Baltasar Porcel (eus)

Xuetak

Herri Israeldarraren ondorengoen gainean esan beharra den lehenengo gauza zera da, ez dutela judutar izan nahi, edo ez direla zehatz-mehatz judutarrak. Egiazki –izan nahi dutena eta guztiek kontsideratzen dituzten legez– Mallorcakoak dira, nahiz eta mota zehatz eta bereizi batekoak: xuetak, alegia, «jueus» (judutar) hitzetik eratorria dena. Xueta izena, «xulla», hots, animalien gantz, gurin edo koipea, hitzaren desitxuratze bat delako tesia, bestalde, judutarren txerria jateko debekuari aipua egiten diona, filologikoki faltsua dela dirudi.
Esan daiteke, Xueten inguruan irlan egon zitekeen edo, oraindik ere, egon daitekeen diskriminazioak, beraz, ez duela inolako eraginik izan xuetak Mallorcakoak izango baliran kontsideratuak izateko. Are gehiago: xuetek, xueta ez den Mallorcako beste edozeinek bezala, Mallorcakoak eta Mallorcaz kanpokoak diren pertsona eta gauzen artean muga sakon bezain ezkutua marrazten dute.
Katolizismoari dagokionean ere, ez dago ezberdintasunik: xuetak Mallorcako beste inor bezain fededunak izan daitezke. Judutar jatorridun fededunen artean, gainera, fededun arruntetan topa dezakegun pietatearen areagotzea nabarmentzen da. Baliteke, ezaugarri hau haien fedearekiko zalantzek inkisizioaren ziegetara edo sute «purifikatzailera»... eraman zitzaketeneko arriskuz beteriko urte luzeetan hartutako ohitura baten erantzule izatea. Eliza-estamentuak haien aurka eraman zuen segregazioa Mallorcako gainontzekoen aurka eraman zuenaren antzekoa da.
Xueta, beraz, judutar konbertitu, denborarekin erlaxatu –hau da, Moisesen praktika eta federa itzulia– eta azkenik, berriro ere katolizismoa besarkatu zutenen ondorengo Mallorcako kristaua adiera du. Beste hitz batzutan: bataiatzera behartutako judutarra, zeina bere burua salbu ikustean Kristo ukatzen duen, baina bigarren aldiz harrapatua izan denean, baldin eta bere bizitza salbatu nahi badu, Ama Eliza Santuaren senean sartu behar dena.
Horrela, Mallorca modernoan –eman dezagun azken berrehun eta berrogeita hamar urteetakoan– xueta bat berak ere ez du bere burua Daviden semetzat azaldu... gaur egunera arte, izan ere, gutxiengo txiki batek tradizio judutarraren ezaugarri batzuk errekuperatu baititu, erlijioaren alderdi batzuk barne, haien burua Israelgo Estatuaren herrikidetzat azalduz. Talde honetan sartuko litzatekeen Nicolau Aguiló gaztea duela hogei bat urte judaismora aldatu zen, zirkunzidatu, eta Israelgo ortodoxiako talderik erradikal edo garbizaleenean sartu zen. Haren familiaren iritziaren aurka, noski, zeina Mallorcan jarraitu zuen fede katolikoaren barnean.
Mallorcan, judutar konbertituen ondorengoak ezin izan dira inoiz oharkabean pasa. Ez dute, baina, haien ezaugarri fisikoek zeregin honetan ikusteko handirik; nahiz eta, sudur konkor edo luze eta begi urtsu ugari egon, hau da, odol bereko gehiegizko nahasketa jasan duten talde etnikoetan ohikoak diren ezaugarri guzti horiek; bestalde, Mallorcako ghetto material edo moralean gertatu denaren adierazle besterik ez dena. Xueta baten bereizgarri irmoa haren abizena dugu.
Hurrengo hamabost abizen hauetako bat edo bi daraman oro xueta da: Aguiló, Bonnín, Cortès, Forteza, Fuster, Martí, Miró, Picó, Pinya, Pomar, Segura, Tarongí, Valentí, Valleriola eta Valls. Nahiz eta, praktikan, hamahiru edo, baliteke, hamabi abizenetara murriztuak geratu diren: gaur egun, Valleriola abizena desagertzear baitago, Valentí abizenaren lotura judutarra arras ahaztu delako, eta Martí abizena bide berdinetik doalako.
1955. urtean egindako estatistika zehatz batek, irla osoko biztanleen kopurua 348.702koa izanik, abizen xueta zuten 9.578 pertsona jasotzen zituen. Hau da, biztanle kopuruaren ehuneko 2,73a. Gaur egun, Mallorcak milioi bat inguru biztanle ditu, baina kontutan hartu behar da penintsulako inmigrazioak kopuru honen heren bat osatzen duela eta inmigrazio atzerritarrak beste heren bat. Beraz, ez da oso argi geratzen, proportzioari jarraituz, xueta gehiago egon beharko liratekeen. Era berean, Mallorcakoak ez direnen artean xueten arazoa ez da antzemangarria, eta garai aldaketak, globalizazioak nahiz Espainiako egoera orokorraren eraginak, iritsi berri den jendetzarekin batera, arazoa, irlako eremu tradizionalenetara mugatzen dute.
Izen «gaitzesgarrien» jatorria ezagutzeko, Mallorca eta Balearretan bizi izan diren judutarren historiaren iturrietaraino jo behar dugu beronen garapena arinki aztertzeko. Zabaleran bigarren irla den Menorcatik hasita, esan dezakegu, duela mende batzuetatik hona arazoa ezezaguna egiten bazaie ere, geure garaiko V. mendean izugarrizko astinaldia jasan zuela: Sever apezpikuak Mahoiko judutar koloniaren kontrako gurutzada basati bati ekin zion, indarraren erabileraz, bostehun pertsona baino gehiago konbertitzera behartuz.
Gertakariaren lekukotza luze bezain ederra geratu zaigu: gertaeren ikuspuntu pertsonala ematen duen Sever berberaren eskutitz bat, alegia. Hona hemen paragrafo bat: «...mentre a Iammo no gosa, ni fins anant de pas, habitar-hi cap jueu –els quals per la seva ferotgia i malícia són comparats als llops i a les guineus–, contràriament, Mago (Maó) estava tan infestada de tants jueus –que són com serpents i escorpins–, que diàriament l’església de Crist es veia mortificada per ells».(1)
Eivissan, XV. mendean, eliza-epaitegiek, ezkutuan judu bihurtzearen susmagarri ziren konbertitu batzuk epaitu zituzten. Mallorca da arazoa estratifikatu den gunea.
Seguruenik, aitzina-aitzinetik egon ziren judutarrak Mallorcan. Dokumentuetan ikusten da, XII. mendean komertzialki mugimendu handikoa zen Madinat Mayruqa-n (orduan Islamak gobernatzen zuen Palma hiriari emandako izen arabiarra) ghetto bat existitzen zela. Irlako monumenturik zaharrena ere, erromatar monumentuez gain, noski, Palmako Bainu Arabiarrak izenez ezaguna bada ere, hots, hiru gela txiki eta bainu publiko batek osatzen duena, egiazki, judutarra da.
1229. urtean Jaume I erregeak Mallorca konkistatu eta katalan nahiz proventzalez birpopulatu zuen. Judutarrak irlan geratu ziren, baina haien auzunea Domingotarrei eman behar izan zieten berauen komentu ederra eraiki zezaten. Oraindik ere, bitxi- denden negozioan aritzen diren xueta asko bizi diren Call eta Argenteria kaleak, dagoeneko, judutar auzoaren parte ziren, eta ondoan, beraien zokoratzerako jasotako eraikin berriak zeuden, zeintzuetarako sarbidea, XIX. mendean barne, kateekin ixten zen.
Kolore anizdun mundu honetatik, nabigazio bideak ezagutzen ari ziren Erdi Aro hartan, aparteko kartografia eskola sortu zen. Mallorca, Ipar Atlantikotik joan-etorrian eta mendebaldeko Mediterraneoko Ipar eta hegoaldeko itsasbazterren arteko trukaketan zebiltzan barkuak elkartzen ziren ardatza zen. Palman, merkataritza ontziteri propioa nahiz atzerritar barkuen gordailu eta pleita, hala nola, esklaboen merkatua, garrantzizkoak ziren. Ez da harritzekoa, beraz, lehen eskuko albisteen jabe izaki, judutar haiek –garai hartarako- bikainak ziren nabigazio kartak idatzi izana. Cresques-ei egotzi izan zaien 1375ko Pariseko L’Atlas català, seguruenik, sail honetako lehena da. Sagreseko Eskola Nautikoa, ere, bataiatu ondoren Jaume Ribes izena hartu zuen Mallorcako judutar batek zuzendu zuen. Honako eskola hau, bere itsaso-inperioa sortuko zuen aparteko portugaldar gestaren sorreraren arduradun kontsideratzen da.
1391an gertatu zen irlako judutarrentzat lehenengo hondamendi handia : gizarte errebolta batzuk aljamarantz bideratuak izan ziren, azkenik, suntsituak izan zirelarik. Dozenaka hildako eta ehunka konbertitu egon ziren. Arraza bereizgarri gisa, judutar guztiek bular gainean oihal gorri eta horiz egindako borobil bat eraman zezaten ezarri zen. Gainera, emakume kristauei,
judutarren auzoan sartzea debekatu zitzaien eta judutarrei «on» tratamendua ukatu zitzaien.
1435. urtean erreboltak errepikatu ziren, honako honetan hedadura handiagoz eta motibo fantastiko batek bultzatua: alegia, judutar batzuek Jesukristoren pasioa eta heriotza beren esklabo mairu batekin antzeztu nahi izan zutelako. Atxilotuak eta tortura-zalditan lortutako kulpa konfesioak egon ziren. Beldurrez beteak, batzuk bizirik erreak izan zitezen kondenatu zituzten, eta gainontzekoek, ehunka zirenak bestalde, aho batez bataioa eskatzen zuten. Santa Eularia elizan bakarrik, bi egunetan berrehun pertsona baino gehiago bataiatu zituzten. Gertaera izugarrizko sarraski batean amatzekotan egon zen orduko apezpikuak, Gil Sancho Muñozek, guztia multa eta errabino liburuen erreketarekin amaitu zedin, grinak lasaitzea lortu izan ez balu. MalIorca judutarrik gabe geratu zen: denak konbertitu egin baitziren.
Gauzak honela, Errege Katolikoek haien koropean Espainiako erreinu guziak batu ondoren, 1478an inkisizioa sortu eta 1492an judutarrak kanporatu zituztenean, honako ezerk ez zuen Mallorcan eraginik izan, alegia, lehen esan bezala, bertan ez zen ofizialki judutarrik geratzen. Paradoxikoki, hemendik sortuko zen arazo xueta: irlako mundu itxian, konbertituen familiak ezagutzen zituzten eta baita zelatatu ere; hauen judaizatzearen susmo txikienaren aurrean, ustezko errudunak atxilotu eta, kasu gehiegitan, sutara eramaten zituzten: 1493, 1494, 1500, 1501, 1504, 1506, 1508, 1510, 1513... sute «purifikatzaile» urteak izan ziren. Sute hauen zergatian, Inkisizioak beretzako gordetzen zituen atxilotuen ondasunen konfiskatzeak ere, zeresanik izan zuen. 1488. urtean, adibidez, 280 kristau-berri atxilotu zituzten, eta heriotzatik libratu ahal izateko, Moisesen fedearekin edonolako kontaktuari uko egiteaz gain, 10.560 librako kopuru ederra ordaindu behar izan zuten.
Nolabaiteko bake urteak etorri ziren. Baina, XVII. mendean dena hasi zen berritik eta 1645, 1675, 1679 eta 1691. urtean, fede ekintza ezberdinak gauzatu ziren. Zorigaiztoko suteak ezagutu zituen azken urte honetan pausatuko naiz, Ofizio Santuko Kalifikatzailea zen Francesc Garau jesuitak, gertatu zen guztia liburu batean jaso baitzuen, La Fe triunfante izenburudun liburu zentzugabean, barrokoan. Urte hartan, hirutan piztu zuten sua eta hogei eta hamabost hildako egon ziren. Gainera, hirugarrenean, hiru pertsona erre zituzten bizirik, Caterina eta Rafael Tarongí anai-arrebak eta Rafael Valls.
Lehen mailako testigua den aita Garau-ri uzten diot gertaeren deskribapena: «Dígase la verdad, que como los reducidos recibieron con ojos serenos la soga y se sentaron en el palo con ánimo sosegado, así al contrario estos impenitentes al ver de cerca la llama comenzaron a mostrar su furor, forcejeando a toda rabia por desprenderse de la argolla, lo que al fin consiguió el Tarongí, aunque, ya sin poderse tener, cayó de lado sobre el mismo fuego que huía. Y su hermana Caterina que antes se había jactado de que había de arrojarse al incendio, al lamerle las llamas gritó repetidas veces que la sacaran de allí, aunque siempre pertinaz en no querer invocar a Jesús. Ni le bastó al Valls la estoica insensibilidad afectada, que va mucho de hablar a obrar y donde llega fácil la lengua, no acompaña siempre el corazón. Mientras llegó sólo el humo, era una estatua; en llegando la llama, se defendió, se cubrió y forcejeó como pudo y hasta que no pudo más. Estaba gordo, como un lechonazo de cría, y encendiéndose en lo interior de manera que, aun cuando no llegaban las llamas, ardían sus carnes como un tizón y reventando por medio se le cayeron las entrañas como a Judas
Domingotarren komentu hartako klaustroan, kondenatu edo exekutatutako judutarren sambenitoak –Inkisizioak atxilotu zituenek zeramaten gerrirainoko kapa modukoa– zeuden eskegita. Baina urteekin ustelduz joan ziren...1693. urtean, Mallorcako inkisidore nagusiak ondare haiek garbiarazi eta «que se renueven los sambenitos de 1675 hasta hoy y no mas» manatu zuen. Abizen xueten finkatzea sortu zen: judutar konbertituen ondorengoen izen gisa, tradizioak eta argitutako zenbait baldintzek sortutako zenbait ezberdintasunekin, denboran zehar herri oroimenean iraun duten izenak dira. 1813. urtean, Gorte liberalek Ofizio Santua ezabatu eta jendetzak eraikin beldurgarri hura suntsitu zutenerako, abizen haiei zegozkien estigma ezabatzeko beranduegi zen.
Haatik, integrazioa gauzatuz zihoan. Dagoeneko XVIII. mendean, Carles III erregeak xuetek zerbitzu militarra egiteko gai zirela deklaratzen zuen. 1873. urtean, nolabaiteko oihartzuna zuten eskola pribatu eta herri eskoletan onartu zituzten. Eliza-ordena ere eskura zezaketen, nahiz eta, ixilean, kalonje nahiz bestelako eliza-aginpide karguak betetzeko debekua izan. Errenazimenduan, Marià Aguiló zerrendaren buru jarrita, xuetak oinarrizkoak ziren. Pasa den mendean, dagoeneko, aberats eta aristokraziaren aisia elkartea zen Cercle Mallorquí-ko bazkide izateko aukera zuten.
Honek, ordea, ez zuen ekiditen edozein familia xueten ezkontza bidezko sarreraren aurka agertu zedin, bereziki xueta suhia bazen: haurren lehenengo abizena aitarena litzateke... Berrogei bat urte lehenago, monjetako zenbait eskoletan ez zituzten neskatxa xuetak onartzen, era berean, ezinezkoa zen hautagai xueta batek kalonje postua lortzea. Baina demokraziaren etorrerarekin bat, Palman, alkate xueta bat ezarri zen, duda izpirik gabe herriak bozkatua atera zena; izan ere, Primo de Rivera-ren diktaduran ere, alkate xueta bat egon zen, baina honako hau inposatutakoa zen. Turismoaren etorrerak, erlijioaren krisialdiak, ikusentzunezko informazioak, ohitura aldaketek tabu zaharrak abiadura bizian baztertzen ari dira. Arazoak dirau, baina askoz ere indar gutxiagorekin, lotsarekin. Gainera, gazteei, arazoa bitxikeria gisa besterik ez zaiela inporta dirudi.
«Mallorca, perla del Mediterrani», dio abestiak. Bai, baina, ostren oskol gogor eta zimurtsuaren artean dagoen perla... Palmako erdigune turistikoan dagoen Gomila Plazako El Terreno-n egon zen Rafael Valls, «gordo como un lechonazo de cría»..., erre zuten sutea. Historia, gizakion existentzia, zorionez, aldatzen da. Gomilan tabernetako terrazak eta festa dantzaleku iradokitzaileak daude. Gaur eguneko Mallorca turistikoaren festa eta nahasketa.

Eider Juni Iraolak katalanetik itzulia

----------------------------------------------------------------
1. «...nagusiari, bidaian daudelarik ere, judutar bat berari ere ostatu ematea ez dagokion arren –zeintzuen krudelkeri eta malezia otso eta eiherazain handiekin erkatzea ahalbidetzen gaituen–; Mago (Maho) hain zegoen, suge eta eskorpioien antzekoak diren judutarrez izurriztatua ezen Kristoren eliza egunero mortifikatzen baitzuten».