Dolors Bramon (eus)

Tradizioa eta disidentzia Herrialde Katalanetan

Inork ez du zalantzan jartzen Catalunya Nova delakoa, Balear Uharteak eta Valentziako Autonomi Erkidegoaren iragana islamiar garai oparo batek osatzen duenik; baina historialariok musulmanen Hispaniarako etorrerak katalanez mintzo diren iparralderagoko lurraldeetan ere ondorioak izan zituela ulertarazten saiatu behar gara. Ildo beretik, azpimarratzekoa da 711. urtetik aitzina Penintsula Iberikoa domeinu bisigodotik domeinu islamiarrera iragan zela eta aldaketa politiko hau aurreko historiarekiko haustura gisa ulertu beharra dela. Haustura hau, gizarte penintsularra, islamiar legeen arabera Damaskotik zuzentzen zen gobernu sistema berri baten barnean geratzeak ahalbidetu zuen.
Arrazoi honengatik ere, hispaniar lurraldeek orientalizazio indartsu bat jasan zuten eta islamdartutako berberiarren penintsularako etengabeko etorrerak nolabaiteko afrikatze garrantzitsu bat suposatu zuen. Inbasore musulmanak haustura politiko hau nabarmendu zuten lehenak izan ziren nomenklatura aldaketa erradikal baten bidez argi eta garbi adieraziaz: aurrerantzean, lurraldea Al- Andalus izendatuko da eta andalustar hitza musulmanen gobernuaren mendean ziharduten antzinako Hispania eta Galia gotikoari egokitzen zaio. Beraz, aintzakotzat hartzen den garaiaren arabera andalustar eremu geografikoa aldakorra izango da: Narbonak, adibidez, 759. urtean utzi zion Al-Andaluseko partaide izateari, 785.ean Gironak, 801. urtean Bartzelonak, XII. mendearen erdialdean Catalunya Nova delakoak eta hurrengo mendearen bigarren erdialdean Valentzia eta Balear Uharteek.
Penintsula osoari dagokionez, hala nola gaur egun katalanez mintzo diren lurraldeei dagokionez, orokorrean, ezin daiteke Konkistaz hitz egin –ezta geroko Errekonkistaz ere– izan ere, oro har, inbasio batean datzalako, hurrenez hurreneko botere hartze eta pixkanakako musulmanen kokatzean datzalako. Gaur egun katalana den lurraldean, Tarragonan, Iluron (edo Mataró-n), Egaran (edo Terrassan), eta Empuriesen bakarrik, eta seguru aski, dokumentazioak jasotzen ez duen beste lekuren batean ere, egon ziren gerrateak; baina jakina da Bartzelona eta Girona moduko hirigune garrantzitsuen kapitulazioa. Valentziako Autonomi Erkidegoari dagokionez, ez ditugu Al-Andalusekiko eranstearen xehetasunak ezagutzen; era berean, oso murritzak dira musulmanen boterepean igarotako lehenengo hiru mendeei dagozkien argibideak. Bukatzeko, Balear Uharteak 902.urterarte ez ziren andalustar estatuaren partaide izatera iritsi.
Gizarte hispaniar-bisigodoak osatzen zuen sorta etniko zabala kanpoko biztanleriaren etorrerarekin areagotu zen, batez ere jatorri berberiar eta arabiar biztanleekin. Inbasioaren inarrosteak hispaniar biztanleriaren Pirinioez gaindikako ihesa eragin zuen, baina jakina da erbestearen aukera egin zutenen (egin ahal izan zutenen) kopurua txikia izan zela eta biztanleriaren egoera ekonomiko eta/edo geografikoarekin hertsiki lotuta egon zela. Toledo eta Tarragonako apezpikuen kasuak ezagutzen ditugu, baita VIII. mendetik aurrera iturri frankoetan agertzen diren hispani anonimoena ere. Aspaldi jarri zen agerian biztanleriaren hiritik herrira eta herritik mendirako migrazioa, horrela, hiriguneetan, etorri berriekin segituan itundu zutenak eta berauek izendatutako agintariak bakarrik geratu zirelarik. Kronika arabiarrek nahiz latindarrek jasotzen dute hiriguneko despopulazioa eta bai batzuek nola besteek penintsula osoari egiten diote erreferentzia. Valentziako hiriburua adibide on bat izan liteke, alegia, hasierako kroniketan balad Balansiyyah izenez agertu (hots, Valentziako lurralde gisa) eta XI. mendeko Taifak arte ez baitu hiritartzerik ezagutzen; badirudi Tarragona despopulaturik geratu zela; Morvedre izena «muro vetero»-ren arabiartze bat litzateke eta antzinako Cartagonova, edo Cartagena, herrixka bihurtzen da.
Dena den, biztanle mugimendu hau ezin da inolaz ere ulertu kanpoko eta bertakoen trukaketa masibo gisa, are gutxiago, Al-Andaluseko biztanleak arabiar gisa izendatzen dituzten testu gehiegik pentsarazten gaituzten moduan, populazio berri etamusulman erlijiodun batek antzinako populazioarengatik –kristaua, judua edo paganoa zenarengatik– egindako trukaketa gisa. Zentzu honetan, desegokia litzateke, adibidez, Mallorca edo Denia arabiarrei buruz, Tortosa edo Lleidako arabiar gazteluei buruz, Valentziako arabiar bainuei buruz, Alacanteko arabiar gotorlekuari edo 985. urtean Bartzelona suntsitu zuen Almanzorreko ejertzito arabiarrari buruz mintzatzea. Kasu hauetan guztietan kalifikatzaile egokia andalustarra litzateke.
Pausu bat gehiago emanez, honako hau aipatzea beharrezkoa iruditzen zait, alegia, trukaketa masiborik egon ez ezik, etorri berrien kopurua ere hain eskasa izan zela ezen bertako biztanleen pixkanakako aldaketa kultural eta erlijiosoa nahiz islamismoak ezagutu zuen garaipen politiko eta sozial azkarra momentuko hispaniar-bisigodo gehienen borondatezko onarpena eta, ondorioz, aurrera eraman zuten islamdartzea eta arabiartzea burutan badugu, soilik, uler daitekeela. Hain antzinako garaiez ari garelarik pertsonen zenbaketak zailak badira ere, badirudi 711.urtetik 801. urtera, hots, frankoek Bartzelona konkistatu zuten urtera bitartean, 100.000 gizon inguruk igaro zutela Gibraltarreko itsasartea. Kopuru hau, populazio bisigodoa 6 eta 9 milioiren artekoa zela dioten kalkuluekin konparatzen badugu gobernu andalustarraren lehenengo mendean inbaditzaile eta bertakoen artean zegoen desoreka onartzea besterik ez zaigu geratuko.
Aurrera egin baino lehen, beharrezkoa iruditzen zait, hemen eta orain, desoreka etniko honetaz ohartaraztea eta populazioaren gehiengoa lur hispaniarretan geratu zela defendatzen badut ere, epe historiko honi egotzi zaion haustura defendatzen duen ikuspuntuarekin bat nator; beraz, ez nago batere ados bertako populazioak inbaditzaile gutxi horiek asimilatu zituztela eta, inbasio islamiarraren gainetik «lo español» delakoaren esentzia mantentzea lortu zela defendatzen dituzten zenbait historialarien tesi kontinuistekin.
Bertako biztanleriaren iraunkortasuna eta gobernu berriaren onarpena gertatu zela egiaztatzen duten zenbait elementu dauzkagu: Crónica del Moro Rasis-ean (X. mendea) Lleidako gazteluei buruz honako hau kontatzen da: «quando los moros entraron en España, las gentes que morauan en estos castillos fizieron pleitesía con los moros e fincaron en sus castillos, e los moros sin contienda». Era berean, al-cUdhrî (1085. h) Al-Andalustarrak kontatzen duenez, Oscan, zazpi urteko setio baten ondoren, bertako biztanleriak eskatu zien bakea inbaditzaileei. Orokorrean ongi informatua egoten dena historialari honen arabera, «islamismora bihurtu zenak bere buruaren jabe izaten jarraitu zuen, bere ondare eta pribilejioen jabe, baina kristautasunari fidel izaten jarraitu zuenak kapitazioaren zerga ordaindu behar izan zuen». Jarraian, aldaketarekiko egokitzapena agerian uzten du honako hau esanez, alegia, haren garaiko Oscan «norbanakoaren leinua momentu hartan islamismoa besarkatu zutenera iritsi arte atzera jotzen dutenez gain arabiar leinuko ondorengoa litzatekeen arabiar garbirik ez dela gelditzen».
Ildo beretik, Kordobako Ibn Hazm-ek (1064.h) aurrerantzean Banû Qasî izena jasoko duen leinuaren izen-emaile den konde bisigodoari buruz zera idazten du: «Siriara joan zen eta al-Walîd- en (kalifaren) presentzian islamismora aldatu zen». Gainera, Iparralderagoko Mugan boterea eskuratu zuten beste zenbait muladi leinuen (hau da, islamismora aldatutako hispaniarrak) nondik norakoa jasota utzi zuen: aipaturiko Banû Qasî-ez gain, Banû Xabrît eta Banû ‘Amrûs-i buruz ere mintzo da eta azpimarragarria da zeinen erraz pareka daitezkeen hasierako bi horiek Cassius eta Saporitus etimo hispaniarrekin, eta gainera, litekeena da hirugarrenak Amorós etimoarekin erlaziorik gordetzea. Ildo beretik, aipaturiko Ibn Hazmen «Arabiarren genealogien bilduma hautatuaren liburua»-ren analisiak argi azaltzen duenez, arabiar jatorrizko andalustarrek –alegia, benetako nahiz balizko jatorridunek, ikusi ahal izan dugunez– estatu osoan zehar gutxiengo bat osatu zuten beti. Autore hau oso zehatz azaltzen da X. mendean andalustar biztanleriaren jatorri arabiar, berberiar edo indigena desberdintzea ezinezkoa zela adierazten duenean. Bere baieztapen honek aurrera eraman zen berdintze prozesu trinkoaren ageriko froga eskaintzen du, zeina, neure aburuz, hispaniarren islamdartzea eta berauen jatorrizko izenen nahiz, hurbiltasun geografikoa zela medio, iritsi eta jarraipen aukerarik gabe geldituz joan ziren berberiarren izenen pixkanakako arabiartzeak ahalbidetu baitzuen.
Ez dut, inondik inora, islamerako aldaketak errazak izan zirela iradoki nahi eta are gutxiago, Jainkoa ulertzeko era hau erraza edo sinplea zelako baieztapenak suposatzen duen hutsegitea egin nahi; baina, bistakoa da, hispaniarrek sinesbide berria onartzerako garaian, gaur egun indarrean jarraitzen duten VIII eta IX. mendeetan zehar barreiatu ziren eskola juridikoen barnean sortutako jurisprudentziatik kanpo zegoen garaiko doktrina koranikoaren malgutasuna lagungarri suertatu zela. Bestalde, bisigodoen garaiko egoera erlijiosoa aztertzen duten lanek kristautasuna metropoli eta komunikazio bideen inguruan bakarrik zegoela finkatuta argi uzten dutela oroitzea ere garrantzizkoa da. Hau da, adituek jakinarazten digutenaren arabera, Hispanian baziren islamak onartu ezin zitzakeen eta legeren arabera konbertsio bidez gizarteratu beharreko paganismo poltsak.
Urteak joan ahala, kristauen hurrenez hurreneko konkistei esker eta lortutako hitzarmenek ahalbideturik, garaituak izan ziren andalustarrak kristau domeinu berriaren menpean bizi ahal izan ziren, haien kredoa, erakundeak eta, murriztapen batzuekin bada ere, berezko zitzaien legea mantenduz. Kristauen menpe geratutako musulman hauek moro edo sarrazeno gisa azaltzen dira garaiko dokumentazioan, nahiz eta historiografiak mudejar izena («otzan» edo «mantso» adiera duen arabismoa) eta, oro har, behartua gauzatzen zen bataioa jasotzen zutenei morisko izena egokitu. Iritsi zaigun dokumentazioari esker badakigu konkistatuak izan ziren zonaldeetako hiriguneetan musulmanek urte beteko epea zutela haien etxea uzteko –ondoren konkistatzaile eta lurraldeak birpopulatu zituztenen artean banatuko zirenak–eta berezkoa izango zitzaien auzune periferiko batean kokatzeko; baina bistakoa da, iparralderagoko lurraldeetan, aldez aurreko ordainketa baten truke, oraindik ere andalustar zirauen lurraldera emigratzeko aukera gehiago izan zituztela. Ildo honetan, 801.urtean frankoek Bartzelona konkistatu ostean, gutxi batzuk gelditu eta haien erlijiokideen aurkako istilu batzutan parte hartu zutela badakigun arren, albiste hau ezin uler daiteke gaur egun Katalunia osatzen duten lurraldeetan gauzatu zen ohiko zerbaiten gisa; dirudienez, Kataluniari dagokionean, XII. mende erdialdera arte ezin dezakegu garrantzizko erresistentzia islamiar bati buruz hitz egin. Aldiz, XIII. mendearen erdialdean, Jaume I-ak aurrera eraman zuen Valentziako Autonomi Erkidegoaren konkistan, jarduera ekonomikoak aurrera atera ahal izateko beharrezkoak izaki, ez zen berriki bereganatutako musulmanak kanporatzeko aukerarik izan. Era berean, jasoa gelditu da Balear Uharteetan gertatu zen lurralde ipar afrikarretarako erbesteratzea edo konkistatuen esklabutza.
Denboraren igarotzearekin bat, elizak disidentetzat zituzten gutxiengo erlijiosoen aurrean proselitismoa ugaritzen zihoan adinean, hispaniar monarkiak mendeko guztien homogeneizatzearen alde egin zuen. Orduan, bataio masiboei eman zitzaien hasiera, lehenik Gaztelako Koroan(1501-1502), ondoren Nafarroakoan (1516) eta, azkenik, germanien iraultzekin bat, Aragoa-Kataluniako Koroan (1525-1526). Hau guztia gora behera, kredo berriarengan moriskoek izan zezaketen leialtasun urriaren aurrean kristauek zuten mesfidantzak 1610-1614. urteetan zehar aurrera eraman zen Kanporatzearen Ediktu Orokorra bultzatu zuen. Hala ere, adierazi beharra da, ez zituztela morisko guztiak kanporatu eta horietako batzuk jatorrizko tokietara itzultzea lortu zutela. Amaitzeko, jakitunek gutxi gora beherako kopururik bada ere emateko aukeran ez dauden arren, ukaezina da kristau bihurtutako moro hauen existentzia. Kanporaketa eta gero, egun, katalana mintzo den lurraldeetan bizitzen jarraitu zuten, eta haien existentzia bizilagunenarekin lausotuz joan zen lehenago ala beranduago islama baztertu zuten arte. Haien gizartearen suntsiketa sistematikoa eta pribatutasunaren eremuan leudekeen beste arrazoi batzuek islamiar fidel gisa desagertzera bultzatu zituen.
Laburbilduz: Rosselló, Conflent, Vallespir eskualdeetan eta Catalunya Vella delakoan islamiar nagusitasunak ehun urte soilik iraun zuen; aldiz, lau mendez luzatzen da Catalunya Nova delakoan, bost Valentziako Autonomia Erkidegoan eta hiru Balear Uharteetan. Haien eragina aztertzerako orduan, mudejarrak Herrialde Katalanean geratu ziren denbora kopurua ere kontutan hartu behar da: bost mende Ebro eta Segre ibaien arroan, lau gehiago Valentziako Erreinuan eta berbera, baina kopuru txikiago batean, Balear Uharteetan. Islamiar presentzia hau garai moriskoan zehar zabaltzen da XVII. mendearen hasierako kanporaketara arte. Argi dago, komunitate islamiar eta kristauaren artean bederatziehun urteko kontaktuak era guztietako eraginak sortu zituela, eta bistakoa da eragin hauek gizartearen maila desberdinetara iritsi zirela. Aipatu beharra da, adibidez, janzkeraren arloan andalustar aljúbbah hitzetik eratortzen diren hitz hauek: aljuba (aurki zaharkitua) gipó, gipat, jupa, jupó eta engiponar katalanez; chupa, jubón, jubetero, jubonero edo jubetería gazteleniaz; gibão, jubão, aljubeta, algibeta, algibetaria edo aljubeteiro galegoz, eta chipón, chubón eta chibón aragoieraz (Italiar gippone eta giubbone; okzitaniar gipon eta jupon eta frantses jupe hitzez gain). Gauza bera esan liteke gastronomiaren arloan, arabismoek agerian uzten duten moduan, bereziki barazkiak diren produktu berrien etorrerarekin, plater berriekin, hala nola turroia eta almendrazko gozo zuria, edo Erdi Aroko Libre de Sent Soví edo Libre del coch gisako errezeta-liburu guztietan azaltzen diren janariak ontzeko espezieen erabilera orokorrarekin.
Guzti honen gainetik, eta teorikoki oro har kristaua zen gizartean , espainiar Inkisizioaren ezartzearekin bat susmagarri posibleek ohiturak disimulatuko dituzte eta kristau berriak, oraindik ere agerikoak ziren edozein eragin mota deuseztatzeko ahaleginak egin zituzten. Auzitegi Santuaren ekintzen ondorioz, iragan islamiarraren zantzu guztiak ahazteko ahalegin sistematiko bat garatu zen bai eta iragan judutarrarena ere, noski. Erlijio anizdun mundu honen adibide egokirik «fer dissabte» moduko esaeratan dirau (gazteleraz «hacer sábado» baliokidetza topatzen duena eta euskaraz nahiz galegoz halakorik baduen ezezagun zaidana); «garbiketa sakona egitea» adiera duena, eta, bistakoa denez, ezin zitekeena edozein egunetan egin. Baina, etxea larunbatean garbitzea, igandean arropaz aldatzea eta astelehenean berau garbitu eta hedatzea familia hark jaiegun kristaua errespetatzen zuela adierazten zuen, eta gutxienez arlo horri zegokionez, arriskuz kanpo zeuden. Bestelako gauzen inguruan baina ildo beretik, badakigu ikasketa biblikoetarako hebraiera katedrak mantendu baziren ere, hizkuntza arabiarra ahaztu egin zela. Honako hau agerian jarri zen Karlos III-ak arabiar ikasketak berrezarri nahi eta abian jarri ahal izateko aditu atzerritarrengana jo behar izan zuenean, alegia, marondar fraideengana batez ere.
Hau guztia dela eta, geure iragan islamiarraren eragin mota guztietatik, gaur egun arte arabismoek soilik iraun dute, zeinak hiztegi nahiz onomastika katalanaren arlo guztietan topa ditzakegun. Bistakoa da mudejarren garaian sartzen direla arabismo gehienak hizkuntza katalanean, batez ere valentziarrekin izan zuten kontaktuaren ondorioz eta, kopuru urriagoan bada ere, Catalunya Nova delako eta Balear Uharteetako biztanleekin izandako kontaktuan. Agerikoa da, gainera, denboraren iragatearekin zaharkituak geratu ziren gauzei zegozkien arabismoak (janzteko arropa, sukaldaritza, mota guzietako teknikak, etab.) desagertuz joan zirela.
Hasieran ordura arte ezezagunak ziren gauzak izendatzen zituzten. Hau da nekazal produktu askorekin gertatzen dena arròs, arroz; safrà, azafrán, açafrão, safrana); farmakologia produktuetan (sucre, azúcar, açúcar, açucre; càmfora, alcanfor, cãnfora); teknika berriekin (cénia eta sínia, aceña, acenha, acea; quitrà, alquitrán, alcatrán, alcatrao); tresna desberdinekin (gerra, jarra, xarra, xerra); nautika alorreko izenekin (xabec, jabeque, xaveco); animali exotikoekin (gasela, gacela; papagai, papagayo, papagaio), etab.
Arabismoen artean badira beste hizkuntza hispanikoek berezko dituztenak baina, ez ordea katalanak (acelga, acelca, azelga; aceite, aseite, azaite, azeite; albáitar, albeite, alveitar, etab.). Baina kontrako kasua era topa dezakegu, hau da, katalanak aspaldian gazteleraz edo galegoz mintzo zirenen artean erabili arren, gaur egun ahaztuak geratu diren arabismoak mantendu dituena. Halakorik topatzen dugu gaur egun katalanek erabiltzen dituzten camalic edo festuc hitzekin parekatzen diren alhamel edo alfóstigo hitzekin. Katalanak tramús eta llobí; alfals eta userda edo almàssera eta trull bezalako arabiera nahiz latinetik datozen sinonimoak gordetzen ditu lurralde katalanetan gauzatu zen islamiar aroaren iraupen anitzaren ondorio gisa.
Antzematen zailagoak dira Katalanera igaro arren gaztelerara nola galaikoportugesera igaro ez ziren arabismoak; oso bereziak diren aditz batzuen kasua da honako hau (engiponar, entabanar, nafrar, etb.) bai eta caliu, escalivada, enxaneta, galzerans, gallerans, rajola bezalako hitz arrunten kasua edo eta ondoko esapide hauen kasua: «a la babalà», literalki «jainkoaren probidentziari» adiera duena; «en doina», «alde batetik bestera» edo «mugimendu desordenatuan» esanahia duena eta «de gaidó» eta «de gairell», «oker» edo «inklinatu» esanahia dutena. Hitz katalan guztietatik, haren arabiar jatorria oharkabean igaro den hitza dugu tafaner adjektiboa eta tafanejar aditza; jakina denez, gaztelerazko fisgón eta fisgonear hitzei dagokie eta «muturra beste baten kontuetan edo ez dagozkion kontuetan sartzea» esanahia lukete. Tafaner eta tafanejar katalanen jatorria arabiar tahunatik dator, zeinetatik oraindik ere «errota» adiera duten tafona, atafona, tahona, tafona hitzak eratortzen diren. Andalustar errotaria tahhan izenez ezagutzen zen, ondoren taffan eta gaur egungo tafaner hitzak emango dituena. Errazki antzeman dezakegu metonimia, izan ere, gizonek haien txandaren zain edo bihia xehatu bitartean kuxkuxean ibili (tafanejar) edo kuxkuxeroarena (tafaner) egiten zutelako.
Orokorrean, arabismo katalanak /al/ arabiar artikuluaren eransketa urriarengatik bereizten dira honako serie hauetan ikus daitekeen moduan: cotó, algodón, algodão, edo garrofa, algarroba, alfarroba, algarrofa. Era berean, oso ohikoa da arabiar etimoaren bukaerako erroaren galera, batez ere /n/-aren galera, mesquí gisako hitzetan adibidez, zeinen eratorrietan berreskuratzen den (mesquins, mesquinesa); baina, baita beste kontsonante batzuenaere, hala nola /b/-a, d’alcaqrab > alacrà kasuan, adibidez, edo eta /q/ kontsonantearena alambîq > alambí hitzean. Maiz, katalanez /r/ parasito bat gehitzen zaie arabiar jatorriko hitzei (sindiyyah > sínd[r]ia, alhabaqah > alfàb[r]ega eta, batzutan, arabiar /l/ eta /r/ kontsonanteetan aldaketa bat gauzatzen da, katalanera, /r/ eta /l/ moduan igarotzen direlarik gurfah > golfa edo gandûr > gandul hitzetan ikus daitekeen moduan. Ingurune belar eta ezpainkarietan /a/ bokalak /e/ bihurtzeko daukan joera, alegia, arabiarrez tafkhîm izenez ezagututako fenomenoa ere islatzen da xarâb > xarop edo alqawwâdah > alcavota moduko hitzetan. Gauza berbera gertatzen da, andalustar dialektoetatik antzina, imâlah deituriko fenomenoarekin zeina /a/ bokala /e/ nahiz /i/ bokaletara aldatzeko bat-bateko joeran datzan sâniyyah > sènia, sínia; sâqiyyah > sèquia edo síquia,edo satl > setrill, sitrell serieek argi uzten duten moduan.
Azkenik, garrantzitsua da hizkuntza penintsular guztietan gertatu den arabismoen galtzeaz ohartaraztea: gaztelerak eta galaikoportugesak chafariz nahiz haren aldareak diren jaraíz, zafareche, zafariche eta xafariz terminoak aspaldi galdu bazituen ere katalanak, oraindik ere, safareig hitza mantentzen du garbiketak egiteko erabiltzen den ur-ontzi edo «safareig» bat edo eta arropa garbitzeko makina bat daukan gela izendatzeko. Etxe txikien eraginez, ordea, hitz hau desagerrarazten ari da eta dagoeneko, emakumeen ekintza kuxkuxero gisa soilik entzun dezakegu, hau da, kuxkuxean ibiltzearen (tafanejar) sinonimo modura.

Eider Juni Iraolak katalanetik itzulia