Carlos Paulo Martínez Pereiro (eus)

Erraldoaiak ala ipotxac erraldoien bizkar gainean? (Anti)tradizio literarioaz

Teresa Moure eta Anselmo López Carreira mahaikide miresgarriak konkretuago mintzatuko direnez, dakidanaren arabera, eta gainera, pret-à-penser hertsitik urrun jardungo dutelako ziurtasuna dudanez, aspalditik gogoeta foro den GALEUSCAn parte hartzeko gonbidapena jaso nuenean, aipaturiko urruntasun horrekin berarekin eta berariazko tonu pertsonal eta orokorrarekin, berriro ere gai berari heltzea erabaki nuen: tradizioaren gai ezgaraiko eta interesgarria muga-espazioan eta espazio ez-autoritarioan esate-modu deskriptibo, preskriptibo eta programatikoetan. Eta halaber, tratamendua luzatzea sistema historiko-literario galegoaren tradizio(ar)en kasu konkretura hurbilduz, ezbairik gabe. Totò-k «Io non desidero, io considero» baieztatu bazuen, argi-ilunen eremuan ni zalantzakor mintzatuko naiz, intuizio boluntarista ilunaren desira eta argitasun arrazionalista argiztagarriaren artean.
Bidezkoa da, datorren hitzaldiaren iturburu urrun eta anti-akademikoa onartuz, Asociación de Escritores en Lingua Galegari esker ona ematea, bere gonbidapena luzatu izanagatik eta bere ordezkari gisa esku-hartzen utzi izanagatik baita duela urte batzuk ere hau bezalako beste foro batean: orduko hartan, eremu literarioan eta globalizazioaren testuinguru zapaltzailean, tradizioaren (ez)nahitaezkotasunaren gai polemiko eta erakargarriaz mintzatu eta eztabaidatu nintzen. Globalizazioaren testuinguru hura, gainera, puztuz joan da mendearen amaiera asaldatu hartatik igarotako espazio bakoitzean eta aurrerantzeko kultur aldietan (eta ez soilik), eta mende amaiera hartan gaur berrartzen dugu gai honetaz mintzatu baginen, orduan esandakoa gezurtatu ez denez, ez iturri ofizialetan ez iturri ofiziosoetan, ez da aldaketarik izan orduko hartan pentsatzen genuen horretan(1).
Garai hartan «iruzkintzeko» emandako «leloa»-k –Tradizio (ez)nahitaezkoa?–bazekarren, galdera baldintzatu baten pean, lehenik, paradoxazko balio aniztun izen singular bat –Tradizioak– eta bigarrenik, adjektibo bat adierazkortasun amalgama kontra-esankor eta bikoitzean –Nahitaezkoak edo ez nahitaezkoak?
Zintzoki esan beharra dut, hau idazten duenaren ikuskeratik, proposaturiko galdera hori erretorikoa litzatekeela bakar-bakarrik geure egungo idatzien –euskaldunak, katalanaka eta galegoak– tradizioaren izaera nahitaezkoaz galdetuko balu globalizazio berdintzailearen testuinguru azpiratzailean; hau da, doitasunez jokatuz, grosso modo, hitzaurre honetan hau esan behar dut: gure esparruetan (eta ez hauetan bakarrik) tradizioaren izaera nahitaezko horren inguruko zalantzarik ez dugu. Era berean, hasierako jarrera hau dela-eta harrikatua ez izatea espero dut, Pitagoras-en dizipulu hari gertatu bezala –zinezko «filosofia- iheslari»-: egun batean kalera atera zen harmonia unibertsalaren amaiera iragarriz eta jendetzak harrikatu egin zuen. Hartara, argudiatzen eta ondorioztatzen saiatuko naiz, funtsean zantzu- eta erreferentzia-adibidearen bide asistematikotik abiatuz.
Eta harrikatzeaz mintzo naiz, esandakoak esanda ere, galderan bertan balizko erantzunaren dikotomia azalaratzen duelako eta hartara, gure begien aurrean galdetzen denaren aurreko adostasun eza eta erretorikotasun eza adierazten dituelako. Are gehiago, «tradizio» hitza –gure ustetan, berbaren dohain doilorrarengatik–gaur egun modu gutxiesgarrian antzeman ohi da, ebazpena bere ez nahitaezkotasunaren alderantz makurtuz hein handiago edo txikiagoan. Horregatik, beharbada, «tradizio literario» termino ohiko eta mukerra literaturaren ikaskuntza semiotikoek proposa-turiko «memoria literario» terminoengatik ordezkatuko bagenu, lehen izendapen horrek duen jite gutxiesgarria nolabait eztitu liteke.
Hainbat literaturen historietan barrena eginiko ibilbide arin eta azkar bat nahikoa da memoria literarioaren inguruko honako egoera hau antzemateko: zenbaitetan, garai jakin batzuetan tradizioaren, segidaren, ezarritakoaren, klasizismoaren edo kanonikoaren printzipioa pribilegiatu egiten da; besteetan, antitradizioaren, hausturaren, berritasunaren, jatorrizkotasunaren eta ihardespenaren printzipioa pribilegiatu egiten da. Beraz, abstrakzioz errealitate zeharo konplexu eta aldakorra soiltzen ari garela argi dago, izan ere, aipaturiko bi balizkoetan, gradu- eta intentsitate-ezberdintasunek idealizaturiko bi muturren arteko elkartze-aukerak aniztu egiten dituzte ad infinitum: batetik, obedientzia eskolastikoaren segida, eta bestetik, desobedientzia libertarioaren ikonoklastia.
Honela, printzipio generiko hauek historian zehar izandako erabilera argitze-bidean, eta faire le point orokorrik bilatu gabe edo «auziaren egoera»(2) zehaztasunez jasotzeko asmorik gabe, ukaezina dirudi honako zehaztapen hauxe: batetik, «tradizio literarioaren printzipioa»-ren jarduerak beti «tradizio literario konkretu eta partikular» bat egiten du bere; bestetik, «antitradizio literarioaren printzipioa»-ren jarduerak beti honako bi jarrera dakartza, bai «tradizio literario partikular eta konkretu» baten aurkako erasoa eta baita beste tradizio bat, halaber, konkretu eta partikularra, bere egitea, oro har «antitradizioaren tradizio»-tik jasoa. Hau da, tradizioa aniztu egiten da aukeretan (ezin beste modu batera izan, bestalde) hautaketa-printzio baten bitarte-karitzak gidatzen duelako aukerako kidetasunen bilaketa zentzu horizontalean nahiz bertikalean, baieztatzaile edo ukatzaile.
Hitzaldi honen ibilbidea literatura galegoaren –baina baita portugesaren eta brasildarraren (eta ez bakarrik)– adibidez adieraztea baimenduko didazuelakoan naiz. Hiru hauek oso egoera ezberdinetako literatura paradigmatikoen ad hoc harturiko adibide dira, hizkuntz sistema berean, baina gizarte-, kultura-, espazio- eta denbora-baldintza ezberdinak dituzten sistema literarioetan txertatzen direnak.
Honela, lehen kasuan («tradizio literario konkretu eta partikular»-ean), adibide gisa gogoraraz genezake Lusitaniako arkadiarren «mandarin»-a, Correio Garção idazle portuges neoklasikoa: beronentzat –Aguiar e Silvak(3) zuzentasunez esan bezala– tradizioak behinolako Horazio edo António Ferreira urruna, Boileau eta Racine hurbilak biltzen zituen, baina baztertu egiten zuen Camões «redondilha» zalea (Erdi Aroko eta jatorrizko tradizioaren «medida velha»-tzat hartuz), eta baita Jerónimo Baía barrokoa ere, Gracián edo Góngora ez aipatzearren.
Bigarren kasuan («tradizio literario konkretu eta partikular» baten aurkako erasoa eta beste baten bere egitearen «antitradizioaren tradizioa»-n), Mário Cesariny surrealistaren adibidea aipa genezake: bere tradizioan kordel-literatura, Bocage «arcadiar- (aurre)rromantiko»-aren poesia erotiko-satiriko heterodoxoa, Almada Negreiros xume edota arrunta, edo Angelo de Lima eldarniozalea, baina baztertu egiten ditu Eça de Queirós errealista, ia Orpheu osoa (Fernando Pessoa buru) eta Presença osoa edo, bereziki, neorrealismoa bere osotasunean.
Eta zer esan Luís de Camões bati buruz eta «descoberta»-en itsas-literaturaz Hermann Melville edo Tomás Moro-ren tradizioan atxikiak; Rosalía de Castro bati buruz, Camões bere egiten duena, baina ez Carolina Coronado; Barcia Caballero bati buruz, rosaliar epigonoa, zuzentasunez Sá Carneiro, Fernando Pessoa eta Almada Negreiros-en balioa estimatzen duena; Cunqueiro bati buruz, bere mundu literarioan herri literatura galegoa, mito (aurre hamletiarrak edo (Divina) Comedia-ko idazkera danteskoa, italiar «trecento»-tik «cinquecento»-ra edo «Erromako eskola»-ko literatura faxista eta esteticista (italiarzale izanagatik) iradokitzen dituena; Rubem Fonseca edo Clarice Lispector bati buruz, hurrenez hurren, eleberri beltz iparramerikarra edo Bibliako idatziak kanibalizatu egin dituztenak, lehenak, egungo gizarte karioka asaldatuaren inguruko idazketa bortitzaren bitartez, eta bigarrenak, eme-barrentasunaren ernatzearen bitartez; Carles Riba bati buruz, gazterik maitasunez Erdi Aroko kantiga galego- portugesetan edanez, eta abar. Hauek guztiek, bistakoa da, albo batean utzi dituzte beste hainbeste tradizio posible, igaro direnak (urrunak zein hurbilak) edo gaur egungoak.
Are gehiago, (anti)tradizioak bere erreferenteak gaur egungo eremuan edo iraganeko eremuan bila ditzake,hartara, idazle zein irakurleentzat «testuinguru bertikal» nahiz «testuinguru horizontal» gisa funtzionatuz. Modu honetara, adibide bezala, gogoraraz dezagun futuristen-obra berrietan erreferenteak bilatzen zituztenak– eta dadaista, surrealista edo antropofago brasildarren (beste asmo batekin) arteko ezberdintasuna, azken hauek iraganeko obran ere tematsu eta sistematikoki berritasuna bilatzen zuten-eta. Hortaz, Apollinaire-k «iragana aztertuz, adibideak topatuko direla» defendatu zuen, eta Tzara-k «obra zahar bat bere berritasunagatik» maite zuela adierazi zuen.
Baina, baiezta dezagun beraz, honezkero eta biribiltasunez, tradiziorik (edo memoriarik) gabe literaturak (edo sistema literarioak) ez lukeela funtzionatuko, eta ondorioz, amnesia in litteris ez da existitzen modu partzialean ez bada edota hautazko moduan, eta idazle «adanikoa» eta idazkera «edenikoa» historikoki fantasia boluntarista gisa agertu izan direla. Kontuan har dezagun, bada, «antitradizioa» bera ere paradoxikoki beste «tradizio» batez baliatzen dela, iraganeko edota orainaldiko idatzizko memoriarekin harremanetan funtzionatuz. Gogoan izan dezagun, beraz, literarioaren dinamika zedarritzen duten idazketaren eta irakurketaren eragiketa funtsezkoenak ikasketa prozesu bat eskatzen dutela, «irakurketa»-ren ikasketa; azken berba honek, bide batez, memoriaren ideiari egiten zion erreferentzia jatorrian.
Bestalde, agerikoa denez, badira hainbat mendetako idazketa literarioan zehar agertu eta berragertu egin ohi diren hainbat osagai: horra hor, dibertsifikatze konstante eta inbariante zenbait, jatorri anitz eta ezberdina izanda ere, sistema literario bertsuan elkartu egiten direnak, esaterako, topoi edo loci communes deiturikoak, zentzu zabalean kontuan hartu beharrekoak.
Tradiziozko jitedun elementu tematiak bailiran agertzen dira, nahiz eta garai edota joera bakoitzaren baitako gizarte-testuinguru eta testuinguru estetiko-historikoa badela partzialki onartu izan den.
Zentzu honetan, forma finkoen iraunkortasunaren konstante txikien adibide paradigmatikotzat har genitzake datozen hauek: kutsu petrarkista duen sonetoa, edo sextina-ren aldizkako (berr-)agerpena (Arnaut Daniel-etik Bernardim Ribeiro-ra, Camões-era edo Joan Brossa-ra eta Marica Campo-ra), tradiziozko jitea duen sinbolismo naturalistaren iraunkortasuna (Pero Meogo-tik, Pondal-era, Álvarez Blázquez-era, Cunqueiro-ra, Eugénio de Andrade-ra edo García Lorca-ra), eta abar.
Bestalde, tematika orokor eta zabalagoen biziraupentzat har genitzake honako adibide hauek –eta mendebaldeko idazketaren hasierako sorkuntzei soilik erreferentzia egitearren, konkretuki gure tradizio literarioan hainbesteko eragina izan duen Berant Erdi Aroko garaiari begiratuko diogu–: emakume konpositaren narratiba melusiniarren oihartzunak («Dona Marinha» berezi eta errealista galegoa eta «Dama de Pé de Cabra» konbentzional eta irrealista bizkaitarra Erdi Aroko galego-portugaldar leinukoa, edo ezkontzaren aurkako tesi goethiarrari moldaturiko «Nova Melusina», edo «Serea» nordiko oteriarra jite alegoriko- politikoduna), maitasun pathosaren gure ikuskeran etengabea den trobadorismo-petrarkismoaren iraupen tematia, denborak denbora eta lekuak leku, igarotako mendean korrente poetiko neotrobadoreska galegoek(4) ekarritako jabetze gaurkotu eta berritzailea (nahiz eta batzuetan fosiltzaileak izan, esaterako, Álvaro Cunqueiro edo Uxío Novoneyra-ren kasuan),(5) «Bretainiako gaia»-ren istorio taigabearen inguruko erreferentzia (Ramón Cabanillas poeta, Álvaro Cunqueiro eta Xosé Luís Méndez Ferrín fikzio-egileak edo Manuel Lourenzo antzerkigilea), eta abar.
Alde batetik, «metatradizio literario»-aren itzal zabalaz mintza gintezke, eta hona hemen paradigma izan zitezkeen zenbait adibide: Camõesen mitoa Almeida Garrett edo José Saramagon; António José da Silvaren «O Judeu» Bernando Santarenon; Gregório de Matosen «Boca do Inferno» Ana Mirandan; edo Rosalia de Castrorena Otero Pedrayon eta hainbat eta hainbat poeta galegoetan.
Beste alde batetik, hizkuntz sistema galego-portugesaren –eta ez literarioaren– baitako «intratradizio literario» gisa izenda daitekeenaz ere mintza gintezke, eta hona hemen zenbait adibide: mende honetako lehen hamarkadetan antzerki naturalista portugesean oinarrituriko antzerki galegoaren berritze saioak aipagarri dira; edo Angolako antzerkiak Castelaoren Os vellos non deben de namorarse bere egin izana; edo Gonzalo Navazaren Erros e Tánatos en nabari den ipuingile eta joera narratibo brasildarren eragina; edo Cabo Verdeko Claridade mugimenduan abangoardia «verdeamarela» antropofagiko paulistak eta narratiba nordestinak –Afrikako oraturaren tradizioarekin elkar hartuz– duten garrantzia, eta oro har, narratibaren eraikuntzan(portugesez idatzita edo Babakosa «popular»arren ronga moduko Afrikako hizkuntzetan idatzita) baita Cabo Verden, Angolan eta Mozambiken ere.
Baina, tradizio aldakorraren(6) adibide-emate kaotikoa alde batera utzi, eta gure sen onez, tradizioaren berezko eta arrotz parametro konbentzionaletan hitz egin dezagun.
Zentzu honetan, 1920ko fenomeno abangoardista antropofagiko brasildarra aipatzeko parentesi bat irekitzen utz diezadazue, izan ere, mintzagai den testuinguruaren eredu aipagarria da-eta. Bertako kideak, antropofago bikain horiek, «iragana» (irantsiz eta irainduz), «abangoardia» (onartuz), «indijenista» (pribilegiatuz) eta «tradizioa»-ren (berrituz) alderdi oro kontuan hartuz, kanibalismoaren eta irenste berde-horiaren (brasildartzaile) bitartez berezkoaren eta arrotzaren arteko sintesi teoriko eta jardun literarioa lortu nahi izan zuten –hein handi batean lortu zuten-; lekukoa eta kosmopolita, tradizioa eta antitradizioa, periferia (brasildarra) erdigunerantz goratuz kopernikoki eta metropolitar erdigunea (portugesa eta europearra)periferia bazterrekorantz ekarriz, hori bai, Brasileko elite eta kultur stablishment gorenaren baitan. Prozesu hau guztia «telurismo birsortzailean oinarrituriko tradizio imaginario eta errealen bilaketara» bideraturik zen. «Pobreen abangoardia ziren, iraintzeko aurretiko tradiziorik ez zutenak, eta bere tradizio propioa sortzea aukeratu zutenak». –Basilio Losadak (1999: 901)defendatu bezala.
Abangoardista antropofago brasildar hauek Japy-Mirim-ek (Oswald de Andrade?) 1929an enuntziaturiko aforismo ikurraz baliatzen ziren: «Jainkoa lekuan lekuko fenomenoa da. Eguraldiaren arabera aldatu egiten da. Jainkoa udal-izpiritua da». Edo, urtebete lehenago (Oswald de Andraderen «Manifesto Antropófago»-an) honakoa defendatzen zuten: «Usadiozko iturri den memoriaren aurka. Berrituriko esperientzia pertsonala». Gu geu –anakronis-moak sorturiko urruntze guztiak kontuan izanda– arestian aipaturiko Livro de Linhagens do Conde D. Pedroren Erdi Aroko Marinha galegaz balia gaitezke tradizio-joera orokorrak bereganatzeko orduan baldintza partikularrek eta lekuko baldintzek duten garrantzia adierazteko, eta garai batean –hainbat eredu eta hainbat (auto)mugatze sorkuntzarako agindu eta abiapuntu zirenean, itxuraz itogarri– arrotzaren jabetzea jatortasunetik egin litekeela adierazteko (1999: 29-61).
Utz dezagun hemen gure hainbat historia literario(ar)en berrikustea eta azpimarra dezagun tradizioaren (memoriaren) nahitaezko izaeraren sineste (morala). XII. mende betean Erdi Aroko sorkuntza eta sortzaileen inguruan Bernardo de Chartres- ek eginiko baieztapen ezagun hura (bere dizipulu Xoan de Salisbury-k igorria) geure egiteko tentaturik gaude. Baieztapen hartan honako hau defendatzen zen: «Erdi Aroko sortzaileak erraldoien bizkar gaineko ipotxak zirela, eta hartara, haiek baino urrutiago dakusate; ez ikusmen sakonagoa izanagatik edo altuera gehiago izanagatik, baizik eta haien sorbalda gainean igota egoteagatik». Dena den, gure ustez, izenburutik proposaturiko galderak berak –Erraldoiak ala ipotxak erraldoien bizkar gainean? Erdi Arokoa baino erantzun anitzagoa, nahasiagoa du eta ez du adierabakarra gurutzatzen: bagara eta izan ginen erraldoiak erraldoien bizkar gainean, eta aldi berean ipotxak erraldoien bizkar gainean edota erraldoiak ipotxen bizkar gainean eta aldi berean ipotxak ipotxen bizkar gainean.
Aurretiko aipamen hau, E. Baumgartner konkretuki Tristán en prosa aipatzean aipaturiko ideiarekin osatu nahiko nuke: «Erdi Aroko egile batentzat, obra bat idaztea, sortzea, ez zetzan gai berriak, egoera berriak asmatzean, baizik eta, gehienetan, forma berri bat, zentzu berri bat ematean tradiziozko materia bati». Nire ustez, gaur egun paradoxikoki Erdi Aroko sorkuntzak zuen tradizioaren ikuskera honetatik gertu koka gintezke –eta barkatuko zait beste iritzi posible eta beharrezko batzuen aurrean tabula rasa egin izana–, oraindik ere funtsezkoenean indarrean dena. Tradizioaren «naturaltasun»-etik eta originalaren ikuskeratik ustez urruntzen gaituen amildegiaren faltsukeriaz ohar gaitezen –erreala eta objektiboa baino agerikoago eta boluntaristagoa dena–, adibide bat nahikoa izango da: Abbadón el exterminador liburuaren «Ideas de Quique sobre la nueva novela» atal ironikoa berrirakurtzearekin nahikoa da, bertan Sábatok geure berrikuntzarako irrika barregarri uzten du, «eleberri berezi» bat egiteko prozeduren errezetategia eginez. Azken batean, literaturaren giza-mundu eta mundu apartekoaren eremuan mugitzeko aurrerakuntzaren mito modernoa zein adinen mito klasikoa albo batera utziz, idatzizko sorkuntzaren bilakaera funtsean tradizioaren parametro makurretan mugitzen da oraindik ere. Eta bilakaeraz mintzo naiz, bilakaera prozesuaz –eta ez aurrerapenaz, edo prozesu iraultzaileaz– literaturaren bilakaeraren azterketak paradoxa xelebre anitz, batetortze ugari eta atzekari ezusteko bihurriak dakartzala jakitun izanda: bestela, nola azaldu nahitako errimek sorturiko Mallarmeren oihartzunak eta deskonposizio onomastiko-interpretatiboak (Vasco/jusqu’au) –modernolatren harridurarako– jada Erdi Aroko trobadore galego-portugesetan ageri izana, Lugoko Joan Romeu edo Ferroleko Fernando Esquío-ren sorkuntzetan bezala (Elvira/el vira)?
Bestela, nola azaldu bertso-libre «modernoa» eta poetizaturiko egunerokotasunaren tematika «garaikidea» ildo abstraktu programatiko gisa ageri izana eta baita aipaturiko Correia Garção arcadiar neoklasikoaren gauzatze poetikoetan? Nola azaldu bestela... ?
Barka ezazue neure baieztapen hauen biribiltasuna, eta emandako adibideen partzialtasuna, baina anciens eta modernes arteko Querelle, antici eta moderni artekoa, «zahar» eta «moderno»-en artekoak sarritan tradizioaren ukatzeak dakarren tradizioaren baieztapena estali egiten duelako ustea dut, beharbada, edozein idazlek bere aitzindari handi eta itzelen aurrean sentitzen duen «eraginaren irrika edipoarrari erantzunez» (Harold Bloom-ek argiki adierazitako tesia, gaur egun kanon «globalizatzaile» baztertzailearen «egile» dena).
Gutxienez, bada, tradizioaren izaera nahietaezkoaren inguruko hiru baieztapen aipatu ditut (San Pedroren hiru ukatzeekin paraleloan), eta hartara, akaso, jada gogoeta heteroklito hauen bitartez eta adibide asistematiko hauen bitartez zer ondoriozta daitekeen galdetzeko garaia iritsi da.
Agian, oso gutxi ondoriozta genezake edo ezer ere ez, baina gure ustez, hiru oinarrizko iritzi hauek laburbil genitzake eta jite desideratibo eta konklusiboaren arabera modulatu:
PRIMO, eta garrantzitsuena: tradizio propioen birjabetzearen beharra –defentsa gisa– eta egokitasuna,eta arrotzen birjabetze kritikoa –batean eta bestean gaurkotzearen aldeko jarrera izanik–galegoaren moduko sistema literario batean (eta baita -uste dut- euskaldun eta katalanean), izan ere, hein batean ez dira erresistentziaren eremutik atera sistema literario espainiarraren edo zantzu anglo-saxoidun «supersistema» globalizatzailearen makina boteretsuen aurrean.
SECUNDO, eta interes handikoa da: sistema literario propio eta funtzionalaren zaintza, geure buruak irensteko, arrotza kanibalizatzeko, geure burua ezberdintzeko gaitasunean ere finkatzen da, besteak beste, eta gure literaturan hau emankorra da tradizioaren eremu zabal eta forma-aniztunean, edo memoria literario aldakorrean.
TERTIO, eta salaketa gisa gatazkatsuena: tradizioen gutxiespena eta ez nahitaezkotasuna baieztatzeak, premisa idealistak eta faltsuak sostengatu egiten dituenez-historiak erakutsi bezala eta, dakigun bezala, historia zorionez oraindik ere ez da bere amaierara iritsi–, memoria propioa bertan behera uztea eta zenbait memoria arrotzen inposaketa zuzendu eta akritikoa ekarriko luke, globalizazioaren mekanismo aberrigabeek balioztatzen dituenak.
Tradizioaren inguruko hitzaldi honekinbukatzeko, «erakuske-ta botaniko»-tik (loreztatu eta loreztatzaile izanagatik) urruntzen saiatu naiz –eta lortu izana espero dut–, eta denbora- eta espazio-muga kontuan hartuz, «laborategiko erakusketa» antzua ekidin dugu (aipaturikoaren bibisekzioaz), tradizioak (tradizioa zein antitradizioa) feux reciproques-en (Mallarmé-k aipaturiko haiek, dantza eta poesiari erreferentzia eginez) bitartez argitzen direla modu orekatu batean erakutsi nahi izan dut: elkarrekiko nahitaezkoak izanda tenka dialektiko aberatsean.
Zuen pazientzia eta arreta eskertuz, berbaldi kaotiko honetan aurkezturiko ideietan malgré moi txertaturik geratu naiz, baita zuen aldez aurretiko antolaketa eta antolaketa partzialaren aurrean, eta hartara, nire mahaikideek (zein bertan gauden guztiek) euren mintzaldi irrikagarri eta partikularren bitartez nahi izan den hau objektibatzea espero dut, nahiz eta hasiera batetik onartu beharra dugun –izan gaitezen zintzoak!– subjektiboa dela, eta gutxi zehaztuta ere,aldez aurretik polemikoa etaadostasunezkoa dela. Dena den, neure harrikatzea –metaforikoa besterik ez bada ere– ekartzeko bezain polemiko ez izanaren itxaropena dut.

Iratxe Retolaza Gutierrezek galegotik itzulia

-----------------------------------------------------------------

1. Mintzaldi hau funtsezkoenean «És la tradició (im)prescindible?» lelopeko hitzaldiaren aldaera berri bat da –eta orduko hura jada moldatua, bestalde, oso hedapen eskasarekin argitaratu zena Universitat de Barcelonako Basilio Losada irakaslearen omenezko bilduma batean (Martínez Pereiro 2000: 515- 522)-. Hitzaldi hura Morellako Udaletxeko Areto Gotikoan aurkeztu zen 1999eko azaroaren 6ean, Josep Ballester zen mahai hartako buru, eta bertan parte hartu zuten antzeko mintzaldiekin Gabriel Janer Manilak eta Ur Apalategik. Orduko hartako «in(ter)bentzio literario» hura «XIX GALEUSCA (Encontre d’escriptors gallecs, bascos i catalans)»-aren parte izan zen, «La globalització i les literatures» gaiaren inguruan País Valencià-n –Castelló de la Plana eta Morella-antolatu zena, 1999ko azaroaren 4tik 7ra, eta Associació d’Escriptors en Llengua Catalana-k antolaturikoa.
2. Orain (eta lehen) esandakoaren jatorrizko erreferentzia-markuaren alderdikeria ez dugu erlatibizatu nahi, nahiz eta spinozista on batek –eta ni neu halase izaki- beti gogoan izan ohi duen honako hau: egia partziala nolabaiteko faltsukeriaren baliokide da.
3. Aguiar e Silvaren lana askatasunez baliatuko dugu mintzaldi heteroklito honetan eta bertara jotzeko gonbidapena luzatzen dugu ‘tradizio’-aren eta ‘memoria’-ren inguruko premisa eta iritzien inguruko aurkezpen sintetiko eta sistematiko baterako (Aguiar e Silva 1990: 64-67).
4. Ezin aipatu gabe utzi honako paralelismo eztabaidagarria: neotrobadoris-moaren jabetze-molde nahiz moduen, eta aparteko eta sakabanaturiko saio modernizatzaileen arteko paralelismoa. Hona hemen saio hauetako zenbait: Troubadours (Roubaud 1975) eta Es trobairitz (Giraudon & Roubaud 1978); edo Henry Deluy-k zuzenduriko Pariseko aldizkari mitikoan, Action Poétique erabilitakoa; edo konkretismo brasildarrak landu duen Erdi Aroko trobadorismo probentzal eta galego-portugesaren inguruko sorkuntza, eta bereziki, Augusto de Campos poeta.
5. Azken egile honetan, plastikoaren jabetzera ere heldu ziolarik, bere molde kaligramatiko interesgarrian, italiar jatorrizko kantiga apografo «quinientista»- en eskuizbribuaren grafismoaren trazu eta oihartzunak txertatuz, izan ere, hauek izan ziren, ezagun den bezala, Erdi Aroko trobadorismo galego- portugesaren igorle nagusiak.
6. Hemen bertan, esaterako, Adolfo Bioy Casares-en iritziaren aldeko defentsa axiomatikoa oinarri duen ikuskera gora genezake, izan ere, haren ustetan idazleak jasan dezakeen eraginik txarrena norberarena da-eta.