Lluïsa Julià (eus)

Caterina Albert. Disidentzia bikoitza

Caterina Albert Paradis (L’Escala 1869-1966) izenarekin bat XX. mendeko literatura katalanean emakumezkoen arteko lehen narratzaile handienaren agerpenaz mintzatu behar gara, hots, Caterina Albert literatura katalanean indar handiarekin sartzen den lehen emakumea da. Bere literatur lan guztiak, 1898ko La infanticida-tik hasita, hala nola Drames rurals (1902), Ombrívoles (1904), Caires vius (1907) narrazio bildumak eta, bereziki, Solitud(1905) nobela, dudarik gabe onarpen handiena jaso duen lana eta zeinaren mendeurrena duela gutxi ospatu den, fundazio lanen izaera dute. Fundatzaileak katalan narratiba modernoan emakumeen ahotsa lehenengo pertsonan sartu izanagatik; fundatzaile eta baita disidente ere lege patriarkalak agintzen zuen sistema erlijioso, ekonomiko eta emozionalak esklabo bihurtu eta emazte otzan nahiz ama sufritu izatera beharturiko emakumeak bizi zuen egoeraren salaketa bortitza agertzen duen ikuspuntu garratza kontutan hartzen badugu.
Baina, argi dago, lana agertu zenean, arrakasta eta momentuko idazle eta intelektualen onarpena izan bazuen ere, egin zioten harrera ez zen inolaz ere izan aipatu berri dugun gisakoa. Kritikariek ere «gizonezkoen indarra» eta «ezkorra eta beltzegiak» izanagatik zuzendu beharreko gaien erabileraz mintzatzeaz gain ez zituzten bestelako kalifikatzailerik erabili. Baina, Caterina Albert beti mantendu zen tinko bere irizpideen independentzian bere «kredo artistikoa mugagabeko eklektizismoan» zetzala argudiatuz eta honako hau gaineratuz:

Nik bizitza den moduan estimatzen dut: gozoa eta garratza, argia eta iluna. Bere osotasunean jaso nahiko nuke, baina zer egingo diot alderdi beltzak badira neure begi ninia gehien hunkitzen dutenak? Neure bokazioa jarraitu behar dut ala ez? (Garcés, 1926).

Bere obra idatziz jarraitu zuen, isiltasun garai nabarmenekin, batez ere mendearen bigarren erdialdean, zeinetan «noucentisme»-aren doktrinak idaztankera edulkoratu eta sozialki kontserbatzailea inposatzen baitzuen eta geure idazlearen lanak zaharkituak, hiritartzerik gabekoak eta, ondorioz, gaizki idatzitakotzat baitzituzten. Beste nobela bat argitaratu zuen, Un film, 3.000 metres izenburukoa, bai eta La Mare balena (1920), Contrallums (1930), Vida mòlta (1950) eta Jubileu (1951) narrazio bildumak, zeintzuek ipuin zoragarriak eta gaurkotasun handikoak gordetzen dituzten. Albert-ek gizarte aldaketen erritmoarekin bat datozen egoera desberdinak aurkezten ditu, teknika berriak probatzen ditu, beti ere arduratu eta setatu egiten zuen gaiei ekinez: bikote erlazioak, ezkontzak, gizon eta emakumeen arteko elkar ulertzearen ezinezkotasuna, emakumea menperatua agertzen den egoeren antzezpen ironiko eta garratzak edo, gizonaren arma berdinak erabiliaz, hark dominatuz, emakumeen arteko erlazio, edo denbora nahiz edertasunaz mintzatuz.
Laurogeigarren hamarkadara arte ez dituzte bere obrak ikuspuntu zabal eta desmitifikatuago batetatik aztertuko, batez ere irakurketa sinboliko eta genero ikasketen indartzearekin bat gauzatuko direnak. Era berean, haren erlazioak argitzen dituzten bere gutun-liburuen ezagutzak idazle isolatua zeneko ideia baztertzen lagundu zuen, idazlearen ezagutza errealago baten bidean kokatu gintuztelarik. Hiztegi aberats eta zehatza, indar oroiterazle handiko irudimena; obra eder, moderno, apurtzailea eta, Mercè Rodoredaren aurrekari garbia izateaz gain, gaur eguneko autorentzako balio handiko irakurketak eskaintzen dituen idazlea dugu.
Berezitasun hauek beste literatur tradizioetako idazleekin parekatzea ahalbidetzen digu, batez ere, literatura anglosaxoikoak, hala nola, Emily Dickinson, Brontë ahizpak edo Jane Austen eta, esatea ere beharrezkoa ez bada ere, ekitaldi desberdinetara gonbidatuak izaki Katalunian arras ezagunak ziren Rosalia de Castro edo Emilia Pardo Bazán galiziarrak.

* * *

Nekazal jabetzak zituzten ideia aurrerakoieko familia batetako alaba nagusia, Caterina Albert, giro jazo batean hezi zen, haren nahikunde artistikoekiko sentsibilitate handia erakutsi zuena. Pintura, eskultura eta idazketari ekin zion, bai poema, itzulpen nahiz Àngel Guimeràri jarraiki eginiko teatro lanetan, bai eta denuntziazko literatura inkonformista berriaren eta norbanakoaren idealei fidel mantentzen ziren idazleetatik garrantzizkoenentzat zituen Maeterlinck eta Ibsen-i jarraiki eginiko lanekin ere. Gauzak honela, Caterina Albertek Oloteko Lore-jokoetara, hots, urtetik urtera Errenazimenduko korronte kultural eta abertzalera batzen ziren idazleek parte hartzen zuten izen handiko literatur sarietara, La infanticida izenburuko bakarrizketa teatral bat aurkeztu zuen. Josepa Massanés (1811-1887) edo ondoren eleberrien idazketara eta kutsu kontserbatzaileagoko obra sozialetara iragan zen Dolors Monserdàk (1845-1919) osatzen zuten belaunaldi erromantikoak ere halaxe aurkeztu zuen bere burua; baina ezer ezin zitekeen konparatu La infanticidak beregain zekarren haustearekin, hots, bere aitaren gaztiguaren beldur, haurra izan eta minutu gutxira hil zuen Nela izeneko emakume gazte, eder eta maiteminduak, zoroetxe batetako gela batetik, lehenengo pertsonan kontatzen digun narrazio ikaragarria. La infanticida-k eskandalua leherrarazi zuen literatur giroan. Emakume poetaren presentzia onartzen zen, baina «etxeko aingerua»-ren eredu kontserbatzailea jarraitzen zuen heinean, hau da, haren nortasun edo desioei buruz hitz egiten ez zuen bitartean. Idaztea, errealitatearen gainean iritzi bat izan eta konpartitzea emetasun kontzeptuarekin bateraezina zen, La infanticida lanaren harrera literarioak ez du kontrakorik agertzen. 1898ko urte hartan, Lore Joko haietako epaimahaiak bakarrizketa hautetsi zuen, baina, dena dela, adierazi zituen aurreiritziek idazlearengan eta bere obrarengan berebiziko eragina izan zuten, batez ere, berau ezkutatu eta babestu aldera. Agerikoena bere emakumezko nortasuna gizonezko goitizen baten atzean ezkutatzean zetzana izan zen. Momentu hartatik aurrera Caterina Albert Victor Català bihurtu zen eta hau izango da bere obrak sinatzeko erabiliko duen izena, bestalde XIX. mendean nahiko zabaldua zegoen ohitura baten partaide izatera iritsiz, alegia, Georges Eliot izenez ezagunagoa den Mary Ann Evans (1819-1880) kasuaren antzera, gizonezkoen izen baten jabe egingo da. Dena dela, aipatu beharra da, Caterina Albert / Victor Català-k katalanismo baikor baten baitan egin zuela aldaketa, alegia, biziki defendatu zuen nortasun alderdiaren faboretan. La infanticidak gauzatu zuen eskandaluaren beste ondorio bat haren burua literatur zaletutzat aurkeztea izan zen, garaiko emakume idazleen artean nahiko ohikoa zen honako estrategia hau, hots, haien obra kasualitatearen fruitu gisa kokatzea ahalbidetzen duena, hau da, emandako dohain baten fruitu gisa, beraz edonolako zentralitate literarioaz jabetzeko aukera guztiak kentzen zizkiena, alegia, emakumezkoen idazketa etxeko gunera itzultzen zuen; nahiz eta honako hau ez izan, inoiz ezkondu eta seme-alabarik izan ez zuen eta emakumeei inposatutako bizimodutik urruti bizi izan zen Caterina Alberten bizimodu intelektualari men egiten zion aurkezpena.
Bestalde, zorroztasun handiko gazteak obra hau eszenatoki baten gainean, ikusle, argi eta kritikarien aurrean antzeztua izan zedin idatzitako obra honi, eskandalua oso kaltegarria suertatu zitzaion. Gaineratu behar da, Caterina Albertek bertan behera uzten duela Àngel Guimeràren ereduari jarraiki eginiko teatroarekin jarraitzeko aukera. Are gehiago, bere bakarrizketa zentsuratu eta ez du inoiz gehiago argitaratuko. 1967. urtera arte ez da literatur lan hau argitara emango, urte honetan, idazlearen omenez antzeztu egin dute Palau de la Musica-n eta ondoren argitaratu gabeko teatro lanak biltzen zituen bilduma batean jaso eta argitara eman zuten. 1972. urtean Caterina Albert-en Obres Completes (Ed. Selecta) bildumaren bigarren argitalpenari erantsi zioten; baina ez da edizio berezi eta errebindikatiborik egingo 1984. urtera arte, zeinetan LaSal argitaletxeak emakumezkoen edizioak egingo dituen. Hala, literatur katalaneko berebiziko obra hau, alegia, emakumeen nahia adierazteaz gain honek dauzkan ondorio sozial eta pertsonalak agerian jartzen dituen obra hau gaur egunera arte ezezagun ihardun du. Eromenaren azterketak berak neskatxa abandonatuaren historia konkretua gainditzen du. La infanticida-k literatura katalaneko emakumezko pertsonaiari hasiera ematen dio atzeko tradizio erromantiko guztiari kontra eginez. Antoni Bofarull-en L’orfeneta de Menàrguens(1862)-etik Narcís Oller-en La Papallona (1982)-rarte jarraitzen den emakume eredua, orokorrean umezurtza dena, hauskortasun eta sentiberatasunaren eremuan murgiltzen da, alegia, azkenik heroiaren maitasunak, ezkontzak, salbatzen duen emakumeak lantzen dituzte. Baina Europako literatur lanetako emakumeen ereduak ere estereotipatuak ziren; bai eta Danteren Beatriz-a, Gabriel Rossetti eta sinbolismoaren emakume «fatal» haien formulazioak elementu «monstruosoak», demoniakoak ekarri izanagatik ere. Mario Pratz-en La carne, la muerte y el diablo en la literatura romántica (1930) liburuan XIX. mendeko idazle europarrek, Sadetik hasita, Gautier, Flaubert, Wilde, Beaudelaire, nahiz D’Annunziok sakonki landu zuten emakume mota honen xehetasun guztiak deskribatzen ditu. Literatura arloan perbertsioa eta emakumezkoen prostituzioa gailentzen da. Emakumeak martirioa edo heriotzarainoko kanibalismo sexuala, sadismoa eta haragikoitasuna adieraz dezake. Dena dela, Pratz-i jarraiki, argi geratzen da literaturak ez duela egunerokotasunaren alderdi desberdinak baino agerian jartzen eta, beraz, pertsonai literaio hauek ez direla XIX. mendean gauzatu zen sexuen arteko borrokaren «parabola» bat besterik. Alegia, aipaturiko obra guzti hauek bitartekaritzat harturik, emakumezkoen gainean jarritako gizonezkoen desioren azaleratzearen historiaz mintzo den parabola bat besterik ez da.

* * *

Ez da harritzekoa, beraz, emakume eredu honen aurrean XIX eta XX. mende hasierako emakume idazleen adierazpenek eromenaren bidea har zezaten, alegia, Anne Brontë-ren La arrendataria de Wilkdfell Hall (1848), edo Charlotte Perkins Gilman amerikarraren 1892. urteko El papel de pared amarillo ipuina, edo Caterina Albert-en La infanticida obraren eromenaren eredua, Sandra M. Gilbert eta Susan Gubar-en azterketak, The Madwoman in the Attic (1979), indarrean jarri duen eredua har zezatela.
Idazle katalana guztiz kontzientea zen haren disidentzia bikoitzaz. Batetik, «emakume batentzat, idaztea edozein astakeri egitea baino laidogarriagoa den lurralde honetan –idazten dio Joan Maragall-i – » (OC.:1786) idaztera ausartzeagatik.
Bestetik, jaso zuen presio handiarengatik eta zenbait intelektualen sektoretatik baztertua izanagatik ere, eremu tematiko berdinarekin jarraitzeagatik. Solitud –en arrakastari zegokionez, halako batean honako hau adierazi zuen:

Nik dakidala, momentu hartara arte, landetan eta mendian bizi den oinarrizko humanitatearen azterketan ez zen idazlerik barneratu. Haien janzkeragatik soilik desberdindu zitezkeen ohizko tipoen gaineko nekazal nobelak egiten ziren. Ni egiatia izan nintzen, arima primitibo batzuk agerian uztearen ideiari fidel. Besterik gabe.» (OC.: 1751)

Izan ere, bere obra narratibo guztia emakumezko pertsonaien sakontze lan bat bailitzan uler dezakegu, bai nekazal drama desberdinetako emakumezko protagonisten bidez, nola bakarkako bizitzari ekiteko gai izanik, gizona eta etxea uzten duen Milaren gisako emakumeek,
Solitud-eko protagonistak, agertzen duten desafio eta independentziaren bidez.

* * *

Literatura eta artearekin batera, Empuries-ekiko, Empuries-eko aurriekiko (dagoeneko XX.(1) mendean halaxe izendatzen ziren) miresmena aipatzekoa da, bere zaletasun artistikoen konkrezio gisa ulertu izan daitekeen pasioa baita. Idazleak berak adierazten du, txikitan, urtemuga edo santuaren egunean lortutako dirua salmentan jarritako hala nola topaturiko objektuak erosten gastatzen zuela. Denborarekin, bere landetan indusketak egin zituen, Cinc Claus nekropolisaren antzera, eta bilduma garrantzitsu bat izatera iritsi eta kontu hauetan aditu bihurtu zen, jakitunek ere kontsultak egiten zizkiotelarik. Ohikoa izaten denez, ordea, egintzak nahastu egin ziren eta gerrate zibilaren ostean indusketetako zuzendariak, Martín Almagro jaunak, ezkutuko espoliatzaile izateaz publikoki salatu zuen, argitara eman zuen liburu batean idatzirik utziaz. Argi dago, arazo pertsonalak alde batera utziaz, arkeologia beraren historia nahiko modernoa dela. Indusketak, betidanik, kontrolik gabe egiten ziren, baina Napoleonek Egipton egin zituen espedizioen ondorioz, honako jarduera hau modan jarriko da eta XIX. mendean hondeatzaileei erositako objektu zaharren kontrolik gabeko bildumak ohiko bihurtu ziren. Empuriasen gauza bera gertatu zen, ez zen 1908. urtera arte, Pere Bosch Gimpera-ren ardurapean indusketa garrantzitsuenen antolakuntza gauzatu eta objektu bakoitza dagokion lekuan mantentzearen ideiaren garrantzia sustatzeari ekingo diote, historia eta iraganaren nondik norakoa agerian uzteko modu bakarra honako hau dela agerian uzten hasiko direlarik. Prozedurak ez dira 1931. urtera arte aldatuko Mankomunitatearen pean.
Caterina Albert bera izan zen, 1932. urteko urtarrilean, Reial Academia de Bones Lletres de Barcelona –ra sartzeko hitzaldian Empúries-en gaia ildotzat hartu zuena(berak izendatzen zuen legez: Empori). Gaiarekiko zuen atxikimendua zela eta hitzaldia gehiegi luzatu zitzaion, azkenik, literatur arloari zegozkion atalak soilik esan zituen eta gainontzekoa Ressons d’Empori izenburupean argitara eman zen Reial Academia de Bones Lletres de Barcelona-ren Boletinean, alegia, aurreko urteko udazkenean, 1922ko udazkenean, azaldu zen alean.
Idatzi zuen literatur testua izugarri, oroiterazle eta sortzaileari dagokionez, bere egunerokotasunean ere antzematen den Empúries-ekiko erlazio atabikoa aipatuko nuke. Testu osoak iraganarekiko, historia eta mantendu diren seinaleetatik atera daitezken bizimoduekiko atsegina adierazten du, baina neurri handi batean, orainarekiko lotura ere agerian uzten du; iragana gaur egunaren berriemaile gisa, adiera emaile, historia baten adierazpen gisa, bizirik dirauen lurralde eta antigoaleko kultura baten lekuko eta egungo palpitazioen partaide izanik guztiz integratua dagoen iragana agerian utziaz. Empori ama baten modura ulertua, «lotura atabiko» edo «heldutasun zaharraren osotasun» gisa dira erlazio milenari hau adierazteko darabiltzan kalifikatzaileetariko batzuk.
Bai, amak bere barnean daraman haurraren bihozkadak sentitzen dituen legez, geuk, geure ama den Empori-ren barnean geure burua bizirik eta bihozkadaka sentitzen dugu; murmurio iraunkor baten mantu babesle batek polliki estaltzen gaituela sentitzen dugu; geure odolera iragaten den hasierako bizitza hartara batzen gaituen elementuak,lotura atabikoak, gaur egungoak ez diren ereduetara batzen gaituela sentitzen dugu (...) Bai, Empori gugan bizi da eta gu hartatik eta bere baitan bizi gara, aitzinean bere monetak sortu eta zigilatzen zituen eran arima eta haragia sortu eta zigilatzen dizkigu, azalera desberdina emanez, belaunaldiz belaunaldi, norbanako bakoitzaren atzetik hurrengoa.
Ondoren, Empuries bere hilatorretik aterako duen poeta baten zain, topatutako objektu zaharrak aitzakiatzat hartuta istorio oso zaharrak dakartza gogora: zabortegira botatako ertz ugaridun harria marmol zuriko untxi txiki formadun iturburu bihurtzen da; garaiz errekuperatutako buztin zati zakar batek, beharbada, neurri ikaragarriko harriak batetik bestera garraiatuz xahututako bizimodu gogorreko etiopiar esklabo baten ezpain sentsual eta zabalak irudikatzen ditu. Eta oraindik ere, gehien maite duen objektua, negar-ontzia, negarti ofizialek hildakoarengatik botatako malkoak gordetzen zituzten botila txikitxo bat, zeina denborak ahala nahirik, gaur egunera arte osorik iraun duen.
Dagoeneko amaitzen dut, baina lehenik, idazlearen espirituaren finezia aipatu nahiko nuke, haren bake doinua, hondakinek iragazten duten goxotasun eta erosotasuna, garaiko kultura katalanaren bultzatzaile izateko gaitasun paregabea; haren idaztankeraren biolentziarekin kontrastean sartzen diren denborak leundutako harriek dakarten bake eta bizitza agerian utziz.

Eider Juni Iraolak katalanetik itzulia

---------------------------------------------------------
1. Idazlearen alderdi ezezagunetarikoa izan zen Benjamin Bofarull-ek 1992an L’Escalan ospaturiko Caterina Alberti buruzko lehenengo jardunaldietarako, Víctor Català i Empúries izenburudun lan garrantzitsua burutu zuen artean. Bertako informazioa darabilt lan honetan.