste idazleei ezarri zitzaien(10).
Jasoko eta Zentsuratuko den bertsogintza zentsuratua izango da «disidentzia» galduz.
Ez dira «Berdekeriarik » onartuko, politika gaien arabera «kontrolatuak» izango dira eta, beste bertsolari batzuk, besterik gabe, historiarako «desagerraraziak» izango dira.
Edonola ere, egun hitza langaitzat duenen artean, bertsolaria edota idazlea dela, ezin da bereizketa handiegirik egin(11) zeren, P. Zumthorek adierazi bezala, «ahozkotasun arartekotuaren»(12) garaian aspaldi ari baikara bizitzen eta horretan pausatu beharreko kontraesana ez da hitza= tradizioa eta idatzia=berrikuntza, adierazpenetan aurkitu daitekeen errepikapena eta desberdintasuna baizik.
Idazlearen aburuz bertsolariak «ortodoxoegiak» dira. Errepikapenaren errepikapenaz sortzen omen baitute beren ekoizpena. Horixe bera izan da Ilustrazioa historikoak tradizioa irakurtzeko erabili ohi duen leloa.
Egun, aipatu irakurketak irauten badu ere, ezin da eskematismo hutsal horri bidea ematen segi. Badakigu, jakin, mota desberdinetako zentsurak diharduela, baita zentsura garaikidea ezin dela iraganean pairatutakoarekin parekatu.
Jexusmari Irazuk, paretan Ertzaintzaren aurka idazteagatik, performancea izan zitekeenarena, Euskal Telebistak saioa bertan behera uzteko harturiko erabakiak begi-bistan utzi zuen erakundeak disidentziarekiko zeukan (eta daukan) jarrera itxia.
Egungo bertsolariek, idazleek bezainbeste, adierazpen teknologiak erabiliz jardun beharra daukate. Egun, sortzaile izateak multimediaz baliatzen ikastea dakar. Hau da, ahozkotasunaren arartekotsuaren garaian idazteak adierazpideen aukera berriez baliatzea eskatzen du.
Tradizioa gaurkotuz, «errepikapenetik» disidentzia sortaraztea da ibilbidea.
Artista edo bertsolaria izanik ere, soilik idazten hasiz gero ez da inor idazle bihurtzen, baina hori idazlea=?bertsolaria ustezko kontraesanetariko bat besterik ez da.13 Galdera beste bat behar du izan: sortzailea izateko nola ulertu beharra dago tradizioa eta disidentziaren arteko harremana?
Irazuren berbek eta idazkiek erakusten digutenez, bi Irazu ditugu izen beraren azpian. Izendapen berak esanahi desberdinak biltzen baitu bere baitan.
Irazu/Atxagak bertso asko ikasi zituen idazten hasi aurretik eta Irazu bertsolariak, besteak beste, kazetari lanak idatzi behar izan ditu sosak biltzeko. Biak ala biak sortzaileak dira, ezbairik gabe.
Ustez, idazkerak emaniko iraunkortasunak ez du hizlarien hitzak baino gehiago balio.
Izan ere, bi adierazpideen balizko egonkortasuna asmakizuna besterik ez baita.
Pierre Klossowskik erakutsi zigun bezala,14 berbak nahiz izkribuak bilakagai direlako.
Ez baitago berrikuntzarik gabeko errepikapenik.
Tradizioaren baitan disidentziarik egon ezean, irudikapenak sortzea ezinezkoa bailitzateke(15).
Eta, finean, irudikapenik gabe, sentitzea, pentsatzea eta adieraztea kimera hutsa izango genuelako.

---------------------------------------------------------------
1. Ellakuriaga, I. «Bertsolaritza, pentsamendu heterogeneoaren hedabide» in
Bertsolari 1995eko Urrian. 54/55. or.
2. Rodríguez, F. «El rumor y el efecto Pigmalión» in Crítica del lenguaje ordinario. Libertarias, 1993, 475/486.or.
3. BB.AA.: En torno a la cultura popular de la risa. Antrophos, 2000.
4. Foucault, M.: Les mots et les choses. Gallimard, 1990.
5. Derrida, J.: L’Écriture et la Différence. Seuil, 1979.
6. Deleuze, G.: Différence et Répétition. Puf, 1997.
7. Enríquez, J.C.: «Bertsolari alderraiaren asmakuntza» in Inprobisazioa mun-
duan, Kulturarteko Topaketak 2003, in Bertsolari, 2004, 252/263.or.
8. Elosegi, J.: Joxemari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria. Gaztelupeko Hotsak, 2004.
9. Ibidem. 106/108.or.
10. Torrealdai, J.M.: La censura de Franco y los escritores vascos. Ttarttalo, 1998.
11. BB.AA.: Hizkuntzalari eta Idazle, in Bertsolari 51, 2003. Egungo bertsolariak, idazleak izateaz gain, artistak ere badirelako(M.Lujanbio, U.Iturriaga), gidolariak ( A.Egaña, M. Lujanbio), abeslariak( I.Maia, I. Elortza).
12. Zumthor, P.: Ahotsaren iraunkortasuna, in Unesco Albistarian, 1985, 9,5.or.
13. Rodríguez, F.: «Zer da performance-a?» in Inprobisazioa munduan, Kulturarteko Topaketak 2003. Bertsolari, 2004, 317/322.or.
14. Klossovski, P.: Un si funeste désir, Gallimard, 1994.
15. Rodríguez, F.: «Rap, Trikitrixa zein Bertsolaritza Georges Lapassapasaderen esku», in Bertsolari, 1992eko Urrian, 12/18.or.