Joxemari Carrere Zabala (eus)

Orduan, norbait egon zen han. Heredatutako tradizio literarioari buruz

Norbait egon zen han, eta norbait ez zen egon

Ipuin batzuk horrela hasten omen dituzte Azerbaidjanen, fantastikaren eremutan sar arazi aurretik, non dena da posible. Tira hasteko modu bat da, oraingoan bezala. Baina, hain dago urruti Azerbaidjan! Etor gaitezen hurbilago. Joseba Sarrionandiak Urrezko arraiarena ipuina hasten duen moduan has gaitezen:
«Aspaldi zaharrean, desiratzeak ere balio zuen sasoian...» Hara! Baina hasiera hau Grimm anaiek Alemanian bildutako ipuin batzutan agertzen da. Tira barkatuko diogu Sarriri pixka bat kopiatzea, izan ere, nork ez du inoiz ezer kopiatu? Beraz beste hasiera bat bilatu beharko dugu gaurko honetan. Oraingoan bai, oraingoan gertu gertuan dugu hasiera ederra, hainbat euskal
ipuinetan agertu ohi dena:
«Munduan asko bezala...»
Egokia ote da ordea, halako hasiera bat jarritako gaiarentzat eta okasio honetarako? Beharbada ez. Baina hasteko modu bat da, hau ere. Nola hasi hizketan bestela heredatutako tradizio literarioari buruz? Are gehiago izenburu horrekin adierazi nahi denarekin sekulako zalantzak edukita. Izan ere tradizio literarioaz ari garela, noren ikuspegitik ari gara, kultura baten partaideen aldetik?, edo ikerlariaren begitik?, idazlearen barnetik akaso? Zaila benetan buru guzti horien ajeak asmatzea, neronentzat behintzat. Nire buruari begiratuko diot, eta euskaldun gisa heredatu dudan tradizio literarioari kasu pixka bat egingo diot.
Behin baino gehiagotan entzuna eta irakurria dut Europan liburutegiak ditugun bezala, zaharrak dituztela Afrikan; alegia, zaharrek betetzen dutela gurean liburuek betetzen duten lekua. Beraiek omen dira herriaren memoria. Beraiek gogoratzen eta kontatzen omen dituzte garaietan barrena sortu eta gordetako istorioak. Tradizio literarioa zaharren ahotan gordetzen da, Afrikan. Diote. Eta ez dut nik zalantzan jarriko halakorik, izan ere jakin badakit Afrikako berezko kulturetan ahozkotasunak duen garrantzia. Dena dela, halako baieztapenetan badago ukazio edo ezezagutza galanta, edo, agian, orokortasun kezkagarria.
Baieztapen horren baitan onartzen da, beste gauzen artean jakina, Europako jendartea alfabetatua dagoela, hau da, biztanle gehienek, salbuespen txiki batzuk kenduta, irakurtzeko eta idazteko konpetentziak dituztela; Afrikan berriz analfabetoak dira kopuru handi batean, jatorrizko hizkuntzan behintzat, beraz beraien kultur zein literatur transmisioa ahoz ematen dela
nagusiki. Orokorrean hartuta zaila da hori zalantzan jartzea, baina hainbat galdera datorkit burura, hots, zein hizkuntzan daude alfabetatuak europarrak? Eta ondorioz, zein tradizio literarioak gorde izan ohi dira liburutegietan? Europarren emaitza literarioak liburutegietan bakarrik gorde ote dira? Ez ote du inork liburutegi bat bildu ahots zaharrean? Zer nolako literatura garatu eta transmititu ahal izan dute bere hizkuntzan eskolaratze eta, ondorioz, alfabetatze prozesuak ukatu zaizkien kulturek? David R. Olson ikerlariarentzat «kultura idatzi bat garatu ahal izateko testuak erabiltzen dituzten instituzioak ezinbestekoak dira: eliza, gortea, gobernua, akademia eta familia»; Europako biztanle guztiek aukera hori izan al dute? Artikulu berean Olsonek aipatzen du, idatzizko tradizio batek testuak finkatzeaz gain akumulatu ere egin behar dituela. Nolatan idatzizko tradizio bat sortu orduan, kultura idatzi bat garatu ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen ez badira eta gainera kultura horretako hiztun gehienak alfabetatu gabeak badira? Hau horrela izanda, esan dezakegu bere hizkuntzan analfabeto izatera kondenatutako herri hauek tradizio literario bat garatu ez dutenik?
Gure amak kontatutako pasarte polita, niretzat behintzat, kontatuko dizuet. Garai batean bertso paperak saltzen omen ziren kalean. Bertan bertso ezagunak edo berriak agertzen ziren eta, gure herrian, merkatuaren atarian saltzen omen zituen gizon batek. Amak kontatzen du nola gure amonak sos batzuk ematen zizkion bertso paper horiek erosteko. Bazkal ostean gure aitona sukaldean eserita jartzen omen zen eta nire amak bertso horiek kantatzen zizkion. Bertso luzeak ziren, askotan neska baten istorio trajikoa edo negargarria, egungo kulebroien antza. Gaztelera erdipurdi erabiltzen zuen, eta jakina, alfabetatu gabea, zen gure aitonarentzat, bertso horiek betetzen omen zuten «literaturaren» lekua. Amak kontatzen du aitonak begiak itxita entzuten zituela, kantatzen eta kontatzen zen istorio horretan kontzentraturik. Entzuten ari zen istorioaren harira, tarteka komentarioren bat egiten omen zuen, bere buruarekiko. Halako gauzak amari entzunda garai bateko kontu zaharrak zirela pentsatzen genuen. Baina gaur egundik ikusita ohartzen gara gertaera horiek, kantu eta istorio horiek zirela gure hizkuntzan osatzen gindoazen «liburutegia», ahotik irten eta gure belarrian sartzen zihoazenak.. Eskolan irakasten zigutena zen ordea, benetako altxor literarioa, gazteleraz zegoen benetako liburutegia, eta besteak, berriz, balore folklorikoa edo «vernaculoa» baino ez zuen. Beraz, tradizio literarioa liburuetan jasotakoa baino ez zen. Kuriosoa da nola, iritzi hau ere errepikatzen den ahozkotasunetik datozen kreazio literarioekiko, hizkuntza edozein dela ere. Ez ote zuen inongo balio literarioa ordea amak aitonari bertsoak kantatzen zizkion une horrek? Eta orain ez naiz hain justu ari bertso horien kalitateaz edo berezko balio literarioaz, une horrek aitonarengan zuen eraginaz baizik. Baina norbaitek esango du hori desagertzear dagoen mundu baten zantzuak direla, eta seguraski arrazoi handirik ez zaio faltako. Tamalez hizkuntzaren desagerpena, gurean behintzat, askotan mundu horren desagerpenari lotuta dago, eta desagertze horrekin gauza asko badoaz, ohituraz gain. Camiño Nogueira galiziarrak halako zerbait aipatzen du Galizako jendartearen aldaketak gogoan. «A sociedade actual modelada coa cultura urbana, coas esixencias das novas tecnoloxias da comunicación [...], coas modernas formas de diversión paralizaron a difusión deste tipo de literatura, e hoxe podemos ver como de día en día as creacións literarias populares van desaparecendo da memoria colectiva.» Ikerlari eta biltzaile galiziarrak arazo interesgarria ikusarazten digu, izan ere kultura batek denboran barrena bildutako ahozko sormen literarioa aitzineko garai horiekin identifikatzea, eta ahozkotasun hori behe mailako kultur adierazpentzat hartua izan dela, ondoriozbazterrean uzte horrek altxor literario garrantzitsua galtzea ekartzen digu. Baina galera hau ez da emango bakarrik alde kultural eta etnologikotik, baita ere eredu narratiboen galeran ikus daiteke. Ahozkotasunaren sormen literarioa idatzizkoaren aurrean baztertzen da «>inkulturaren» edo gehienez ere «paternalismo» merke baten iritzi pean, herri xumearen adierazpen folkloriko den heinean. Goi mailako kultura eta literatura liburuetan topatuko dugu eta hor hezi behar gara, pertsona kultuak nahi izanez gero. Mendebaldeko kultura guztietan bizitako fenomeno hau areagotu egingo da ahozkotasuna nagusia den hizkuntzetan, euskaran esaterako. Irizpide hauekin tradizio literarioaz hitz egiterakoan txirotasunaren ondorio aterako da, ez baita kontuan hartuko Noia andreak aipatzen duen herri sormen literarioa. Eta bide honetatik jarraituta ikusiko dugu nola jatorrizko hizkuntza horretan idazterakoan erreferentzia literarioak beste hizkuntzetatik jaso behar dira, eredu narratibo arrotzak gureganatuz. Guzti honek esan nahi du beste hizkuntzetako ereduetan heztea gaizki dagoenik? Jakina ezetz, baina ezin dugu bazterrean utzi gure ondoan garatu diren eredu horiek, ez bere horretan kopiatzeko, baizik ikasbide gisa.
Italo Calvino idazle italiarrak ederki asko aipatzen zuen kontu zaharrek berarentzat zuten interesa. «Nire jardun literarioaren garai batean folktales-ekin erakarria izan banintzen, ez zen izan tradizio etniko batengatik [...], ezta ere haurtzaroko irakurketen nostalgia batengatik [...], interes estilistiko eta egiturazkoagatik baizik, ekonomiagatik, erritmoagatik, kontatuak izaten diren logika esentzialagatik».
Uste dut Calvinok bete betean asmatzen duela, eredu narratiboen aniztasunak literaturaren aniztasuna ekarriko baitu. Hizkuntza bakoitzak denboraren poderioz bere ereduak garatu ditu, alde batetik idatzizko formetan eta bestaldetik ahozkoetan. Baina honek ez du esan nahi loturarik gabeko bi mundu direnik. Erabat ados nator Anjel Lertxundik idatzitako Letrak kale kantoitik liburuaren hitzaurrean Inazio Mugika Iraolak aipatzen duenarekin, alegia, ahozko eta idatzizko tradizioak bereizten dituen «tabike artifizial hori bota beste erremediorik ez du izan Lertxundik, bigelen artean berez zegoen jarraipena agertuko bazen. [...] Bi tradizioak elkarrekin aztertzea derrigorra da, uste izan denaren kontra, ikuspegi orokor hori ondorioztatu nahi bada». Gurea bezalako hizkuntzak, euskarak, ezinbestekoa du halakorik egitea. Ahozkotasunean garatu den hizkuntza den heinean, ahozko tradizioari behar besteko garrantzia ematen ez badio bere idatzizko garapen literarioan beste hizkuntzetako baliabidenarratiboak erabiltzeko arriskua dauka, honek dakarren globalizazio (modazko hitza erabiltzea barkatzen badidazue) idorrarekin. Ez dugu nahastu behar, dena dela, guzti hau askotan «herriak hitz egiten duen bezala idaztea» entzuten diren iritziekin. Ahozkotasunak eskaintzen digun tradizio literarioa ez genuke erabili behar hura errepikatzeko, baizik hura garatzeko, gure produkzio literarioa aberasteko eta tokian tokiko egiten den literaturari arima propioa emateko. XIX mendean bizi izan zen Adolfo Coelho idazle portugaldarraren iritzia muturrekoa bada ere kontuan hartzekoa da. «[...] assim as literaturas só têm valor verdadeiro quando aproveitam as minas da tradiçao popular»
XX. mendearen azken laurdena arte euskaraz dugun tradizio literario idatzia kontuan hartuz gero ezin esan genezake literatura aberatsa denik, kantitatean behintzat. Hau dela eta, azken berrogei urtetan, batez ere, euskal literatura idatzia berritzeko eta garatzeko ahaleginetan aritu diren idazleek erreferentzia urriak izan dituzte. Literatura bide propio egiteko orduan zaila izan da bidea. Alde batetik eskasiak eta beste aldetik argitaratua izan dena eskuratzeko zailtasunak areagotu izan dute arazoa. Dena dela honek ez du esan nahi euskal literatura korronte modernoetatik aparte bizi izan denik edo idatzitako literatura kontuan hartu ez denik; are gehiago, euskararen literaturaren historian esan dezakegu idazle askok aurretik etorritako literatura kontuan hartu izan dutela beren lan askotan, baina baita ere herri literaturak eskainitako ereduak. Idazle askorentzat euren estiloa aberasteko orduan Axularren idazkera eredugarria izan den bezala; herri literaturaren aberastasuna erreferentzia izan da maiz. Har dezagun Arestiren kasua. Ezin ukatuzkoa da idazle bilbotarrak euskal literaturaren berritzean izan duen eragina. Bere lana aztertzen badugu ikusiko dugu euskal literatura idatziaren zein ahozkoaren tradizioa ikertu zuela bere lanaren aberasgarri eta euskal literatura moderno baterako bere alea jarriz. Horren erakusgarri dugu ia aipatzen ez den euskal antzerkigintzaren berritzearen alde egin zuen lana. «Mugaldeko herrian eginiko tobera» (1961) antzezlanean, esaterako, toberen tradizioa hartu zuen, ez errepikatzeko baizik eta antzerki forma tradizional bat erabiliz euskal antzerki moderno baterako bidea egiteko. Tradizioa inspirazio iturri bezala erabiltzen du, eta bizirik zirauen forma bat hartuz antzerki euskaldun berri baterako bideak proposatzen ditu. Tamalez bide hau garatu eta indartu beharrean, gaur egun bestelako bideak maizegi ikusten dira antzerki euskaldunean, euskal kutsua askotan kostunbrismo berritu baten itxurarekin agertuz.
Egun, zorionez, euskal literatura idatzia osasuntsua ageri da (aurreko mendeekin konparatuta behintzat). Euskaldun alfabetatuen kopurua historian izan den altuena dugu. Eskolan euskal literatura bere lekua hartu du (nahi diren xehetasunak kontuan hartuta noski). Liburuen edizioa izugarri hazi da (iritzi batzuen arabera gehiegi). Eta gure literaturan klasikoak bihurtu dira oraindik ileak urdindu gabe dauden egileak. Baina honek ez gaitu euforia neurrigabe batean murgildu behar. Edozein literaturak,baina batez ere gurea bezalako hizkuntza gutxitu batetan egiten dena, ezinbestekoa du denborak utzi dizkigun era guztietako altxor literarioak. Idatzita utzitako liburuetan aurkituko ditugu, baina batez ere ahotik belarrira pasa diren bertsoetan, istorioetan eta bestelako adierazpen literarioetan. Horietan murgildu beharko gara gure hizkuntzak eskaintzen dizkigun baliabide literarioak egingo dugun literatura arima propioa izan dezan. Euskaldunok heredatu dugun tradizio literarioaren zutaberik nagusiena, akaso, ahozkotasuna dugu eta zutabe honekin batera idatzita dagoena uztartzen jakin beharko dugu, Mujika Iraolak aipatzen duen «tabike» hori bota dezagun. Bi «liburutegi» horietako liburuak beharko ditugu erabili, nahi ez badugu behintzat literatura eremu standarizatua, globalizatua eta arimarik gabekoa bihur dadin; edo goroldioarena gerta ez dakigun. Nola? Ez dakizuela goroldioari gertatutakoa? Ez dut sinesten; benetan ez dakizuela? Zorionekoak zuek ni hemen nagoela zuei benetan inportanteak diren gauzak erakusteko.
Ba, diote diotela, hasiera hasieran bizidun guztiek hitz egiten zutela, landareek, txoriek, animaliek eta pertsonek. Baina Jaungoikoa nonbait goroldioa ahaztu egin omen zuen, eta gainerako izaki guztiek berriketan zebiltzan bitartean, goroldioa isil isilik egon behar omen zuen. Hau ikusita gainontzekoak hasi zitzaizkion beren hitzak erakusten. Goroldioa izakirik jakintsuena bihurtu omen zen, denen hitzak zekizkielako. Jaungoikoa ordea, siestan zegoela beti bezala, konturatu zenean berak egin gabeko zerbait egin nahi zutela «Mekaguen ni!» oihukatu zuen, eta guzti guztiei hitza kendu zien, pertsonei izan ezik –badakizue jaungoikoaren autoestima gordetzeko: «Gure aita zeruetan zaudena...» «Ongi da, ongi da.» Orduan amaitu omen ziren zorioneko garaiak eta zoritxarreko garaiak hasi. Eta zoriontasunean bizi diren bakarrak haur txikiak omen dira, beraiek hitz egiten baitute txoritxoekin, landareekin, txakurrekin...
Eta kontatutako gauza guzti hauek gertatu zirenean, orduan, ni, han nintzen.