Caterina Valriu Llinàs (eus)

Kataluniako imajinarioko klasikoak (XIX. eta XX. mendeak)

Idazlea oinordeko bat da funtsean. Ondare baliotsu bat hartu eta birformulatu egiten du. Ondoren, bere garaiko irakurleei uzten die bere obra oinordetzan, baita etorkizuneko irakurleei ere, baldin denboraren proba zaila gainditzeko kapaz bada, denbora baita testu bat klasiko bihurtzen duena. Idazlea, bere bakardadean, maila bat besterik ez da katea luze batean, hari bat tapiz baten irazki korapilatsuan. Idaztean, literatur iturrietatik edaten du, letrak deszifratzen ikasi aurretik jaso zuen ahozko literaturatik; ondoren, irakurketa “triade” edo inposatuetatik, gizarteak klasikotzat dituen obretatik, gure bizitzaren zati den mundu mitikotik, mundua ikusteko modua taxutzen eta errealitatea ulertzen laguntzen digun mundu horretatik.

Betidanik, leku guztietan eta kultura guztietan, gizakiak mitoak sortzeko premia izan du. Gure izaerak bere-berea du pentsamendu mitikoa, eta pentsamendu hori pentsamendu logikoarekin batera bizi da. Erlijioak oinarri mitiko baten gainean eraikitzen dira, giza egoeraren ziurgabetasunari erantzuten ahalegintzen den oinarriaren gainean. Historia, aldiz, iragana egituratzen ahalegintzen den substratu mitiko baten gainean altxatzen da. Hedabide modernoak, zati handi batean bederen, hoztasun arrazionaletik harago gugan eragiten saiatzen den oinarri mitiko baten gainean artikulatzen dira. Imajinarioa, horrenbestez, ezinbesteko koordenatua da humanizazio prozesuan, eraikuntza kulturalaren prozesuan.

Zein dira Kataluniako literatur imajinarioko XIX. eta XX. mendeetako klasikoak? Galdera zail, multidirekzional eta konprometitua da, baita nahasgarria ere agian. Galdera horri orrialde gutxitan erantzutea lan nekeza da, erakargarria ere aldi berean. Hainbat ikuspuntu erabil daitezke horretarako, denak interesgarriak ziurrenik, baina bat aukeratu beharrean nago. Gure idazleek azken bi mendeetan behin eta berriro erabili dituzten alegiazko erreferenteak azaltzen ahaleginduko naiz, aberri “imajinario komun” bat eraikitzeko balio izan duen istorio, pertsonaia eta zio multzoa. Ez alferrik, kultura berezi eta aldi berean ireki bateko –kataluniar kultura– partaide izatearen sentimenduak erreferente horietan ikusten du ispilaturik bere burua.

I. Imajinario fantastikoa
Imajinario fantastikoa naturaz gaindiko izaera edo boterea duten izakiek osatzen dute: sorginek eta maitagarriek, deabruek, espirituek, arima herratuek, etxeko edo basoetako izaki ñimiñoek, mirarizko heroiek, herensugeek eta erraldoiek… Era honetako izakiak kultura askotan ageri badira ere, bereziki errotuta daude mediterranear tradizioan. Gurean, fisionomia bereizgarri eta ezohiko batekin ageri dira.

XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, Kataluniako literatur mugimendu nagusietan neurri handiagoan edo txikiagoan eragiten duen ideologia nazionalistak garrantzi handia ematen dio bertako imajinarioa erabiltzeari, XIX. mendearen erdialdetik aurrera folkloristek bildutako eta ordenatutako iruditeria lantzeari. Renaixença-k, Modernisme-ak eta Noucentisme-ak lotura estua dute Kataluniaren egituratze nazionalarekin, baita frankismoaren ondorengo literaturaren zati handi batek ere. Horregatik soilik jarraitu ahal izan du bizirik hainbat erreferente mitikok.

Jacint Verdaguer-ek Canigó (1885) idazten duenean, poema narratibo luze bat sortzen du. Poema horrek Katalunia kristauaren jaiotza mitifikatzen du, kultura musulmanarekin aurrez aurre ezarriz. Bi elementu bilbatzen ditu horretarako: maitagarrien mito paganoa eta gerlari askatzailearena. Errepara diezaiegun maitagarriei, urrezko bizitzaren literatur topikoa hezurmamitzen duten alegiazko pertsonaiei: edertasuna, atsegina, hilezkortasuna, gozamen maitatia, naturaren gozamena, arteak... Verdaguer-ek ahozko tradiziotik hartzen du beldurra ere eragiten duen gizakiaren amets zahar hori: munduan bizitzea baina mundutik kanpo, naturaz gaindiko boterea edukitzea baina aldi berean gizatasunik ez izatea... Canigó-ko maitagarriek, Flordeneu erregina buru dutela, lilura sortzen dute alde batetik; bestetik, baina, uxatu beharreko zerbait dira, oldarra eta zuhurtzia aurrez aurre, plazera eta betebeharra. Gure idazleek birsortutako maitagarrien artetik, erreka eta itsaso ondoan bizi direnak dira zalantzarik gabe aipagarrienak, Pirinioetatik Balear uharteetaraino.

Canigó-tik hamabost urtera, Visions i Cants (Joan Maragall, 1900) izeneko poema bilduma elezaharren erabileraren adibide argia da, bi helbururekin idatzia: istorio erakargarriak birsortzeko eta erreferente identitario batzuk ezartzeko. Hala, Maragall-en ustez, poema horiei loturiko elezaharrek kataluniarren izaera –arrazaren esentzia, garai hartako terminologian– islatzen dute. Antzeko zerbait egiten du Costa i Llobera-k bere Tradicions i fantasies (1903) liburuan; Mallorcako elezaharrak birsortzen ditu, erlijio kutsukoak batzuk, historikoak bestetzuk eta jatorri profanokoak haietako asko. Arruixamantells, esaterako, elezaharretatik hartua eta Costa i Llobera-k birsortua, maitagarri limurtzailearen paradigma da, sentsualtasunaren bidez zentzua galarazteko eta zorigaitza ekartzeko gai den maitagarria.

Gure kulturako beste pertsonaia liluragarri bat Arnau Kondea da, zalantzarik gabe. Herrialde Katalanak alderik alde zeharkatzen dituen arima herratua da, bere bekatuen ordainetan sugarretan zamalkatzera betiko kondenatua. Ipuin eta kantu zahar ugaritan ageri da, Catalunya Vella-ko lurraldeetatik Valentzia eta Balear Uharteetaraino. Mallorcan, XVII. mendean, literatur pertsonaia pertsonaia historiko bilakatzen da –Ramon Safortesa Fuster, Formiguerako bigarren kondea (1627-1694)–, eta Comte Mal ezizena hartzen du. Erromantze kantetatik eta elezaharretatik, kondearen mitoa literaturara pasatzen da, eta garai, estilo eta genero askotako egileek erabiltzen dute: Frederic Soler Pitarra, Jacint Verdaguer, Joan Maragall, Josep M. de Sagarra, Guillem Colom, Gabriel Ferrater, Joan Brossa, Rodolf Sirera... Guztiek birsortzen dute kondearen mito madarikatu, kezkagarri eta iluna, betiko kondenatua bere amodio sakrilego, iruzur eta okerrengatik. Baten batek umorez esan duen bezala, Arnau Kondearen elezaharra mito sindikalista bat litzateke, “gaizki ordaindutako soldatak” liratekeelako haren kondenaren arrazoi handienetakoa. Txantxak txantxa, elezahar honek bizirik iraun badu, herri xeheak boteredun maltzurrak zigortzeko betidanik izan duen gogoagatik izan da. Arnau Kondea, Mal Caçador-aren elezaharrari ere lotua ageri dena, pertsonaia bitxia da Europako elezaharretan, eta oso eragin konplexua du literatura modernoan.

Oso bestelako izaera du kataluniartasunak duen beste erreferente mitiko nagusiak: Sant Jordi. Erdi Aroan sortutako mito hau historia erlijiosoaren eta zaldunen tradizioaren artean kokatzen da. Sant Jordi heroiaren paradigma da, herensugea hiltzen duena, herria gaizkiaren eta kaosaren setiotik askatzeko gai den pertsonaia, trukean ezer eskatzen ez duena. Mito honen literatur tratamendua askotarikoa eta zabala izan da, poesian bereziki, baina baita eleberrigintzan eta antzerkigintzan ere: Sant Jordi salbatzaile eta irudi probidentzial gisa ageri da Frederic Soler Pitarra, Josep M. de Segarra, Salvador Espriu, Pere Quart eta beste hainbaten testuetan. Herensugeari aurre eginez, ongiaren eta gaizkiaren arteko betiko borroka adierazten du, irrazionaltasunaren eta arrazionaltasunaren artekoa, sena eta zibilizazioa. Tradizio erromantikoan, dontzeila Kataluniaren sinboloa da; herensugea, aberriaren etsaia.

II. Imajinario historikoa
Sant Jordi-k kataluniartasunaren beste zaldun nagusia ekartzen digu hizpidera, heroi fundatzaileen artean nagusi: Jaume I.a erregea, el Conqueridor. Izan ere, truka daitezkeen pertsonaiak direla esan daiteke, elezaharretako tradizio batzuk era berean egozten zaizkiolako batari edo besteari. Jaume I.a gure heroi epikoa da, bretainiarren Artús erregearekin, frankoen Karlomagnorekin edo portugesen Sebastian I.a erregearekin pareka daitekeena. Heroi indoeuroparrean adituak diren egileek eredu narratibo bat eraiki dute heroiaren bizitza zirriborratzeko, biografia mitiko ugaritan errepikatzen diren item batzuetan oinarrituz. Eskema hori herri literaturan nahiz literatura kultuan ageri den Jaume I.a erregeari aplikatuz gero, gure pertsonaiak baldintza guztiak betetzen dituela ikus dezakegu. Hau da, pertsonaia historikoari heroi mitikoaren eredu arketipikoa aplikatzen zaio, eta aberriaren sortzailearen eta askatzailearen irudi heroikoa da oroimen kolektiboan gelditzen dena(6). Konkistatzailearen balentriak literatur gai bihurtu dituzten idazleen zerrenda oso luzea da. Bakar batzuk aipatzearren: Verdaguer, Maragall eta Carner.

Ramon Llull kasu berezi eta aldi berean paradigmatikoa da: literaturako pertsonaia bihurtzen den idazlea. Erdi Aroko jakintsu handiaren mirarizko irudia, haren biografiaren pasarte ospetsuak, alkimista ospea, haren pentsamenduaren unibertsaltasuna, egin zituen bidaia arriskutsuak, fedea eta arrazoia… idazleak limurtzen dituzten elementuak dira. Ramon lo Foll, oldarra eta zuhurtzia, ordena eta jenioa, jakinduria eta pertseberantzia uztartzen dituen arragoa gisa ulertuta, Renaixença-tik aurrera noizean behin agertzen den pertsonaia da, poema eta antzerki lanetan, eta batik bat eleberri garaikideetan. Gogora ditzagun Lluís Racionero-ren Raimon o el seny fantàstic (1985) edo Francesc Puigpelat-en L’últim hivern de Ramon Llull (2004)(7).

Dena dela, historiak, tradizioaren begirada mitikoak berrikusia, beste pertsonaia eta gizatalde ugari eskaintzen dizkigu literatur materia eta sinbolo bihurtzeko. Adibidez, mundu klasikoko Balearretako habaila jaurtitzaileak, XIV. mendean Kataluniaren ekialdeko mugetan amorruz borrokatzen diren almogàvers-ak, XVI. mendean nobleziaren aurka altxa eta Germanies-ak (1521-1523) eragiten dituzten Mallorcako nekazari eta langileak, Corpus de Sang (1640) matxinadako nekazariak, jazarritako eta sutan erretako juduak... Gertaera historiko horiek guztiak, beste askorekin batera, literatura bihurtuta ageri dira XIX. mendeko poesia historizistan eta lore jokoetan, baita nobela historiko garaikidean ere, bai gazteentzat idatzitakoan –Vallverdú, Vergés, Canela…–, bai helduentzat idatzitakoan –Carme Riera, Alfred Bosch, Rosa Planas…–.

Herri xehearen eta boterearen arteko borroka abiapuntu hartuz, literatura unibertsaleko pertsonaia erakargarrienetako bat sortzen da: legez kanpo baztertua bizi eta aginteari aurre egiten dion errebeldea. Matxinoaren arketipo honek –artista madarikatuaren irudi literario interesgarriarekin loturak dituena– sustrai sendoak ditu gure kulturan, eta bidelapur edo pirata modura agertzen da hasiera batean; kontrabandista edo maki modura, ondoren. Bidelapurrek, boterearen aurkako borrokan eta gizarte ordena orotatik kanpo, idazleen eta irakurleen interesa pizten dute. Cançons de bandolers izenekoak literatur genero autonomo gisa ageri dira Katalunian, egitura guztiz zehatzarekin eta publiko leial batekin. Berrikiago, bidelapurrak –edo haiekin pareka daitezkeen beste pertsonaiak– protagonista bihurtzen dira poema, nobela eta antzezlanetan, erromantizismo eta aldarrikapen kutsu batez markatuak betiere. Batzuetan, aura magiko bat eransten zaie: deserrituak ituna egiten du deabruarekin, ukiezin bihurtzen duen talisman baten jabe da, nonahikotasunaren dohaina du… edota “lladre d’amor” deritzonari lotua ageri da. Joan de Serrallonga, Perot Rocaguinarda, Tallaferro… galeria mitiko bat betetzen duten izenak dira, eta literatura kultuan agertzen zaizkigu: Vallfogona Errektorea, Joan Salvat-Papasseit, etab. Serrat edo Lluís Llach bezalako kantariek ere aipatzen dituzte beren kantuetan. Literatura garaikidean, elementu hauetako asko kontrabandistaren irudian hezurmamitzen dira: jatorri apaleko jendea babestu eta boteretsuei erasotzen dien pertsonaia hau ausardiaren, izaera zakarraren, misterioaren eta arriskuaren sinbolo da. Baltasar Porcel-ek maisutasunez lantzen du literatur arketipo hau “mite d’Andratx” deritzona osatzen duen obra multzoan.

III. Imajinario modernoa
Kataluniako literatura garaikidean betiko mito zaharrak aurki badaitezke ere –sarritan desmitifikazioaren bidez birformulatuak edo humanizazioaren bidez sakonduak–, nabarmen ageri da ere mito sail berri bat, globalizazioaren ondorioz mendebaldeko gizarte guztiek partekatzen dutena. Horrek mundura zabaltzen gaitu alde batetik, baina berdindu eta estandarizatu egiten gaitu bestetik. Zinema, musika, komiki eta zientzia fikzioko pertsonaiak, baita pertsonaia errealak ere, ikono bihurtzen dira, eta gaur egungo gizarteak –sortzaileek, hedabideek, kontsumitzaileek– bere pentsamendu mitikoa proiektatu eta aurrez ezarritako eredu arketipikoetara egokitzen ditu. Adibidez, Marilyn Monroe, J.F. Kennedy, Ghandi, Elvis Presley, James Dean edo Beatles bezalako pertsonaia errealak, edota Superman, Godzilla, Citizen Kane edo Harry Potter bezalako fikziozkoak, kultur erreferenteak bihurtu eta arketipo jakin bat hartzen dute: heroia, erasotzailea, santua, liderra, sentsualtasun femeninoa, sorgin ikastuna, matxinoa, manipulatzailea, etab.

Kataluniako literaturan, mendebaldeko literatur guztietan bezala, material hauen geureganatze prozesu bat bizi izan dugu. Prozesu honen bidez, fikziozko pertsonaia edo argumentuak sortu dira zinema edo literatura anglosaxoitik iritsi zaizkigun pertsonaien irudira, nahiz eta izaera berezi batekin eta hurbilekoak zaizkigun espazio eta denbora koordenatu batzuetan. Horrela, nobela beltzak edo filmeek ospetsu eginiko detektibea gure testuingurura egokitzen da; esaterako, Maria Antònia Oliver-en Lònia Guiu edo Andreu Martín eta Jaume Ribera-ren Flanagan ospetsua.

Edonola ere, badago ere hurbileko errealitateari –ez hedabide handiek inposatutakoari– loturiko prozesu mitifikatzailerik. Kataluniaren kasuan, Lluís Companys dugu horren adibide: Errepublikaren garaian Generalitateko presidente izan zena protagonista da literaturan eta zineman. Aura mitiko bat duen pertsonaia da, etendako proiektu nazional baten heroi sortzailea.

IV. Amaiera
Elezaharretan aditua den Josep M. Grimalt doktoreak dioen moduan, mitoa presente egon da beti zibilizazio guztietan, gizakiaren betiko premia bati erantzuten diolako:

Mitoak alegiak baino garrantzi handiagoa du komunitate batean: mitoak indarra du gizartean, gizabanakoen eta taldeen portaeran eragiten du, esanahia ematen dio existentziari eta gurtu egin daiteke. Alegiaren eginkizuna apalagoa da: gurean, ihesbideko literaturarekin aldera liteke, balio estetikoetan parekatzerik egin nahi izan gabe. Herri bat alegiarik gabe bizi daiteke, baina ez mitorik gabe. Gizarte moderno teknifikatuek alegiak ahaztu badituzte ere, mito berriak sortu behar izan dituzte(8).

 

Imajinarioa, horrenbestez, energia bezalakoa da: eraldatu egiten da. Ezin daiteke beraz galdu edo suntsitu. Eraldatze prozesu hori egiazta dezakegu, batik bat formari, transmisio bideari eta gizabanakoak ondare hori hartzeko duen moduari dagokienez. Dena dela, eraldaketa horrek eragin txikia du eraikuntza mitikoan oinarritu eta arketipoen bidez funtzionatzen duen imajinarioaren nukleoan. Bizirik jarraitzen badu, garai berrietara moldatzeko izan duen gaitasunagatik da. Gure etxetik, gure literaturatik –gure herrialde txikiaren gorabehera historikoen mende beti–, lanean jarraitu behar dugu gure imajinarioaren uniformizazioa saihesteko, jaso dugun ondarea lantzeko eta fruitu berri eta oparoak biltzen jarraitzeko.

6. Ikus Caterina Valriuu-ren “La figura mítica de l’heroi: el cicle llegendari del rei en Jaume I” artikulua, Revista d’etnologia de Catalunya aldizkariaren 27. zenbakian (2005eko azaroa) argitaratua.

7. Ikus Maria Isabel Ripoll-en “La desmitificació del mite: la recreació ficcional de Ramon Llull” artikulua, Lluc, 38. zk., Palma 2005.

8. Grimalt, J. A.: "La catalogació de les rondalles de Mossèn Alcover com a introducció a llur estudi", Randa 7, Bartzelona, 1978

(

Hitzurun Hizkuntz Zerbitzuak SL katalanetik itzulia)