Xosé Miranda (eus)

Iruditeriaren iturriak literatura galegoan

Aitortu behar dut, hasteko, hitzaldiaren izenburuak berak “iruditeriaren iturriak literatura galegoan” harritu egiten nauela, hainbat arrazoi direla eta. Batetik, iruditeria edo imaginario hitza bera. Hiztegietan bilatuz gero, iruditeria hori existitzen ez den zerbait da, ez da erreala, hau da, fabulazkoa da, fikziozkoa, irreala, ez egiazkoa. Horrela harturik, bi aukera daude, lehenik, orokorki onarturik dagoena eta nire ustez hausnarketan oinarritu ez dena batere, hau da, iruditeria deiturikoa fantastikoarekin nahastearena, eta hortaz, iruditeria literatura fantastikoari propioa zaiona dela onartzea; eta bigarrenik, kontrakoa, literatura guztia fikziozkoa dela dioena, baita errealista modura autodefinitzen dena ere, eta liburuetan baino ez da existitzen, irudimenetik dator eta. Ondorioz, “iruditeriaren iturriak” literaturaren iturriak dira. Ez bakarrik fantastikoarena, baita pikareskarena, genero beltzarena, tesi-nobelarena, haur eta gazte literaturarena, epikarena, epopeiarena, antzerkiarena, abentura-nobelarena eta dena delakoarena. Eta gutxi-asko pentsatuta, hori egiazkoa da: kontu hauek guztiak bazeuden ahozko literaturan. Baina uste dut gaia proposatu zutenak ez zihoazela bide horretatik. Hirugarren aukera bat aipatuko dut: iruditeria irudimenetik ez hartzea, baizik eta iruditik. Nire ustez, iruditeria taldeak onarturiko irudi-multzoa da, hau da, osatzen gaituzten mitoen multzoa: gizotsoa, Moura, Pepa Loba, Arturo Erregea, Kristo, Errege Magoak, Perez arratoia, odol-zupatzailea, baina baita Foucellas, Pilotoa, Curuxás, García Erregea, eta abar. Jakin badakit sobera eremu labainkorrean nabilela eta Betelheimen psikonalisia zein Jüngen inkontzientea ondo-ondoan koka daitezkeela.

Eta bestetik, zer ulertzen dugu iturritzat? Iruditeria galegoaren iturria (dena delakoa ere) ahozko literaturan dagoela esanez aska nezake korapiloa, eta baliteke hori izatea nire hitzaldi honetaz espero dena. Baina zertxobait sakonduz gero, argi dago ahozko literatura guztia ez dela garai berekoa eta ahozko literatura guztiak ez duela jatorri bera. É qui li cuá. Oso denbora gutxi dugu eta ondoko ohar hau baino ez dut egin nahi: Galizian mugimendu antimilogiko absurdua ezarri da, eta esaterako, mourak(1) nekazarien aurrean eginiko erantzun negatibo moduan azaltzen ditu. Ikerlari hauek diote, adibidez, mourak ilehoriak direla nekazariak beltzaranak direlako, edota mouroek altxorrak dituztela nekazariak pobreak direlako, eta honen gisako perla asko eta asko. Hori guztia agerikoa dena ez onartzearren: mouroak mito dira eta gaur ere existitzen den literatura galegoaren mitologiaren parte dira. Are gehiago, mitologia hori lehen laborarien jardunean du jatorria. Izan ere, arrazionalismoak arrazoia baztertzen duenean orduantxe bihurtzen da sineskeria arriskutsu. Arrazoiaren ametsak munstroak sortzen ditu.

Digresioak alde batera utzi eta gaiari lotuko natzaio. Ahozko literatura hartuko dut iruditeria galegoaren iturrietariko bat. Horrela izanik, literaturan genero anitz dago: batzuk prosaz, beste batzuk bertsoz. Gainera, egon badaude errezoak, esaerak, igarkizunak, errefrauak, oso interesgarria den haur folklorea, eta abar. Bertsoz egindako generoen artean, kantigak eta erromantzeak ditugu, narrazioak direnak egiazki, eta hasiera batean Erdi Aroko jatorria zutenak, geroxeago etorri direnek hilketak eta maitasun kontuak kontatu badituzte ere, nobelaren zenbait genero aurre-irudikatuz.

Eta prosaz, hiru genero narratibo: ipuina, legenda eta mitoa. Aipa dezadan laburki; ipuina fikziozkoa dela jakinda kontatzen da (asmakeria da, fabula da) eta Aarne-ri jarraituz talde hauetan sailka daiteke: animalienak (fabula klasikoaren modukoak direnak), txisteak eta anekdotak (oso errealistak eta naturalistak), formula-ipuinak, eta ipuin folkloriko arruntak, eta hauen barruan kokatzen dira ipuin “miresgarriak”, eta azken hauetan magiak badu lekua, naturaz gaindiko lehiakideak badaude eta gainditu beharreko frogak badaude, eta abar. Besteak beste, Brancaflor-en ipuina, Lagarto Printzearen ipuina, Buligan zaldiaren ipuina, deabruaren hiru hileen ipuina, Printzesa eta erraldoiaren ipuina, Ollaparoren ipuina, eta abar. Izaki mitiko galego asko eta asko azken mota horretako ipuinetan agertzen da. Kontuan har bedi “maitagarrien ipuin” horiek denbora eta mundu mitiko batean gertatzen direla, definizioz. Legenda, aldiz, egiazkotzat hartzen den narrazioa da. Kontalariak gertaera erreal, egiazko bezala kontatzen du: berau xedatzeko jitea da hori. Legenda gertaturikoa da eta frogatzeko, egiaztatzeko, protagonistaren edo lekukoaren izena ematen da: hau gertatu zitzaion nire aitonari, nire izebari, nire lagunari, nire lagun baten lagunari, nik neuk ikusi nuen begi hauekin, eta gainera aipatu egiten da noiz eta non gertatu zen. Hona hemen adibide bat: Felixek kontatzen du bazegoela Marcen emakume bat Generosa do Polvora izenez ezagutzen zena, Monfortinaren ahizpa zena, eta aita hil zitzaionean hortxe zegoela bere etxe azpian eta zakur baten moduan zebilela zaunkan. Eta kontatzen zutenez hil baino pixka bat lehenago ahizpari eskuineko eskua eskatu zion, baina hark ez zion eman. Horren ordez, erratz baten makila eman zion. Generosa hil egin zen eta erratzak alde egin zuen hegan. Legendak duen “egiazko” izaera hori fabularen kontrako joera da, eta horiek horrela, “iruditeria” izenburuari buruzko galderak sortzen zaizkigu, izan ere, legendak zehazki ez imaginarioa izateko asmoa du, egiazkoa izateko asmoa. Legendak zalantzara garamatza: bi munduen artean kokatzen da. Beste mundua, bat-batean, mundu honetan agertzen da. Jakin badakit zuetariko batzuek esango duzuela horiek ez direla ohiko legendak, ohiko horiek gazteluetakoak, zaldunenak, santuenak, birjinenak, eta abarrenak direla. Baina oker zaudete. Arkeo-legendak, espezialistek izendatu bezala, hauek dira benetan erro herrikoi, ahozkoa dutenak. Arkeo-legendetan (narrazioaren denborari dagokionez duela gutxikoak balira bezala kontatzen direnak) pertsonaiak sorginak, aztiak, nubeiroak(3), gizotsoak, begizkoak, sorginkeriak, deabruak, trasnoak(4), deabrutxoak, fantasmak, Konpainia, Hartzaren Sozietatea, zakurrak, Zarrulada, otsoak, eta abar. Beste alde batetik, neo-legendak legendarekin komunean du bere egiantzekotasunerako asmoa, baina ez da berehalako munduan eta denboran kokatzen (antzina gertatzen da, zaldunen eta gazteluen garaian, santu ibiltarien garaian, Birjinen garaian, Santiago Bideko garaian), baina denbora eta mundu ezagunetan kokatzen dira, eta horregatik ezin da aurkeztu gertaturikoaren lekukotzarik. Legenda hauetariko askok jatorri idatzia izango zutelako susmoa dugu. Bada hirugarren motako legendarik, gaur egun oso ezagun dena: legenda urbanoa deiturikoa. Bertan ez dira normalki naturaz gaindiko izakiak agertzen, baina egiazkotasunaren izaerari eusten zaio, gertaturiko zerbait kontatzen du, eta lekukotzak ematen dizkigu: lagun baten laguna. Egunkariak eta internet legenda mota hauetaz josita daude. Folklore mota berri bat osatzen du, xeroxlore deiturikoa. Unibertsala eta transbertsala den arren, ez da hain modernoa ere uste den moduan, ez da soilik urbanoa, eta behin eta berriro lokalizatzeari eusten dio. Esate baterako: A Coruñan ume bat gurasoekin feriara joan zen eta zalditxoen gainean ibili zen. Txikia, pobrea zen, akaso ez zuen hiru urte baino gehiago. Zaldi baten gainean jarri zen eta negarrari eman zion derrepentean. Amak hartu zuen, baina negar eta negar haurra. Etxera eraman behar izan zuten. Zaldiak hozka egin ziola esan zuen. Eta, jakina, ez zioten kasurik egin. Haurren kontuak zirela pentsatu zuten. Baina iluntzean oso gaixo jarri zen, oka eginez, besoa puztu zitzaion, beltz jarri zen. Medikuari deitu zioten, baina berandu heldu zen. Hil egin zen haurra. Eta kontua da, besoan bi hozkada zituela. Ez zion zaldiak hozka egin, bipera batek baizik. Polizia zaldiko-maldikoak ikustera joan zen, eta umeak zaldian eginiko bipera topatu zuen. Baina mitoaz hitz egitea falta zaigu. Estimatzeko hain zaila den pieza narratibo hori, ipuin eta legendaren artean dagoela ematen du eta: ipuin miragarriak bezala denbora “imaginarioetan” gertatzen da, ohiko metodoekin neurtu ezin diren denboran gertatzen dira, alternatiboak baitira, jatorrietako denboran kokatzen dira, ibilbide linealari erantzuten ez dioten María Castañaren garaietan, eta legendak bezala egiazkotasunerako asmoa du. Hori egiazki “gertatu zen”. Ez dago lekukotzarik, baina gertatu zen eta agerikoa da. Ez da neo-legenda bat, egia esateko, ez baita hitz egiten gizakiez, munduaren sorreran dauden jainkoez baizik. Mitoak gauzen sorreraz hitz egiten du, komunitate baten sinesmen sakonenez hitz egiten du, eta horregatik, horiek galdu egiten direnean ipuin edo legenda modura jasotzen dira. Eta horixe da Galizian gertatu dena: orain arte folkloristek ez zuten hitz egiten mito galegoez, izan badirenak eta ugari direnak. Legenda modura edo ipuin etiologiko modura sailkatu izan dituzte edo baita txiste edo anekdota huts bezala, harriturik. Erlijio nagusira moldatzeko asmoz forma aldatu izan zaio pertsonaia orijinalari, eta ezkutaturik igaro daiteke. Ikus ditzagun adibideak: Eume ibaia Xistralen jaiotzen da, Xistralgo Iturrian, eta gero beherantz doa eta Realaren lekutik igarotzen da. Han bazen urpean geratu zen herri bat. Egun batean ekaitza etorri zen, euri jasa eta Veiga do Real urperaturik geratu arte ez zuen atertu. Putzu oso-oso sakona egin zen, Realgo Putzua. Eta biztanleak han geratu omen ziren, eta ur azpian bizi omen dira. Kontua da, han ageri direla emakume batzuk ilea orrazten, ziur asko herri hartakoak ziren emakume atseginak. Eta bazuten txakurtxo bat, txakurkume txikitxo bat handik igarotzen zirenen ardiak hartzen zituena eta Putzuaren sakonerantz bidaltzen zituena, biztanleak elikatzeko izango zen, zer dakit nik. Sorgin bat, edo moura bat, eta bere alaba, kastroan bizi zirenak, Perdido Mendia oinez zeharkatzen zuten. Ama irun eginez zihoan eta buruan harkaitz bat zeraman; neskatxak buruan eltze bete esne zeraman. Arrokara heltzean, sorginak, edo mourak, harlauza baten gainean irrist egin zuen, buruan zeraman harkaitza erori egin zitzaion eta alaba zanpatu zuen. Ama, zoritxarra ikusirik, sumindu egin zen, eta esan zuen: - Pena Castrela, eltzea hautsi didazu, alabatxoa hil didazu; deabruak pitza zaitzala isatsetik belarrira. Eta zigortzeko beste harri bat hartu zuen (metro erdiko luzera zuena) eta bota egin zuen gainera. Eta hortxe dago arroka, bitan banaturik. Moura-k, ikusten den bezala, erraldoiak dira, buruan harlauzak eramaten dituztenak, esku batekin irun egiten dute eta, nahiz eta hemen aipatu ere egiten ez den, aldi berean, beste eskuarekin esnea irabiatu egiten dute edo gurina egiten dute. Denborarekin, sorginekin nahastu egin ziren, baina ikusten den bezala, ez dira sorgin arruntak, baizik eta naturaz gaindiko sorgina erraldoiak dira, Britainiar Uharteetakoen antzekoak. Egiazki, Mari, Moura, Morgana, Morrigan jainkosaren aldaerak dira. Harkaitz, trikuharri, gaztelu eta kastroen arduradun den jainkosa hori, eta batzuetan baita zubi eta elizen arduradun ere badena, eta jakina leize, mendi, kastro, eta iturrietako biztanle dena, itxuraz eta borondatez aldatzeko gai dena, batzuetan kobra dena eta beste batzuetan oilanda, batzuetan behor dena, zahar eta gazte, eta zerrien, behien, esne eta gaztaren, ardoaren, ogiaren eta zerealen maitale, ordezkatzeko eramaten dituen neskatxen maitale, eta mutikoen maitale, eta denboraren gobernatzailea, neguarena (berak eragiten du izoztea: zaharrak nahi beste xahutzen zuen; zaharra gauez xahutzen du; berak sortzen du beroa; zaharrak nahi beste hornitzen du, esaten da sargori den egun batean, Folen ageri da), zaharraren arkuarena eta ipurtargiena (zaharrak egiten ahiak) eta maruxiñena. Zahar horrek sortu zituen mendiak eta mendietan gurtu egiten da: faroan, Cebreiron, Ana, Maria, Mariña izenekin, haren azken berraragiztatzen direnak. Baina batzuetan Jainkoa bera da. Jainkoak mundua egiten amaitu zuenean egin zuen azkena, eta hobe egin zuena, Galizia izan zen. Nekaturik zegoen, eta ipurdia Santa tegra mendiaren muinoan pausatu zuen, baina ez zen behar bezala jarri eta ez erortzeko eta barregarri ez geratzeko, eskua jarri zuen. Bere pisua zela eta atzamarrak markaturik geratu ziren eta marka haietan barna sartu zen itsasoa. Bost atzamar horiek osatzen dituzte bost itsasadarra, Rias Baixas deiturikoak: Vigokoa, Pontevedrakoa, Arousakoa, Muros eta Noiakoa eta Corcubión eta Ceekoa. Ah, baina Jainkoa buztinez zikinduriko eskua altxatu zuenean, astindu egin zuen, eta horrela, itsasoan erortzen ziren pila horien tamaina handia edo txikiaren arabera honako uharte hauek jaio ziren, Cíes uharteak, Sisargas uharteak, Ons eta Oncela uharteak, Sálvora uhartea, Arousa uhartea eta beste zenbait uharte galego.

Uste dut, zahar horixe dela zeltek eta germaniko britaniarrek Cailleach deitzen dutena, Kandelerio dena, eta negua du bere, azaroaren 1etik maiatzaren 1era bitartean, jada etxetik atera eta gerrara joateko ordua heltzen zenean. Zeltek garai horretan bakarrik egiten zuten gerra. Azaroaren 1ean abiatzen da hilen garaia, negua, Cailleach gazte izateari utzi eta zahar egiten denean. Izan ere, Erdi Aroko Espainietan gerrara joatea al maio esaten zen: horrela dio Alfontso X erregeak: Quen da guerra levou cabaleiros e a sa terra foi guardar diñeiros non ven al maio! Ohar zaitezte azaroaren 1aren eta maiatzaren 1aren erdi-erdian kokatzen dela Kandelerioa, otsailaren 2an, txoritxoak ezkondu egiten diren egunean. Eta ohar zaitezte, udako solstizioaren egunean, San Juan egunean, sorginkeriatik irten nahi duen Moura agertu egiten dela. Moura lurrazpian bere borondatearen aurka gorderik dagoen Jainkosa da. San Juan gauean etorri ohi da, neskatxaren itxura duela, sorginkeriatik aska dezagun. Eta ez da mitoa bakarrik gordetzen, harrigarriro erritoaren deskribapena ere gorde egin da. Mouro batek hiru opil ematen dizkio hango gizon bati, zein bere txirikordarekin, eta esan egiten diote ez hartzeko puskarik eta ez kentzeko konkorrik ogiari. Kastrora heltzerakoan Pedrok ogiak banan-banan eremuaren erdian botatzeko agintzen dio, esanez: - Aureana, aureana, Anak ematen dizun ogia har ezazu! Horrela egiten du gizonak, baina bere emakumeak, bizkitartean, haztatzen du opilak daramatzan zakua eta txirikorda bat jan egiten dio opiletariko bati. Herritarra kastrora heltzen denean, ogi bat bota egiten du eta emakume eder bat agertzen da mando potxolo baten gainean, eta ihes egiten du tximistak bezala. Beste bat bota egiten du, eta iguala den beste emakume bat ateratzen da, bere mando eta guzti. Hirugarrena bota egiten du, osorik ez dagoen hori, eta ateratzen den emakumea mando herren batean doa, eta horrela ezinezkoa zaio sorginkeriatik askatzea.

Moura Jainkosa kobra da, eta kobra guztien modura negua lurrazpian igarotzen du, eta kobren modura hilezkorra da eta kobren modura anbibalentea da, ugalkortasuna eragin dezakeena eta irensteko gaitasuna ere izan dezakeena. Galizian existitu izan zen nekazal herri europar baten Jainkosa laboraria da. Europarra, ez indoeuroparra. Genetikoki ez baikara indoeuroparrak. Herri horri gainjarri zitzaion beste kulturarik eta hizkuntzarik, biztanlerian baino areago, beste herri indoeuropar zenbait (zeltak, latinoak, germaniarrak) beste mitologia batzuk ekarri zituztelako, baina Jainkosak orain arte bizirik iraun du: lurrazpian. Existitzen da, hortaz, mitologia galegoa ez da irlandarra, britainiarra, bretoia, euskalduna, lituaniarra, finlandiarra, alemaniarra edo latindarra baino gutxiago. Deszifratzea zeregin luzea izango da. Momentuz hanpa dezagun(5) mouroak eta mourak badirela, altxorrak, trasnoak, tardoak, Diaño Rumudoak, perelloak, sumicioak, augurioak eta heriotza-iragarpenak, Hiru Mariak, <>Raíña Loba, liburu eta sendabide magikoak, urre- eta mundrun-habeak, sorginkeriak, lamiak, xaciak, sirenak, emakumezko hankak dituzten ahuntzak eta ahuntz-oinak dituzten emakumeak, mecos-ak, rabenoak eta gizon basatiak, lurrazpiko ezberdina den mundu batekoak diren izakiak, otsoen peeiro-ak, zaldi-mamuak, agerkundeak, heriotza-hegaztiak, txakurtxo errariak, Morrazoko azeriak, Konpainia Santua, sorginen prozesioa, Peago putzuak, lurrazpiko itsasoak, urperaturiko hiriak, kobra hegalariak esne irrikaz egoten direnak, herba cabreira, druida-arrautzak, tximista-harriak eta suge-harriak, maruxainak, zaku-gizonak, mariamantak, hortz berdeko meigak, arrain-gizonak, tripontziak, sacaúntosak, zarroncosak, biosbardosak, cozorrellosak eta beste asko eta asko.

Bukatzeko, argia da oso herri mitologiak eta ahozko literaturaren genero zenbaitek literatura idatziaren mota anitzekin duten harremana. Horrela, errealista deituriko literatura, Aarne-k “txiste eta anekdota” eta “ipuin erromantiko eta nobelesko” izendatzen dituen horietatik hurbil dago; miragarriaren literatura (batzuek modu okerrean fantastiko deitzen dutena, eta anglosaxoiek fantasia deitzen dutena), Dunsany, Tolkien edo Ursula LeGuin-en moduko literatura, ipuin miragarri eta mitoetatik dator; fantastikoa (Fole, geure kasuan), arkeo-legendatik hurbilago dago; erromantikoak neo-legendatik hurbilago daude gazteluekin, hilekin eta mamuekin; eta “bitxiaren literatura”, esaterako Poe eta Dieste, beldurrezko benetako literatura fantastikotik hurbil dagoena baina batzuetan ez dena, legenda urbanoarekin berdin izan da. Eta Cunqueiro? Cunqueiroren obran ipuina bere osotasunean datza, mitoa, arkeo- eta neo-legenda. Cunqueiron ez dagoena legenda urbanoa da, atsegin ez duelako. Cunqueiro Poe eta Diesterengandik, Cortázar eta Ambrose Biercerengandik, oso urrun dago, eta Borges eta Dunsanyrengandik hurbil.

Nahiz eta galegoek tragikoak izateko ospea izan eta heriotzaren ondoan ibiltzeko ospea izan, meigak eta mamuak izateagatik, hildakoekin bizidunekin bezalaxe hitz egiteagatik eta horregatik guztiagatik, umorez beteriko mundu-ikuskera da galegoena, Cunqueiroren edozein irakurlek dakien bezala, eta baita geure mitologia eta geure ahozko literatura ere. Adibide bat baino ez: barraskiloaren izena.

1. Itzultzailearen oharra: moura eta mouro-ak mairu modura ez itzultzea erabaki da, izan ere, testu honetan defendatzen baita moura eta mouroak pertsonaia mitologikoak direla, eta horregatik, izen galego propio horrekin izendatzeari iritzi zaio egokiena, mairuaz beste erreferentzia delako adierazi nahi dena testuan.

2. Itzultzailearen oharra: Olláparo Galiziako mendi eta basoetan bizi den pertsonaia mitologikoa. Bi begi dituena legenda batzuen arabera, bata kopetan, bestea lepoaren atzealdean.

3. Itzultzailearen oharra: nubeiro-ak espiritu gaiztoak dira, zaparradak eta ekaitzak sortzeko gaitasuna omen dutenak.

4. Itzultzailearen oharra: trasno-ak gauez agertu ohi den izaki fantastiko bihurria da, mamu baten antzerakoa.

5. Itzultzailearen oharra: mitologia galegoko izaki mitologikoen zerrenda osatzera dator, eta bakar-bakarrik itzuliko dira izen horiei, izen mitologikoei, gehitzen zaizkien ezaugarriak. Jatorrizko izena gorde da zentzua gordetzeko, zerrenda hauetako izaki horiek guztiak, deabrutxoen aldaerak, espiritu anitzen aldaerak edo sorgin mota ezberdinen aldaerak dira, edota animalia eta landare magikoak direnak, eta baita espazio magikoak ere (lurrrazpikoak, urrazpikoak).

(

Iratxe Retolaza Gutierrezek galegotik itzulia)